euskaraespañol

Eguneko irudia

Frantziako Astronomia Elkarteak eta Frantziako Astronomia eta Astrofisika Elkarteak astronomo profesionalen eta amateurren arteko lankidetzaren Gemini 2021 saria eman diete Ricardo Huesori eta Marc Delcroixi

Bilboko Ingeniaritza Eskolako doktoreak Jupiterren eraginak detektatzeko eta karakterizatzeko proiektu bat aurkeztu zuen

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/06/21

Ezkerrean, Ricardo Hueso UPV/EHUko Fisika Aplikatuko Departamentuko ikerlaria eta, eskuinean, Marc Delcroix, astronomo amateurra

Frantziako Astronomia Elkarteak (SAF) eta Frantziako Astronomia eta Astrofisika Elkarteak (SF2A) Gemini 2021 saria eman diete Ricardo Hueso Bilboko Ingeniaritza Eskolako Fisika Aplikatuko Departamentuko irakasleari eta Marc Delcroix jaunari (astronomo amateurra), “Jupiterren inpaktuak detektatzeko eta karakterizatzeko proiektu amateur profesionalarengatik”.

SAFek eta SF2Ak astronomo profesionalen eta amateurren arteko lankidetzaren Gemini saria ematen dute urtero 2020tik. 2021ean Marc Delcroixi (SAF) eta Ricardo Huesori (Euskal Herriko Unibertsitateko Bilboko Ingeniaritza Eskola) eman die. Saria SF2A erakundearen urteroko bileran (“Semaine de l'Astrophysique Française”) banatu dute, aintzatespeneko domina bat eta 1.000 euroko diru-kopurua.

Edizio honetako Gemini saria Jupiter planetan 5 eta 20 metro arteko diametroa duten objektuen talkak sortutako argi flashen bilaketari dago lotuta. Planetaren atmosferan sartzen dira, su bola handi gisa su hartuz eta errez, eta une labur batez (segundo bat) Lurretik behaketa astronomikoa egiteko adina argi emanez.

Jupiter planetaren masa handia dela eta (317 aldiz lurreko masa), talka horien abiadura 60 km/s baino handiagoa da, eta askatutako energia leherketa nuklearren baliokidea da. Australiako astronomo amateur batek 2010ean aurkitu zuen lehen argi-flasha, eta, ordutik, guztira 6 argi-flash aurkitu dira. Horien karakterizazio zientifikoa UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Taldeak gidatu du.

Gemini sarian, astronomo amateurrek Jupiter planetako euren bideo behaketak aztertzeko erabiltzen duten DeTeCt izeneko analisirako software bat egitea saritzen da. Software horri esker, planetaren 4.080 behaketa ordu baino gehiagoren baliokide diren Jupiterren 165.000 bideo baino gehiago aztertu dira, hogei bat herrialdetan banatutako 100 behatzaile baino gehiagoren lankidetzari esker, eta horiek gertaera bitxi horien detekzio berriak eta Jupiter planetako egungo inpaktu erritmoa zehaztea ahalbidetu dute.

Astronomia amateur eta profesionalaren arteko lankidetzaren Javier Gorosabel saria

Lankidetza horrek Espainian ere jaso zuen aintzatespen zientifikoa; izan ere, Espainiako Astronomia Elkarteak eta Espainiako Astronomia Elkarteen Federazioak 2018ko astronomia amateur eta profesionalaren arteko lankidetzaren Javier Gorosabel saria eman zioten. Kasu honetan, Pro-Am lankidetza zabalago baten barruan, honako hauek saritu zituzten: Ricardo Hueso eta Agustín Sánchez alde profesionalean, eta Marc Delcroix eta Josep María Gómez Forrellad alde amateurrean.

Ricardo Hueso Fisikan lizentziatua (1996) eta Fisikan doktorea (2000) da UPV/EHUn. Doktoretza ondoko egonaldia egin zuen Côte d'Azurreko behatokian 2001-2002an, eta doktoretza ondoko prestakuntza UPV/EHUn jarraitu zuen 2003-2005 urteetan. Geroago, 2010etik, Ramón y Cajal (2006-2009) ikertzaile izan zen Bilboko Ingeniaritza Eskolan, Fisika Aplikatuko I. Departamentuko irakasle titularra den unibertsitate berean, hain zuzen ere.

Bere ikerketak atmosfera planetarioen azterketari heltzen dio, Eguzki Sistemaren eta planeta erraldoien eraketan ere lan egin duen arren. Ehun ikerketa-artikulu baino gehiago idatzi ditu, beste batzuekin batera, tartean Nature edo Science bezalako inpaktu handiko aldizkarietan egindako argitalpenak. Venus Express (ESA) misio espazialeko VIRTIS instrumentuko ikertzaileetako bat izan da, eta NASAren Mars 2020 misioko MEDA instrumentuko ikertzaileetako bat da. Era berean, askotariko espazio-misioen datuen azterketan hartu du parte (Voyager, New Horizons, Mars Express, Galileo edo Cassini).

Bere ibilbide zientifikoa, dibulgazio zientifikoaren arloan egin duen ibilbide luzearekin batera gauzatu du, eta dibulgazioko hitzaldi ugari eman ditu, ehun irrati-saio baino gehiagotan hartu du parte eta dibulgazio-aldizkarietan zenbait artikulu argitaratu ditu.