Errektorearen ebazpen guztiak

UPV/EHU-ko errektorearen ebazpena, 2020ko martxoaren 14koa, COVID-19 birusaren agerraldiaren ondorioz UPV/EHUn aurrez aurreko jarduera guztiak etetekoa dena

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak martxoaren 13an adierazitako osasun larrialdiaren eta Espainiako Gobernuak martxoaren 14an adierazitako alarma adierazpenaren aurrean ezinbestekoa da beharrezko neurriak hartzea UPV/EHUn agindu horiek beteko direla bermatzeko.

Erakunde honen jarduerarako beharrezkoak diren alderdiak zehazteko datozen egunetan har daitezkeen neurriak kaltetu gabe, UPV/EHUren Estatutuek emandako aginpideak erabiliz, Errektoreak

EBATZI DU

Lehenbizi. - Martxoaren 16an, astelehena, 15:00etatik aurrera, UPV/EHUko zentro ezberdin guztietan kide guztien aurrez aurreko jarduera oro etetea, oinarrizko zerbitzuak mantentzeko izendaturikoenak izan ezik, zeinak Errektoregoaren Ebazpenaren bidez ezarriko diren.

Miguel de Unamuno Ikastetxe Nagusia irekita egongo da oinarrizko zerbitzuekin (sukaldaritza, jantokia eta garbitegia), bestelako neurririk hartzen ez den bitartean. Pertsona guztiek zehatz-mehatz bete behar dituzte osasun aholku guztiak, baita Ikastetxe Nagusiaren jarduketa protokolo berezia ere.

Kafetegiak eta zerbitzuaren gainerako emakidak itxiko dira, unibertsitateko egoitzei dagozkienak izan ezik, oraingoz.

Gainerako instalazioetan, eta aurrez aurrekoak izango ez diren eginkizunak betetzeko langileek behar den materiala erretiratu dezaten eta funtsezko zerbitzuak antolatzeko helburuarekin bakarrik, eraikinetara martxoaren 16an 8:00etatik 15:00era sartzeko aukera egongo da. Eraikinean eginbehar horretarako behar den denbora besterik ez da hartuko, jende pilaketak saihestuz eta osasun agintariek gomendatutako pertsonen arteko distantzia errespetatuz betiere.

Bigarren. - Unibertsitateko pertsona guztien telelan edo urruneko lan modalitatea baimentzea, betiere ahal denean, funtsezkotzat jotzen ez diren zerbitzuak bete daitezen. Lanaren ikuskatze eta antolamendua alor eta unitate ezberdinen arduradunen esku egongo da, Errektorearen eta Gerentearen koordinaziopean.

Hirugarren. - Ezarri diren funtsezko zerbitzuak gauzatu behar dituzten pertsonentzat beharrezkoak diren neurriak hartuko dira, haien osasuna modu egokian bermatzearren.

Laugarren. - Martxoaren 16an, astelehena, gainerako zerbitzuak eta unitateak ezarriko dira, horien funtzionamendurako pertsonalaren presentzia beharrezkoa denean, eta, beraz, Unibertsitateko instalazioetan sartzeko zeinek izango duen baimena zehaztuko da.

Halaber, aurrez aurreko jarduerak ez direnak zehazteko gainerako neurriak eta horiek garatzeko baldintzak argitaratuko dira.

Bosgarren. - UPV/EHUko langile guztiak aurkitzeko moduan egongo dira telefono bidez, eta horretarako bakoitzaren arduradunei beharrezko informazioa emango die, haiekin harremanetan jarri ahal izateko beharrezkoa denean.

Seigarren. - UPV/EHUko kideei ez zaie baimenduko lan arrazoiengatik unibertsitatetik inora joatea, salbuespenezko gertaerak izan ezik, Errektoreak edo haren ordezko batek espreski baimendu beharko dituztenak. Martxoaren 16tik aurrera gauzatzekoak diren desplazamenduetarako lehendik onartutako baimen guztiak baliorik gabe geldituko dira.

Zazpigarren.- Hutsegite justifikatutzat hartuko dira, eskubideen galerarik gabe, telelan sistemen bidez lan egitea ezinezkoa izaki langileen bertaratze presentziala beharrezkoa ez deneko kasuak.

Zortzigarren.- Unibertsitateko komunitate osoari (ikasleak, AZP, IIP) berriro eskatzea osasun agintariek adierazitako osasun publikoko gomendioak zorrozki jarrai ditzatela, zeinen funtsezko oinarria mugikortasunaren eta bizitza sozialaren murrizketa baita.

Bederatzigarren.- UPV/EHUn abian dauden prozeduren terminoak eta tramitazio epeak etenik gelditzen dira. Epeen neurketa berrekingo da alarma egoera ezartzen duen Errege Dekretua edo horren balizko luzapenak indarrik gabe gelditzen direnean.

Hala eta guztiz ere, organo ahaldunak erabakitzen ahal ditu, ebazpen arrazoituaren bidez, prozeduran interesatutako pertsonaren eskubide eta interesetan kalte larriak saihesteko behar diren ordenu eta instrukzio neurri guztiak, betiere pertsonak berak bere adostasuna adierazten badu, edo epea ez etetearekin ados dagoela adierazten badu.

Ebazpen honek eta adostutako neurriek ondorioak izango dituzte martxoaren 16tik aurrera eta horien indarraldiak egoera honek eskatzen duen arte iraungo du.

 

 

 

Leioan, 2020ko martxoaren 14an

NEKANE BALLUERKA LASA
UPV/EHUko Errektorea