euskaraespañol

Semiotrizitatea, mugimenduaren semiotika baino askoz ere gehiago

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2022/11/17

Raúl Martínez-Santos, Pascal Bordes eta Jaime Nubiola
Ezkerretik eskuinera, Raúl Martínez-Santos, Pascal Bordes eta Jaime Nubiola | Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

‘Semiotica’ nazioarteko aldizkariak kirol jokoen semiotikari eta heziketa fisikoari buruzko ale monografiko bat argitaratu du. Pierre Parlebasen ideiak garatzen dituen nazioarteko lan aitzindari bat. Campusak bere editoreekin hitz egin du: horien artean Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko irakasle bat dago.

Kirolaren eta jolasaren mugimenduari buruzko ikerketa zabala egin da diziplina askotan, eta, batik bat, hauetan zentratu da: gorputz eta kirol hezkuntzan, jokoaren soziologian, kirolaren psikologian eta ezagutzaren beste adar askotan. Hala ere, ikerketa horiek ez dute inoiz bere gain hartu jolasten dituenaren ikuspuntutik kirol jokoek berezko dituzten esanahi prozesuak aztertzeko erronka. Semiotikak berak noizean behingo arazoari baino ez dio aurre egin, eta, noizean behin, gaiari modu global eta integral batean heldu gabe. Hala ere, ‘Semiótica’ aldizkariaren azken zenbakiari esker hutsune hori betetzen hasi da. Semiotikaren alderdi horretan ekarpen handia egin nahi duen monografiko bat da.

Horretarako, Raúl Martínez-Santos (UPV/EHU), Pascal Bordes (Université de Paris Cité) eta Jaime Nubiola (Nafarroako Unibertsitatea) irakasleak izan dira editore gonbidatuak. Azken horrek dioen bezala: “Semiótica aldizkaria, gaur egun Kanadan argitaratua, zeinuen zientziari buruzko munduko aldizkaririk garrantzitsuena da eta Umberto Ecok sortu zuen duela 50 urte. Guk deskubritu genuena da kirolaren gaiari ez ziotela inoiz heldu, eta guk Parlebasi eta Peirceri –egile hori jorratu dut nik– buruzko azterlan bat egin nahi genuen. Aldizkariarekin harremanetan jarri ginenean, esan zuten: zergatik ez duzue ale monografiko bat antolatzen?”.

Editore taldearen helburua zen semiotikako munduko adituak deitzea, “semiotrizitate” terminoa garatzeko. Azkenean 17 ekarpen bildu dira, eta aldizkarian argitaratu. “Jaimek ondo esan duen bezala –gehitu du Martínez-Santosek–, guk ekarpen bat egin nahi izan genion aldizkari berezi bati, eta aukera izan genuen semiotikaren arloko adituak gure hizkuntza, hots, Pierre Parlebasen hizkuntza, hitz egitera gonbidatzeko. Aldizkariaren ale berezi honen helburua da, lehenik eta behin, semiotrizitatea zer den azaltzea eta, bigarrenik, Pierre Parlebasen maila goreneko lan errepikaezinari berriro ekitea, eta Saussureren semiologia ez den beste ikuspegi semiotiko batetik berrirakurketa bat ematea, ez baita hizkuntza zeinuan oinarritutako semiologia. Ildo horretan, ale berezi honek hiru ildo nagusi proposatzen ditu: Parlebasen semiotrizitatearen ildo klasikoa, hizkuntza kutsukoa; Peirceren semiotrizitate triadikoaren esplorazio bat egiteko gure ahalegina; eta, ondoren, gai honetan modu libreagoan interesatuta sentitu direnen ekarpenak”.

Zer da semiotrizitatea?

Joko eta kirol tradizionalak eremu semiotiko nabarmen bat dira. Kirol jokoetan aritzeak gorputz esperientziak inplikatzen ditu, eta horien esanahi taktiko eta erlazional ugariak jarduera semiotiko bizi baten bidez interpretatu behar dira. Izan ere, komunikazio motorra gorputz zeinuen kodeen arabera ezartzen da, eta horiek, modu originalean, ulermena, engainua, lankidetza eta aurkakotasuna ahalbidetzen dituzte. Mekanismo horiek, bitartekaritza eta interpretazio zeinu gisa, praktikatzaileen artean izandako harremanei buruzkoak dira, baina baita ingurune fisikoarekiko konfrontazioan ere. Azken horrek erabakien eta eboluzio ingurunearen ezaugarrien arteko etengabeko doikuntza semantiko bat eskatzen du.

«Ez da komeni mugimenduaz hitz egitea kirol ekintza ulertu nahi dugunean»

Hasiera batean, editoreek call of papersa kaleratu zuten “La semiótica de los movimientos corporales en los deportes, los juegos y la eduación física” izenburuarekin, baina, azkenean, ‘Semiotricidad’ izenburua aukeratu zuten; izan ere, “alea, hain zuzen ere, saiatzen da azaltzen zergatik ez den komeni mugimenduaz hitz egitea kirol ekintza ulertu nahi dugunean”.

Baina, zer da semiotrizitatea? “Ekintza motorraren semiotika espezifikoa da. Beste era batera esatearren, jolastea, parte hartzea, jokoak eta kirolak zertan diren ulertu ahal izateko tresnarik onena da”, dio Raúl Martínez-Santosek.

Zein da horren guztiaren aplikazio praktikoa? Kirol profesionalera eraman daiteke? Pascal Bordesek azaldu duenez: “Jokoetan eta kiroletan zeinuak sortzen dira, zeinuak trukatzen dira eta zeinuak interpretatzen dira. Ikuspegi hori interesatzen zaie bai aurkariaren jokoa interpretatu nahi duten entrenatzaileei, bai eurek bakarrik ulertzen dituzten zeinu propioen ekoizpen koherentea eraiki nahi dutenei, hau da, taldea prestatu nahi dutenei. Beste arrazoia gorputz hezkuntzaren zatia da, ikuspegi bikoitz berarekin. Gorputz hezkuntzako irakasleak trebatu behar dira zeinuen produkzioaren eta trukearen interpretazio bikoitz horretan ahalik eta irakaslerik onenak izan daitezen, eta, beste aldetik, ikuspegi horrek ematen die ikasleei aukera ulertzeko zergatik dauden joko eta kirol desberdinak, eta zertan diren desberdintasunak. Eta futbolean edo saskibaloian jokatzea, funtsean, zeinu eraginkorrena izatea da. Baita jokatzea zertan datzan jakiteko orduan ere, gertatzen denari zentzua ematea, ulertzea eta egoerara egokitzea baita”.

«Kirol batean jokatzea, funtsean, zeinu eraginkorrena izatea da»

“Entrenatzaileekin hitz egiten dugunean, lehenik eta behin gure baliabide terminologikoak konektatu behar ditugu. Gauzei nola deitzen diegun dakigunean, gai gara jakiteko entrenatzaileek entrenatzen dutenean zeri ematen dioten garrantzia, zeri begiratzen dioten eta zer saiatzen diren detektatzen jakiteko norbait jokalari ona den edo ez, norbaitek aurrera egiten duen edo ez, norbaitek ikasten duen edo ez. Egia da, hala ere, paperaren gainean, zientziak eta ekoizpen zientifikoak arau propioak dituztela: guk unibertsitateko irakasle garenean egiten dugun transmisioan aurkitzen dugu ikuspegi horren benetako onura, prestatzen dutenak prestatzean”, UPV/EHUko irakasleak ondorioztatu duenez.

‘Semiótica’ren ale monografiko honekin behin betiko aurrerapauso bat egin da kirol jokoen azterketa semiotikoetan. Gainera, gorputz hezkuntzako eta kiroleko semiotikako ikertzaileei aukera eman zaie banakoen komunitate bat eraikitzeko “hartara, elkarri laguntzeko eta estimulatzeko, arrotzek ulertu ezin duten azterlan multzo jakin bat ulertzen dutelako” (Peirce 1905), eta ekintza ludomotriziko aberasgarrienerako entrenatzen edo hezten dutenean ikusten denetik haratago ikusi behar dutenak ere barne hartuz.

Erreferentzia bibliografikoa