euskaraespañol

Eguneko irudia

Sextinga praktikatzen duten nerabeek probabilitate handiagoa dute bikoteko ziberabusuaren biktima izateko

Izaskun Ibabe UPV/EHUko ikerlariak gidatutako azterlanak, gainera, ondorioztatu du mutilek barneratuago dituztela maitasun erromantikoaren mitoak

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2024/03/07

Izaskun Ibabe
Izaskun Ibabe ikerlaria | Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU.

Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikerlari Izaskun Ibabek zuzendutako ikerketa batek ondorioztatu du sextinga egiten duten nerabeek edo maitasun erromantikoaren mitoak barneratuen dituztenek probabilitate handiagoa dutela bikoteko ziberabusua egiteko edo jasateko. Azterlanaren emaitzek prebentzio-programak diseinatzeko estrategiak iradokitzen dituzte.

Ziberabusua indarkeria-mota berria da harreman sentimentaletan, eta ikerketa berriek erakutsi dute fenomeno hori mundu osoan ari dela hazten. Gero eta gehiago erabiltzen dira teknologia eta bitarteko digitalak bikotekidearen edo bikotekide ohiaren aurka nahita eta behin eta berriz abusuzko jokabideak izateko. Ondorio larriak ditu horrek, eta zenbatetsi da biktimizazio-tasa % 47koa dela. Nerabeak ere ez dira horren salbuespena. Kolektibo zaurgarria da indarkeria horren aurrean, baina oraindik oso literatura zientifiko gutxi dago talde horren inguruan.

Horiek horrela, Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia Fakultatean ikerketa kolaboratibo bat egin dute, 14 eta 18 urte arteko 3.264 neraberen erantzunak aztertu dituena (informazio hori Nafarroako Unibertsitateak bildu du Espainiako eta Latinoamerikako neska-mutilei buruz). Azterlanaren zuzendariak, Izaskun Ibabek, argitu du arrisku-faktore potentzialak esploratu dituztela, “bikoteko ziberabusuan izan dezaketen garrantzia aztertzeko, eta, horrela, gero prebenitzen saiatzeko”.

Bikoteko ziberabusuarekin harreman zuzena duten aldagaietako bat da sextinga, hau da, berdinen artean eta bide elektronikoak erabiliz eduki sexualak dituzten mezuak edo irudiak trukatzea. Analisiaren emaitzek iradokitzen dutenez, sextingean aritzen diren nerabeek aukera handiagoa dute bikoteko ziberabusu-kasuetan nahasteko. “Sakon aztertu ez badugu ere, uste dugu sextinga arrisku-elementu bihurtzen dela, adibidez, harremana era gatazkatsuan eteten denean, bikotekideetako batek abusua egin nahi badu hori egin ahal izateko edukia baitauka”, azaldu du Ibabek.

Nerabeek sexting-praktiketan generoaren arabera dituzten rolak ere aztertu ditu, eta emaitzek erakusten dute mutilek gehiago egiten dutela sexting pasiboa, alegia, ohikoagoa da haiek eduki sexuala eskatzea eta jasotzea, eta neskek sortzea eta bidaltzea.

Halaber, UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileak azpimarratu du ikerketa hau berritzailea dela, lehen aldiz ikertu baita erlijiositatearen eta sextingaren arteko lotura. Emaitzek agerian uzten dute zenbat eta atxikimendu handiagoa izan neska-mutilek erlijioarekin, orduan eta gutxiago hartzen dutela parte sexting-praktiketan. “Erlijio-balioak aintzat hartuta, irudika genezakeen hori, baina ez zegoen horren inguruko argitalpen zientifikorik”, azpimarratu du Ibabek.

Maitasun erromantikoaren mitoen rola

Halaber, azterlanak ezberdintasun esanguratsuak azaleratu ditu nesken eta mutilen artean, maitasun erromantikoaren mitoei dagokienez (adibidez, “jelosia maitasunaren seinale da”, “maitasuna eta abusua bateragarriak dira”, “maitasunak edozer gainditu dezake” eta abar). Emaitzek erakutsi dute mutilek gehiago onartzen dituztela maitasun erromantikoaren mitoak, eta barneratuago dituztela; eta, ikerketaren arabera, sinesmen horiek eragina dute bikoteko ziberabusuan. Zenbat eta gehiago sinetsi maitasun erromantikoaren mitoak, orduan eta handiagoa bikoteko ziberindarkerian nahasteko aukera.

Ikerketaren autoreen iritziz, emaitzek nabarmentzen dute zeinen garrantzitsua den prebentzio-programetan mito horien analisia txertatzea, nerabeek uler dezaten nola eragiten duten beraien harreman intimoetan. Uste dute komeni dela, orobat, harremanetan abusuzko edozein jokabide identifikatzeko estrategiak lantzea, hala offline nola online, jardun birtualen berezitasunak aintzat hartuta. Haien ustez, gainera, inportantea da nerabeek Internet segurtasunez erabiltzen ikas dezaten indar egitea. Prebentzio-programa horiek oso txikitatik aplikatzea gomendatzen dute, lehen harreman sentimentalak gero eta goizago izaten direlako eta geroko harremanetarako oinarriak ezartzen dituztelako.

Informazio osagarria

Izaskun Ibabe Erostarbe doktorea da Psikologian eta irakasle titularra UPV/EHUn, Portaera Zientzien Metodologiaren arloan. Haren ikerketa-ildo nagusiak dira familia barneko indarkeria, bereziki seme-alaben eta gurasoen artekoa; etorkinen buruko osasuna; gizarte-bazterketa; eta programen ebaluazioa. Eskolak ematen ditu Erakundeen Psikologia eta Esku Hartze Psikosoziala Masterrean eta Psikologia: Gizabanakoa, Taldea, Erakundea eta Kultura Masterrean.

Erreferentzia bibliografikoa