euskaraespañol

Eguneko irudia

Ikasleen Kongresua bere historiako parte-hartzerik handienarekin sendotu da

Ikasleak Garapen Jasangarrirako Helburuekin lotutako Gradu Amaierako Lanak idaztera bultzatzeko ekimena da, eta 116 proposamen jaso ditu (% 35 gehiago) laugarren edizio honetan

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2021/11/03

Ikasle sarituak, Estibaliz Saez de Cámara Oleaga Iraunkortasun eta Konpromiso Sozialeko zuzendariarekin eta Gorka Moreno Bizkaiko campuseko errektoreordearekin batera
Ikasle sarituak, Estibaliz Saez de Cámara Oleaga Iraunkortasun eta Konpromiso Sozialeko zuzendariarekin, eta Gorka Moreno Bizkaiko campuseko errektoreordearekin batera. ARGAZKIAK: Fernando García. UPV/EHU

Joan den ostegunean, urriaren 28an, Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) lotutako Gradu Amaierako Lanen aurtengo edizioko sariak banatu ziren Ikasleen IV. Kongresuan. “Gure Gradu Amaierako Lanek mundua aldatzeko balio dute” goiburua izan duen ekimen honek ikasleak bultzatzen ditu, azken ikasturte hauetan, Nazio Batuek diseinatutako eta Euskal Herriko Unibertsitateak ere sustatutako GJHetako baten ikuspegitik bideratzera beren karrera amaierako ikerketak.

Laugarren edizio honetara 116 proposamen aurkeztu dira (aurreko deialdian baino 30 gehiago), zientzia-arlo guztietakoak (47 gradutakoak) eta lau hizkuntzatan: euskara, gaztelania, ingelesa edo frantsesa. Horrek argi erakusten du Jasangarritasuneko eta Gizarte Konpromisoko Zuzendaritzaren ekimena aise finkatu dela laugarren edizio honetan. María Emilia Orueta “planeta” ardatzaren irabazleetako bat da, eta hau nabarmendu du: “GJHen erronketako bat da gizarte zibilaren zatirik handienera iristea, eta deialdi hau kontzientziazioa handiagotzeko modu bikaina da. Bide onetik goazela uste dut, laugarren edizioa baita dagoeneko, eta gero eta ikasle gehiagok ematen baitugu izena ekimen honetan”.

Berrikuntzaren, Gizarte konpromisoaren eta Kulturgintzaren Arloko Errektoreordetzak izendatutako Batzorde Zientifikoak gradu amaierako zortzi lan saritu zituen lau ardatzen arabera (pertsonak, planeta, oparotasuna eta bakea-aliantzak). Sariak 300 eta 150 eurokoak izan ziren ardatzetako bakoitzean. Bestalde, sari berezi bat eman zitzaion COVID-19aren osteko egoerari egindako ekarpen adierazgarrienari.

Sari-banaketan, Iraunkortasunaren eta Gizarte Konpromisoaren arloko zuzendari Estibaliz Saez de Camara Oleagak eta Bizkaiko campuseko errektoreorde Gorka Morenok hartu zuten parte. Saridunekin hizketan aritu ziren Bizkaia Aretoan ospatutako ekitaldian. Ikasle hauek jaso zuten saria:

Olivia Fernández García

Ardatza: Covid ostekoak
GrAL: “UPV/EHUko ikasleen artean elikatze-jokabidearen nahasteak prebenitzeko Elkarri Laguntzeko Talderako Proposamena”
Gradua: Gizarte Langintza

Olivia Fernández García

Elkarri laguntzeko taldeek elikadura-portaeraren nahasmenduei aurre egiteko duten gaitasunean sakontzen du Oliviaren Gradu Amaierako Lanak, eta unibertsitateko ikasleekin aplikatu du. Oliviak dioenez, nahasmendu hori “unibertsitateko ikasleek dituzten ondoezen adibide bat da”. Ikerketaren helburu praktikoa zen elikadura-arazoak dituzten pertsonak elkarrekin konektatzea; elkarri laguntzeko, batez ere emozioen alderditik, eta beren arazoei eraginkortasun handiagoz aurre egin ahal izateko. Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultateak sustatutako “EHU onGIZARTE” izeneko proiektu orokorrago batean kokatu du bere lana ikertzaile gazte honek.   

Gradu Amaierako Lan honen bidez, aukera izan du lehen eskutik jakin ahal izateko zer interes duten ikasleek janariarekin lotutako ohitura osasungarriagoak sortzeko halako laguntza-taldeak garatzeko.

Andere Gómez

Ardatza: Pertsonak
Lehen saria
GrAL: "Aloe vera zuritzeko makina"
Gradua: Ingeniaritza mekanikoa

Andrea Gómez

Aloe veraren erauzketa mekanizatzeko makina baten diseinua proposatu du, zeina garapen-bidean dauden herrialdeetan (hala nola Etiopian) eraikitzeko modukoa baita. Prototipoak bitan zatitzen du orria, zukua ateratzen dio eta iragazi egiten du, haren mamia ateratzeko azaletik bereiziz.

“Lan honi esker, praktikan jarri ahal izan dut Ingeniaritza Mekanikoko Graduan ikasitakoa, eta, gainera, aukera bat eskaini ahal izango diot hemengo materialak (errodamenduak, engranajeak, etab.) eskura ez dituzten herrialdeetako jendeari, inguruan dituzten pieza birziklatuekin (auto zaharretatik, bizikletetatik eta abarretik ateratakoak) eraiki ahal izango baitute”. 

Anderek bere azalpenean eskatu zuen inork ez dezala ahaztu Tigrayn (Etiopian) duela urtebete inguru sortutako gerra zibilaren ondorioz pairatzen ari diren genozidioa.

Aisling Bux Romatet

Ardatza: Pertsonak
Bigarren saria
GrAL: "Emakume musulmanen integrazioa, kulturartekotasunaren eta intersekzionalitatearen ikuspegitik: hijab-aren problematika lan-munduan. Zaurgarritasuna, zapalketa eta diskriminazioak"
Gradua: Kriminologia

Aislin BuxAislingek bideokonferentziaz aurkeztu zuen bere proposamena, Bartzelonatik, han trebatzen ari baita. Kriminologian graduatua da Aisling, eta emakume musulmanen gizarte-integrazioa ikertu du. Hijab-a erabiltzen duten emakumeek jasaten duten diskriminazioan jarri du arreta, lan-munduan bereziki. Aisling-ek dio arazo horren ondorioak egiaztatu dituela, eta horri aurre egiteko neurriak proposatu ditu hainbat ikuspuntutatik: ekonomikoa, politikoa, soziologikoa... Besteak beste, gradu amaierako bere lanean iradoki du “politika publiko eta sozialak aplikatzea kulturartekotasunaren eta intersekzionalitatearen ikuspegitik”.  Halaber, beste ekimen publiko batzuen artean, beharrezkotzat jotzen du “bitartekaritzaren bidea hartzea, gatazkak judizializazioaren bidetik bideratu beharrean”. Haren iritziz, horrek “zalantzarik gabe bizikidetza handiagoa sustatuko du”.

María Emilia Orueta

Ardatza: Planeta
Lehen saria
GrAL: “Oihalgintzaren inplikazioa Garapen Jasangarrirako Helburuetan”
Gradua: Negozioen Kudeaketa

María Emilia Orueta

Duela urte batzuk, “The True Cost” dokumentala ikusi zuen María Emiliak; “hemen erosten dugun arropa ekoizteak garabidean dauden herrialdeetan zer eragin negatibo duen aztertzen da dokumentalean, eta arazo hori bere Gradu Amaierako Lanean lantzea erabaki zuen. Ikertzaile gazte honek ohartarazi du nahitaezkoa dela enpresek lan egiteko modua aldatzea, “gardentasuna areagotzea, eta segimendua egitea beren jantziak nork egiten dituen, non, zer baldintzatan egiten diren eta abar”.  

Ikusitako gauza txar guztiak kontuan izanda ere, María Emilia optimista da eta adierazi du “hobetzeko asko daukagula; izan ere, kontsumitzen dugun arroparen % 1 baino ez da zirkularra, alegia, jantzi berriak egiteko % 1 baino ez da birziklatzen”. Lana azaldu zuenean, Emma Watson ekarri zuen gogora, hark hau adierazi baitzuen: “Kontsumitzaile gisa, mundua aldatu ahal izateko boterea daukagu, zer erosten dugun kontu handiz erabakita” eta “hori ez zaio arropari bakarrik aplikatu behar —ohartarazi zuen Oruetak—, baita gure bizitzako beste arlo batzuei ere”.

Ana Albira León

Ardatza: Planeta
Bigarren saria
GrAL: "Estatistika-adierazleen azterketa Garapen Iraunkorreko Helburuen testuinguruan"
Gradua: Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza

Ana Elvira León

Ana Albira Leónen helburua izan da aztertzea “herrialde sinatzaileak nola ari diren betetzen Garapen Jasangarrirako Helburuak”. Horretarako, estatistikoki aztertu ditu “12. helburuari dagokion ekoizpen eta kontsumo arduratsua lortzeko bidean herrialde sinatzaileek zer aurrerapen egin dituzten”, hondakinen emisioari, horiek murrizteko tratamenduei eta abarri dagokienez. 

Albirak egiaztatu du “bilakaera oso motela dela”. Beste arazo hau ere hauteman du: “alderantzizko erlazioa gertatzen da hondakin arriskutsuenen eta egunerokoen ekoizpenaren artean”. Hala, paradoxikoki, “blokeetako bat murrizten zuten herrialdeek bestea handitzen zuten”. 

Halaber, “datuak aurkezteko gardentasunik eza eta arlo horretan egindako aurrerapenei buruzko informaziorik eza —kritikatu du ikertzaileak—.   Izan ere, Garapen Jasangarrirako Helburuak sinatu dituzten 193 herrialdeetako 31ren datuak soilik erabili ahal izan ditut, ez baitute daturik argitaratzen. Ezin dugu jakin zer ari den lortzen benetan”, kexatu da.

Fernando Arana

Ardatza: Oparotasuna
Lehen saria
GrAL: “Sidenor altzairutegiko kostuak minimizatzeko isurketen sekuentziazio adimenduna”
Gradua: Industria Antolakuntzaren Ingeniaritza 

Fernando Arana“Beti esan izan da orokorrean pentsatuz jardun behar dela tokian, eta nire lanarekin hori egiten saiatu naiz”, zioen Fernandok bere aurkezpenean. Sidenorrek zuen arazo zahar bati irtenbidea emateko helburuarekin egin du Gradu Amaierako Lana ingeniari gazte honek. Enpresa ezagun horretako Ekoizpenerako Programazioko Sailean egin ditu praktikak Fernandok, Bilboko Ingeniaritza Eskolako ibilbide dualaren arabera. Altzairutegiaren kostuak minimizatzea proposatu du bere proiektuarekin. Enpresarentzat proposamen interesgarria izan da; izan ere, “halako ezaugarriak dituen soluzio bat eskatzen ari zen duela zenbait urte, baina orain arte ez da eraikitzea lortu”, adierazi du. Azalpena amaitzeko, ingeniariak unibertsitatearen eta enpresaren arteko erlazioaren garrantzia nabarmendu du; izan ere, bere kasuan, “arrakasta akademiko handia izan du, eta oso aberasgarria” da ikasleentzat, oro har.

Hiart Andonegui

Ardatza: Oparotasuna
Bigarren saria
GrAL: “Low cost esku-exoeskeletoa”
Gradua: Ingeniaritza Elektronikoa 

Hiart Andonegi

Ingeniari honek Googa Mobility Robots startup-ean egin ditu praktikak; bizkarrezur-muineko lesioak, iktus bat eta abar izan dituzten pertsonak errehabilitatzeko halako protesiak eraikitzen dituzte han. “Gaur egun badira merkatuan eskuen errehabilitaziorako exoeskeletoak, baina 30.000 € inguru balio dute. Esadazue nork eros dezakeen halako gailu bat”, adierazi du proiektuaren azalpenean Hiartek. “Horregatik garatu dut 1.000 €-tik behera balio duen low cost esku-exoeskeleto hau, bestelako gailuak erosterik ez duten herritar gehienei laguntzeko”, azaldu du. 

Bere ikaskideak bezala, Hiartek ere nabarmendu du ikasleen prestakuntzan zer garrantzitsuak diren praktikak eta ibilbide dualak: “Oso aberasgarria da, bai ikasleentzat bai enpresentzat”.

Estíbaliz García Martínez

Ardatza: Bakea eta aliantzak
Lehen saria
GrAL: “Espazioko hondakinak: arazoa eta haren ondorioak Nazioarteko Zuzenbidearen ikuspegitik aztertuta”
Gradua: Zuzenbidea

Estíbaliz MartínezPlanetaren inguruan orbitatzen ari diren suziri, satelite edo bestelako objektuen zatiek “lurretik kanpoko espazioan dagoen ingurumen-arazo bat osatzen dute; ezkutuan dagoen arazo bat da, eta ezezaguna, oro har, gizartearentzat, nahiz eta gero eta arriskutsuagoa den”, adierazi du Estibalizek. “Arazoa ikuspegi juridiko batetik aztertu dut, eta, espazioan gertatzen den ingurumen-arazo bat denez, espazioaren nazioarteko zuzenbidearen ikuspegitik egin dut”. “Indarrean dauden nazioarteko hitzarmen eta itunak aztertu ondoren, ikusi nuen ez datozela bat gaur egungo arazoarekin —adierazi du—; ez dago indarrean espazioko hondakinetan espezializatutako inolako araudirik”. Irtenbide gisa, nazioarteko konbentzio bat egiteko deia egitea proposatzen du legelari gazte honek, estatu guztiek konpromisoa har dezaten espazioko ingurumena babesteko.

Marina San Salvador del Valle

Ardatza: Bakea eta aliantzak
Bigarren saria
GrAL: “Injustizia epistemikoa: adimen-desgaitasunari buruzko gogoeta filosofikoak”
Gradua: Filosofia 

Marina San SlavadorDiagnostiko biologiko edo genetikoen bidez ziurtatu gabe desgaitasun arin edo moderatua dutela esaten zaien pertsonek jasaten duten diskriminazioa izan da Marinaren ikerketaren ardatz; alegia, “halako pertsonen eta ikasgelako ‘azkarren’ arteko konparaziotik abiatuta” desgaitasuna dutela esaten zaien pertsonen diskriminazioa. Ikertzaileak azaldu duenez, “hierarkizazio hori erabakigarria da bai pertsonaren adimen-garapenerako bai bere buruarekiko duen irudirako eta pentsamendu kritiko bat garatzeko dituen aukeretarako”. Marina ez dator bat sailkapen horrekin, eta adierazi duenez, “Filosofiaren barruan ez dago adimen-desgaitasunik duen pertsonarik; pertsona horiek baztertzearen ondorioz errealitatearen ikuspegia eta erlazio sozialak murrizten dira”. Marinak berak onartu duenez, proposamen horrek eztabaida sortu zuen epaimahaian ere, gehiengoak onartzen ez dituen tesiak bultzatzen baitzituen; baina AEBtik datozen ikerketa berrietan oinarrituz defendatzen ditu ikertzaileak.