euskaraespañol

'El relato de una tragedia ausente' tesiaren egilea

Sabin Egilior: «Sufrimendua purgatzen ez bada, trauma latente geratzen da, eta hurrengo belaunaldietara pasatzen da»

Bere lanak ikus-entzunezko lekukotza sartzen du memoria historikoari buruzko ikerketan

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2021/04/22

Sabin Egilior
Sabin Egilior. Argazkia: Mitxi. UPV/EHU.

Carmen Arocenaren eta José Antonio Mingolarraren zuzendaritzapean, Sabin Egilior Mancisidorrek bere doktorego tesia egin du: ‘El relato de una tragedia ausente. Testimonio audiovisual como método para la representación de la memoria traumática en las investigaciones de los desaparecidos bajo la represión de la guerra civil española’. Bere lanak, alde batetik, agerian jartzen ditu diziplina konbentzionalek gertatukoa kontatzeko dituzten mugak eta, bestetik, ikus-entzunezko testigantzak arazo horri erantzuteko metodo gisa duen balioa nabarmentzen du. Landa lanean emandako hamahiru urteek eta egin dituen bederatzi dokumentalek –horietako asko memoria historikoarekin lotuta daude– bermatzen dute bere lana. Campusak harekin hitz egin du, bere lanari eta gai horri buruz dituen kezkei buruz.

Zure tesiak agerian jartzen ditu diziplina konbentzionalek, nagusiki Historiak, gertatutakoa kontatzeko dituzten mugak.

Orain dela hogei urte, desagertuei eta hobi komunei buruzko lana hasi genuenean, mahai gainean genuen proiektuak modu unilateralean gainditzen zuen edozein diziplina zientifikok duen ikuspegia. Gerra Zibilari lotutako iragana mende honen hasiera arte ikertzea historialarien hegemonia zen, baina, une horretatik aurrera, izugarrizko lan bat planteatzen zitzaigun, ikerketa historiko, antropologiko eta arkeologikoa, ahozko iturriak, auzitegi medikuntza eta komunikazioa konbinatzea eskatzen zuena, eta lanaren garapena diziplina anitzekoa zen, ezinbestean.

Zehazki, ikus-entzunezko lekukotzak kontatzeko metodo gisa duen balioa aztertzen du lanak.

Bai. Ez dago desagertuei, paseatuei, fusilatuei, hobi komunei eta gerraren errepresioari lotutako iragan ia osoaren gertakarien berreraikuntza historiko bat egiteko dokumenturik. Zenbait gertakaritan, ez dago gertatutakoaren aztarna objektibo bat bera ere; hezurrak bakarrik, aurkitzen badira. Nolanahi ere, egon badago errepresaliatuaren senideek eta gertukoek oraindik ere daukaten traumaren lekuko den aztarna bat. Hau da, ez dago seinalerik; bai, ordea, sintomarik. Oraindik ere badirauen oinaze hori objektibo bihurtzea zen erronka. Haien espresioak, hitzak eta irudia bideoan grabatuta, forma ematen diogu gabezia edo ez-memoria horri eta, ondorioz, irudikatuko duen objektu posible bat sortzen dugu. Aztarna horri lotuta adierazten den guztiak hori definitzen duen eduki bat sortzen du. Estrategia horri jarraituta, ikus-entzunezko lekukotza osatu genuen, eta existitzen ez ziren gertakari batzuk, ez zegoen tragedia bat kontatzeko funtsezko metodo gisa sartu genuen; hortik dator, bada, tesiaren izenburua. Daukagun horretatik, posible den horretatik, graba daitekeen horretatik, ez daukaguna sortzen dugu, absentziaren irudia. Hildako batek forma fisiko bat eta dolu posible bat ditu, baina desagertutako batek ez; ez dago hilotzik, ez dago entitaterik, ez dakigu hari buruz ezer, aztarna bat baino ez. Artista batek materia zizelkatu ahala sortuz doan artelan espazioan oinarritu bat bezalakoa da. Hutsunea, materiarik eza da obrak irudikatzen duena; hutsune hori, bestalde, guztiz zehaztu daiteke bere formetan.

Gainera, lanak lehen zati teoriko bat du, memoria berreraikitzeari buruzko bilduma kritiko on bat.

Egiteko genuen lan hori. Buru-belarri sartuta geunden landa lanean, eta osatu gabe gelditu zen analisi teorikoa; oraindik ere ekarpen akademiko handia dago egiteko. Hain zuzen ere, memoria traumatikoaren fenomenoan sakontzen jarraituko dugu Vicente Huici soziologoarekin batera, eta saiakera espezifiko bat argitaratuko dugu udazken aldean. Emaitzak oso baliagarriak izango dira: gertakari baten eta horren irudikapenaren artean aldagaien, baldintzatzaileen, deribatuen eta abarren hamaika egitura daude, beraz, egitura hori ezagutzeak eta sailkatzeak oso tresna baliagarriak ematen dizkigu iraganeko fenomenoak oraingo unetik analizatzeko, baina baita traumak markatutako gertakarien memoriari buruzko ekimen, ekintza eta politika berriak garatzeko ere.

Asko erabiltzen dugu “memoria historikoa” kontzeptua, baina nola definituko zenuke?

Hibridazio baten ondorio sortutako kontzeptu bat da, kontraesan eta konplexutasun ugarikoa. Dena dela, Espainian, gizartearen zati handi batek jada ezagutzen duen funts bat hartu du, baina ez du hori ezagutzen definizioagatik, baizik eta irudikatzen duen guztiagatik, hau da, zehazki, Espainiako Gerra Zibilaren inguruan egin den ikerlan guztia. Are gehiago, memoria historikoaren fenomenoa esklusiboki 36ko gatazkarekin lotuta ezagutzen da.

Aranzadik talde bat sortu zuen Gerra Zibilean desagertutakoak aurkitzeko eta berreskuratzeko proiektuaren inguruko ikerketei erantzuna emateko, eta zu hasieratik egon zinen taldean (2002aren amaieratik). Lan hori izan da tesiaren oinarri nagusia.

«Bideoan erregistratzen genituen egiten genituen landa lan guztiak»

Bai. Lan plana, zereginen sailkapena eta ikerketei heltzeko estrategia diseinatu genituen lehen bilera haietan, dena grabatzea erabaki genuen. Lekukotzez gain, egiten genituen landa lan guztiak ere grabatu genituen bideoan: hobiak lokalizatzea, desobiratzeak eta gainerakoak. Grabatutako material horren analisia, baina, batik bat gertakariak kontatzeko eta irudikatzeko estrategia gisa diseinatutako eta erabilitako metodoa izan da tesiaren ardatza.

Zure lanerako, Claude Lanzmanen, joan den mendeko gertaera lazgarrienetako baten kontalariaren, metodologiari jarraitu diozu.

Fakultatean ezagutu nuen Lanzmannen lana, Zunzunegui eta Mingolarra irakasleen eskutik. ‘Shoah’ ikusteak –bederatzi ordu dira– benetan markatuta utzi ninduen. Hortik aurrera, gerraren errepresioari eta frankismoari hark Holokaustoarekin erabili zuen antzeko tratamendu bat aplikatzeko aukeran pentsatu nuen. Berehala, Aranzadiren proiektua sortu zen, eta aukera bikaina izan zen ideia hori praktikan jartzeko. Bi gertakarien artean desberdintasun handiak bazeuden ere, bazen ere alderdi komunik: errepresioa, desagertuak, suntsipena, trauma, isiltasuna... Gainera, kontatzeko hizkuntza berri bat sortu beharra zegoen.

Bederatzi dokumental egin dituzu zinemarako eta telebistarako, horietako asko Gerra Zibilaren memoria historikoarekin lotuta.

Dokumentalista eta ikertzaile gisa, memoria –oro har– izan da beti nire lan eremua. Gerraren errepresioari eta frankismoari, zehazki, ia bi mende eskaini dizkiot, eta, denbora horretan, ikus-entzunezko formatuko (dokumentalak) eta idatzizko (zenbait artikulu) argitalpenak egin ditut. Zenbait urte ikertzen neramatzanean, Carlos Juárez ekoizlearengana jo nuen –fakultateko mintegi batzuetan ezagutu zuen hura ere; ikusten duzunez, UPV/EHUn dago guztiaren jatorria–, eta, Aranzadiko grabazioen laneko lankide eta arkeologo Jimi Jiménezekin batera, memoria historikoaren barruan sar genitzakeen zenbait dokumentali –Basque Filmsek ekoitzi zituen– forma ematen aritu ginen hurrengo urteetan.

Memoria Historikoaren Legea 2007aren amaieran onartu zen. Zure ustez, urte hauetan legea zenbateraino bete da?

Argi dago ez dela nahikoa izan. Are gehiago, beste bat izapidetzen ari dira orain eta, ondo bidean, hilabete batzuen buruan onartuko dute. Oraingo honetan konfiantza osoa dut, atzean, gobernuaren aholkulari, ezagutzen ditudan bi profesional handi baitaude: Francisco Ferrándiz eta Francisco Etxeberria, gaiari buruz gehien dakiten bi adituak, zalantzarik gabe.

“Jendea oraindik ez da ohartu hau ez dela iraganeko arazo bat, oraingoa baizik”. Esaldi hori zurea da...

Orain dela urte asko gertatu ziren gertakariak ikertzen ditugu, bai, baina oraingo unetik egiten dugu, memoriatik. Gertakari biolento orok aztarna traumatiko bat uzten du eta, Freudek orain dela ehun urte baino gehiago jakin zuenez, latentzia aldi baten ondoren, errepikapen modura itzultzen da. Horrela gertatu da Espainian, gerrari lotuta, baina baita beste memoria prozesu batzuetan ere; esaterako, Holokaustoan eta Latinoamerikako diktadura militar errepresiboetan. Sufrimendua purgatzen ez bada, ez da behar den dolua osatzen, trauma latente geratzen da, ebatzi zain. Gainera, ez da deuseztatzen zuzenean bizi eta sufritu zuen belaunaldia desagertu ondoren; aitzitik, hurrengo belaunaldiei transferitzen zaie, horiek ez gertakariak, ez horiek izan ziren garaia bizi ez badituzte ere, ez eta gertatutakoari buruzko ezer kontatu ez badiete ere. Nola liteke? Seme-alabek eta bilobek trauma heredatu dutelako, familian, arbasoetan zirauen aztarnaren bitartez. Bada ahozkoa ez den hizkuntza bat, eta bilobak horren lekuko izan dira. Espainiako trantsizioak ez zuen hori guztia aintzat hartu.

Berriki, Gogorak, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak, Gerra Zibilaren eta lehen frankismoko (1936-1945) hildakoei buruzko datu base bat ireki du. Non hobiratu zituzten ez dakigun 7.795 pertsona ageri dira. Bide luzea dugu aurretik?

«Senide bat non dagoen jakitea eskatzen bada, egongo da zer eginik»

Uste dut interesdunen eskaeraren eta gizartean presente dagoen traumaren dimentsioaren arabera proiektatu behar dela lana. Hain zuzen ere, senide bat non dagoen jakitea eskatzen duten pertsonak baldin badaude, egongo da zer eginik; izan ere, haiek memoriarako eskubidea dutenez, gizarteak memoriarako betebeharra du. Memoria traumatikoa purgatzen denean eta eskatzailerik ez dagoenean, ikertzen jarraituko da, baina beste modu batean, iraganeko beste gertakari batzuekin egiten dugun bezala.

Txostenak bi aldeetako desagertuak jasotzen ditu; hori, askotan, ez da argi eta garbi adierazten.

Alderdi kuantitatiboa alde batera utzita –ez zait asko interesatzen–, bi aldeetan egon ziren hildakoak, desagertuak eta errepresaliatuak, eta oinaze eta sufrimendu bera pairatu zuten batzuen eta besteen senideek eta gertukoek. Bada, ordea, bien arteko alderik: matxinatuek eduki izan zuten memoria, eta luze-zabal sozializatu zen denbora eta espazio mugagabean, beren familiek askatasuna izan zuten behar den dolua egiteko, ahal zen neurrian. Galtzaileen kasuan, bestalde, hori guztia egiteko gelditu zen, suntsitu egin baitzen frankismoaren garaian eta ahaztuta geratu baitzen demokraziako lehen hogei urteetan.

Memoria Historikoa Berreskuratzeko Elkarteak, Aranzadik eta beste elkarte batzuek lanean jarraitzen dute, oztopoak oztopo. Zer esango zenieke politikariei gehiago egin dezaten?

Kontrakoa egingo nuke; politikariei esango nieke ezer egiteari uzteko, alde batera gelditzeko. Eta nire kideei hau esango nieke: egin dezagun lana, politikariak etorri baino lehen. Politikariak ekimen sozialak sustatzeko behar ditugu, baina lanean jarraitzeko zer behar den galdetu eta laguntza eman, ez lukete besterik egin behar. Egia da horixe egin zuela Eusko Jaurlaritzak ni Aranzadiko taldean aktibo egon nintzen lehen urteetan.

Tzvetan Todorov-ek memoriaren erabilerez eta gehiegizko erabilerez ohartarazten zuen. Boterea memoria kontrolatzen saiatzen da, eta hori erabili nahi du ez gertakari jakin bati buruzko ezagutza handiagoa ezartzeko, oraingo interes politiko propio batzuen onurarako baizik. “Oroitzapen-ekarleak” esaten zien Todorovek; hau da, historialarien, gogoratzaileen eta lekukoen lanaz baliatzen direnak, beren egia ukaezina zehazteko.

Gogora dezagun pandemiarekin bizi dugun ikuskizun lotsagarria. Nork bere interes alderdikoiak defendatuta, ez dira gai gutxieneko akordioak egiteko eta, bien bitartean, jende asko hiltzen eta sufritzen ari da, eta lehen lerroan egon diren profesionalak izugarriak bizi dituzte. Horrek izen bakarra dauka: zitalkeria. Sufrimendu erreprimitu asko egon da, dolu asko egin gabe geratu dira eta memoria asko sozializatu gabe egon da; kasu honetan ere, gerraren errepresioan bezala, landu eta osatu egin beharko da hori, azken batean, lehenago edo geroago, purgatu egin beharko baita. Lan ildo bat ireki da, halaber, Gizarte Zientzietan; ari gara jada horretan.