Gai akademikoen inguruko ebazpenak

Erabakia, 2020ko maiatzaren 11koa, Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordearena, graduko eta masterreko ikasketa ofizialetako 2019/2020 ikasturteko ezohiko ebaluazio deialdiei buruzkoa

Bat etorrita errektorearen apirilaren 8ko Erabakiak dioenarekin, eskolak emateari dagokion irakaskuntza jarduera urruneko eta onlineko modalitateen bidez emango da UPV/EHUn, harik eta 2019-2020 ikasturtearen eskolaldia amaitu arte. Era berean, hori aurrera eramateko, UPV/EHUren organo eta instantzia eskudunek beharrezkoak diren irizpideak prestatuko eta koordinatuko dituzte ikastegiekin batera, beharrezkoak diren aldaketak eta egokitzapenak egiteko ebaluazio probetan, irakaskuntza gidetan, irakaskuntza eta ebaluazio sistemetan, curriculumeko eta curriculumez kanpoko praktiketan, eta aurrekoei lotutako beste edozein alderditan; hartara, irakaskuntza jarduerari jarraipena emango zaio urruneko eta onlineko modalitateen bidez.

Hortik abiatuta, eta ikasleek behar besteko aurrerapenez jakin zezaten zein baldintzatan ebaluatuko dituzten, UPV/EHUko graduko eta masterreko tituluen irakaskuntza eta ebaluazioa egokitzeko irizpideak onartu zituen unibertsitateko Gobernu Kontseiluaren Batzorde Iraunkorrak 2020ko apirilaren 8ko bileran, COVID-19aren pandemiak sortutako salbuespenezko egoerak dirauen bitartean aplikatuko direnak, eta horrela graduko eta masterretako ikasketetako ebaluazio prozedurak aipatutako modalitateetara egokitzeko beharrezkoak izan daitezkeen neurriak hartu, oro har. Irizpide horien arabera, onartutako egokitzapen oro ikasleei komunikatu behar zitzaien eGelaren bidez (eta, horrelakorik izanez gero, ikastegi bakoitzaren beste bitarteko elektroniko batzuen bidez), behar besteko aurrerapenez eta, edonola ere, apirilaren 30a baino lehen.

Une horretatik aurrera, UPV/EHUko errektorego taldeak lanean jarraitu du, ezohiko deialdiak modu presentzialean egin ahal izateko, betiere osasun egoerak horretarako aukera ematen badu.

Hilabete pasatu ondoren, eta osasun egoeraren bilakaera ona izan arren, alarma egoerak indarrean dirau, aurrez aurreko jarduerak etenda, eta mugitzeko baldintzak nahiko mugatuta. Era berean, ez dakigu nolakoa izango den hurrengo asteetako egoera, eta osasun agintariek ohartarazi dute gazteek birusa transmititzeko gaitasun handia dutela, eta horrek arriskuak ekar diezazkiekeela bai beren buruei bai ikasleak ikastegietara joanez gero haiekin harremanak izan ditzaketen adineko langileei.

Gauzak horrela, eta lehenengo eta bigarren lauhilekoetako ezohiko deialdiei dagozkien datak gero eta hurbilago daudenez, eta gure ikasleek behar besteko aurrerapenez jakin behar dutenez zein baldintzatan egingo den ebaluazioa, beharrezko neurriak hartu behar dira modu ez-presentzialean edo online egiteko ezohiko deialdiko ebaluazio probak, bai lehenengo lauhilekokoak bai bigarrenekoak. Edonola ere, aztertu egingo dira behar bezala justifikatutako salbuespenak. Horretarako, gomendatzen da kontuan hartzea UPV/EHUko graduko eta masterreko tituluen irakaskuntza eta ebaluazioa egokitzeko irizpideak, COVID-19aren pandemiak sortutako salbuespenezko egoerak dirauen bitartean, bai eta, irizpide horien osagarri gisa, UPV/EHUko webgunean eskuragarri dagoen EHU edonondik ebaluazioa dokumentua ere, bigarren lauhilekoko ohiko deialdian egin den bezala.

Adierazitakoagatik guztiagatik, eta Gobernu Kontseiluko Batzorde Iraunkorraren apirilaren 8ko erabakiak emandako ahalmenaren babesean, Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordeak honako hau

 

 

ERABAKI DU:

 

LEHENENGOA.- 2019/2020 ikasturteko lehenengo eta bigarren lauhilekoetako ezohiko deialdiko ebaluazio probak modu ez‑presentzialean edo online egingo dira, oro har.   

BIGARRENA.- Aurreko atalean xedatutakoa bete ahal izateko, organo eta instantzia eskudunek beharrezkoak diren neurriak hartu behar dituzte, betiere kontuan hartuta Gobernu Kontseiluaren Batzorde Iraunkorrak 2020ko apirilaren 8an onartu zituen UPV/EHUko graduko eta masterreko tituluen irakaskuntza eta ebaluazioa egokitzeko irizpideak, COVID-19aren pandemiak sortutako salbuespenezko egoerak dirauen bitartean.

HIRUGARRENA.- Egutegi akademikoetan egin beharreko egokitzapenetarako kontuan hartuko da aipatutako irizpideetako 1. atalean adierazitakoa eta, nolanahi ere, egokitzapen horiek diseinatuko dira ezohiko deialdiko aktak uztailaren 31 baino lehen itxi ahal izateko moduan.

Egokitzapen horiek ontzat eman behar dituzte ikastegietako batzarrek edo batzorde iraunkorrek, entzun ondoren ikastegiko Ikasleen Kontseiluko buruaren iritzia, eta Graduko Batzordeari edo Graduondoko Batzordeari helaraziko zaizkio, kasuan‑kasuan dagokionari, onar ditzan.

LAUGARRENA.- Ikastegi bakoitzak ikasleen ordezkariei eta bere ikasle guztiei jakinaraziko dizkie lehenengo eta bigarren lauhilekoetako ezohiko deialdietan egindako egokitzapen guztiak, 2020ko ekainaren 3a baino lehen.

 

 

 

Leioa, 2020ko maiatzak 11

 

Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordea

Araceli Garín Martín