euskaraespañol

Eguneko irudia

Suizidio-portaerak ohikoak dira harrera-egoitzatako nerabeengan

Euskal Herriko harrera-egoitzetako nerabeen inguruan egindako ikerketa baten arabera, % 26,5a bere buruaz beste egiten saiatu. UPV/EHUko ikerketa-talde bat joera horiek ikertu ditu

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2024/02/29

Alexander Muela eta Jon García
Alexander Muela eta Jon García | Argazkia: Nagore Iraola eta Mitxi. UPV/EHU.

UPV/EHUko ikertzaile batzuek Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 25 harrera-egoitzatako nerabeen suizidio-portaera aztertu dute. Emaitzen arabera, herenak inoiz suizidio-ideiak izan ditu eta laurdena bere burua hiltzen saiatu da. Gainera, gazteen erdiek asmo suizidarik gabeko autolesioak egin izan dituela dio. Horrekin batera, ikerketak azaleratu du nerabe horiekin diharduten profesional gehienek suizidio-portaerak antzemateko eta kudeatzeko ezagutza falta dutela.

Nerabe eta gazteen suizidioa mundu-mailako arazo publikoa da. Hala dio Munduko Osasun Erakundeak. Estatuan 15-29 urte bitarteko gazteen heriotza ez-naturalen kausa nagusia da suizidioa; eta heriotza guztiei erreparatuz gero, bigarren arrazoia tumore gaiztoen atzetik. Nerabeen artean, harrera-egoitzatan bizi direnek portaera suizidak izateko arrisku-faktore gehiago dituzte, haurtzaroko bizipen traumatikoek, autoestimu baxuak, gaitasun sozial urriek eta beste hainbat aldagaiek eraginda. Hori dela eta, premiazkoa da kolektibo zehatz horrekin lan egiteko estrategia eta baliabideak lantzea. Aldiz, esku-hartze egokiak prestatzeko egoeraren inguruko informazioa behar da, eta, oraingoz, oso gutxi aztertu da gaia.

Informazio-faltari aurre egiteko asmoz, Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile batzuek, Biobizkaiarekin batera, ikerketa bat egin dute. Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 25 harrera-egoitzatako 185 neraberen suizidio-jokabidea eta autolesio ez-suizidarako joera aztertu dute. “Orain arte oso datu gutxi genituenez, ikerketa berritzailea egin dugu, eta emaitzek argi uzten dute prebentzio-lanak egiteko behar handia dagoela eta profesionalek prestakuntza gehiago behar dutela”, dio Alexander Muela Psikologian doktoreak.

Alde batetik, Psikologia Fakultateko eta Erizaintza eta Medikuntza Fakultateko ikertzaileek egin duten lanak suizidio-jokabidea aztertu du. Besteak beste, ikertu dute suizidio-ideiak dituzten, norbere buruaz beste egiteko helburuz autolesionatu diren edota suizidatzen saiatu. Parte hartu duten nerabeen % 26,5ek adierazi du bere buruaz beste egiten ahalegindu dela inoiz. Suizidio-ideiei dagokienez, % 36,2k dio inoiz izan dituela halako ideiak, eta nabarmentzekoa da horien artean % 37,6k bakarrik eskatu duela laguntza. Erdiek baino gehiagok, ordea, sentitzen dute ezin dutela inorengana jo laguntza eske.

Bestalde, aztertutako harrera-egoitzetako nerabeen erdiek adierazi dute suizidatzeko asmorik gabe autolesionatu direla. Norbere burua zauritzeko arrazoiari buruz galdetuta, % 92k dio emozioak erregulatzeko estrategia modura erabili izan duela. “Horrek agerian uzten du hezkuntza emozionala landu beharra dagoela. Emozioak erregulatzeko estrategiak eta baliabideak eman behar dizkiegu gazteei”, dio Alexander Muelak ikertzaileak.

Horretaz gain, UPV/EHUren ikerketak erakutsi du generoaren arabera desberdintasun nabarmenak daudela. Esaterako, parte hartu duten nesken % 53,8k adierazi du suizidio-ideiak izan dituela inoiz. Aldiz, mutilen artean, % 18,5k. Eta autolesio ez-suizidak egin izan dituztenen % 69,9 neskak dira, % 28 mutilak eta % 2,1 ez-binarioak.

Adingabeen egoitzetako profesionalek ezagutza falta dute

Adingabeen harrera-egoitzetan diharduten profesionalen iritzia ere jaso nahi izan dute. Izan ere, ez dago ia informaziorik haiek duten ezagutza eta konpetentziaren inguruan. Hala, harrera-egoitzatan nerabeak zaintzen aritzen diren 225 langileri galdetu diete ea euren burua prest ikusten duten gazteen portaera suizidak identifikatzeko eta horien aurrean modu egokian erantzuteko. Gehienek ezagutza baxua dutela adierazi dute; batez ere, suizidioaren alerta-seinaleak antzemateko edota suizidio-ideiak dituzten gazteei nola hitz egin edo nola galdetu jakiteko. Profesionalen % 22,8k bakarrik uste du nahiko ezagutza edo ezagutza-maila altua duela. Alexander Muelaren ustez, harrigarria da arrisku-egoeran dauden gazteekin lan egiten dutenen prestakuntzarik eza: “Datuek argi erakusten dute ez dutela prebentiboki lan egiteko formaziorik. Haien erantzun nagusia izaten da larrialdi-kasuetan osasun-etxeetara jotzea, baina ezin dugu dena osasun-sistemaren gain utzi; prebentzioan lan egin behar dugu gazteak puntu horretara irits ez daitezen”.

Ikerketaren egileen ustez, prebentzioan lan egiteko lehenengo urratsa gazteekin lan egiten duten profesionalak trebatzea da; bai harrera-egoitzetakoak, bai hezkuntza formalean zein informalean ari direnak. Gainera, prebentzio-lanak goiz aplikatu behar direla azpimarratu dute. Izan ere, ikerketak erakutsi du suizidio-portaerak 13 urtetik aurrera hasten direla areagotzen.

Informazio osagarria

Alexander Muela Aparicio doktorea da Psikologian eta irakasle titularra UPV/EHUko Psikologia Fakultatean. Psikologia Klinikoa eta Osasunaren Psikologiaren saileko kidea da eta haren ikerketa-ildo nagusiak dira haurrei emandako tratu txarren esku-hartze psikoterapeutikoa, suizidioa, ebidentzian oinarritutako esku-hartze psikologikoak; eta Haur Hezkuntzako haurren ongizatea bermatzeko esku-hartzeak aurrera eramatea eta ebaluatzea. Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak onartutako Osaklinik ikerketa-talde finkatuko partaidea da.

Erreferentzia bibliografikoa