Gogoa aldizkariak Pello Huizi ekarri du gogora
UPV/EHUko Psikologiako irakasle izandakoaren artikulu esanguratsuenak bildu ditu azken zenbakian
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2024/07/09
Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Logika, Kognizio, Hizkuntza eta Informaziorako Institutuak (ILCLI) euskaraz argitaratzen duen Gogoa aldizkariak Pello Huizi Petrikorena UPV/EHUko Psikologia irakaslea ekarri du gogora (iaz hil zen), eta irakasle horrek aldizkari horretan argitaratu zituen artikulu esanguratsuenak jaso ditu azken alean.
Pello Huizi Petrikorena (Arano, 1942 – Bermeo, 2023) fraide frantziskotarra izan zen. Bere ibilbide akademiko eta profesionala Psikologian aritu izanak markatu zuen, eta diziplina horretan irakasle eta ikertzaile gisa nabarmendu zen, bai Arantzazuko santutegian, bai Euskal Herriko Unibertsitatean.
1969an Teologia Arantzazun eta Filosofia Erriberrin (Nafarroa) ikasi ondoren, Madrilera joan zen Psikologia ikastera bost urtez Complutense Unibertsitatean. Lizentziatu ondoren, Arantzazura itzuli zen irakasle lanak egitera. 1982tik 2007ra UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko irakasle eta ikertzaile izan zen. 1994an, Pello Huizik ‘Nortasunaren eta edukiaren ondorioak arrazoibide silogistikoan’ izeneko doktore-tesia osatu zuen, eta horrek giza adimenarekiko eta pentsamendu logikoarekiko interes sakona islatzen du. Irakasle eta ikertzaile lanaz gain, Euskal Herriko Unibertsitateko Logika, Kognizio, Hizkuntza eta Informaziorako Institutuko kide aktiboa izan zen, Jakin aldizkarian eta UZEI zentroan parte hartu zuen, eta ezagutza eta kultura zabaltzeko konpromisoa erakutsi zuen.
Kepa Korta UPV/EHUko Logika eta Zientziaren Filosofiako katedradunaren hitzetan, “ni haren ikasle izana nintzen, eta gizalegezko begirune akademiko eta pertsonala zor niola sentitzen nuen. Hierarkia iraultzen zuen, ordea, elkar ikusten genuenero. Pellok ikaslea bera balitz bezala jokatzen zuen nirekin, eta ezinegona eragiten zidan. Frantziskotar izaerari egozten nion egoeraren absurdoa, hasieran. Apaltasuna edo umiltasuna berezkoa zuela pentsatu nuen gero. Eta lotsarekin ere nahasten zuela; umore pittin batez bustitako lotsaz”.
Pello Huiziren heriotzak hutsune bat utzi zuen komunitate akademiko eta erlijiosoan, baina haren ondareak bizirik iraungo du hura ezagutu eta berarekin lan egiteko pribilegioa izan zutenen oroimenean. Psikologiarekiko zaletasunak, irakaskuntzarekiko konpromisoak eta ezagutzaren zabalkundean egindako lanak, Arantzazuko eta UPV/EHUko historian eta haratago, figura nabarmena bihurtzen dute. Gogoa aldizkariak omenaldi berezia egiten dio bere lanik esanguratsuenak argitaratuz.