euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHUren Plentziako Itsas Estazioak zortzigarren urteurrena ospatuko du

PiE-UPV/EHU nazioarteko erreferente gisa finkatu da ikerketa zientifiko eta teknologikoaren alorrean

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/07/17

UPV/EHUren Plentziako itsas Estazioa

UPV/EHUko Itsas Biologia eta Bioteknologia Esperimentalen Ikerketa Zentroak (PiE-UPV/EHU) –Plentzian dagoenak–, zortzigarren urteurrena ospatuko du 2020ko uztailaren 17an, eta oso balantze positiboa egiten zaio bere kudeaketari. Sortu zenez geroztik hona, «Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Itsas Estazioa» sendotu egin da ikerketa zientifiko eta teknologikoaren alorreko erreferentzia zentro gisa nazioartean. 

2013an ireki zenez geroztik hona, zentroak ekoizpen zientifikorako gaitasun handia duela utzi du agerian; izan ere, 202 artikulu ekoitzi ditu, eta artikulu horietako % 80 nazioartean garrantzi handia duten aldizkarietan argitaratu dira. Askotariko gaiei buruzkoak dira: zoologia, toxikologia, ingurumen zientziak, itsasoko eta ur gezako biologia, kimika analitikoa, biokimika eta biologia molekularra edo elikagaien zientzia eta teknologia. 

PiE funtsezko eragilea izan da ekonomiaren garapenean, eta goi mailako aholkularitza zientifikoa eman dio, batez ere Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako AntolakundeariThe European Marine Biological Resource Centre (EMBRC-ERIC) erakundearen «The Future of the Ocean Economy» programaren (ozeano-ekonomiaren etorkizuna) barruan, eta Euskampuseko ezagutza poloaren buru ere izan da ozeanoaren osasunari eta balorizazio jasangarriari buruz (bikaintasunaren nazioarteko campusa EAEn eta Akitanian).  

Halaber, PiE-UPV/EHUko ikertaldeek lankidetza sare orokor bat garatu dute; 100 laborategi eta ikerketa zentro baino gehiago ditu sare horrek. Horrela, PiE-UPV/EHUren ikerketa proiektuek oso finantzaketa lehiakorra lortu dute.  Besteak beste, «Ikerketarako Europar Batasunaren zazpigarren esparru programaren» proiektu bat, EBko Ikerketa eta Berrikuntzarako Esparru Programak (H2020) babestutako bost proiektu, EBko JPI Oceans ekimenaren proiektu bat («Healthy and Productive Seas and Oceans» –itsaso eta ozeano osasuntsu eta emankorrak–), Zientzia eta Teknologiako Europako Lankidetzarako programak (COST) finantzatutako bi ekintza, eta Interreg Europe bi proiektu. 

PiE, halaber, EMBRC (Itsas Baliabide Biologikoen Europako Zentroa) Europako ikerketa azpiegituraren Espainiako nodoa ere bada, Vigoko Unibertsitateko itsas estazioarekin (ECIMAT) batera. 

Goi mailako prestakuntza, gizarteari irekia 

UPV/EHUko Itsas Estazioak, halaber, goi mailako graduondoko hezkuntza ere eskaintzen du nazioartean: ERASMUS MUNDUS Master in Marine Environment & ResourcesERASMUS PLUS International Master in Marine ResourcesERASMUS MUNDUS Joint Master Degree on Marine Environment eta ERASMUS MUNDUS Joint Master Degree on Environmental Contamination and Toxicology.   

Itsasaldi luze horretan, Plentziako Itsas Estazioak gizartea tartean sartzeko jomuga ere izan du, pertsonen artean interesa pizteko asmoz, tokiko kulturarekin eta jarduerekin lotura handia baitu zentroan gauzatzen den ikerketak. Horretarako, urtero antolatu ditu zentroak jardunaldi irekiak, baita pertseidak ikusi bitartean gauez gozatzeko deialdiak ere. Dibulgazio zientifikoko hitzaldiak ere egin ditu, aldizka parte hartzeaz gain Bilboko Zientzia Astearen eta Bermeoko Arrain Azokaren antolaketan. Jarduera horietan, «Ozeanoak» antolatu ziren. Gaikako erakusketa horretan, 6.000 bisitarik baino gehiagok hartu zuten parte.