Ekintzaile kopurua igotzen hasi da Euskadin
Euskal unibertsitateek GEM txostena aurkeztu dute, Autonomia Erkidegoko ekintzailetzari buruzko datuak monitorizatzen dituena
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2018/06/21
GEM (Global Entrepreneurship Monitor) ikertzaileen taldeak, UPV/EHUko irakasle María Saizek zuzentzen duenak, ekintzailetzari buruzko datuak aurkeztu ditu. Datu horiek ekonomia eta enpresa jarduera bultzatzeko erabiltzen dituzte erakundeetako arduradunek. Euskal Herriko Unibertsitatea buru duen ekimen horretan, Deustuko eta Mondragon unibertsitateetako ikertzaileek ere parte hartzen dute. SPRI, Enpresa-garapenerako euskal agentzia, erakunde bazkidea da, eta hiru lurraldeetako aldundiek kolaboratzen dute.
Gure lurraldeko ekintzailetzaren egungo egoeraren argazkia erakusten duen azterlan honek aditzera ematen du aldi horretako guztizko jarduera ekintzailea nabarmen hazi dela EAEn: 2016an erregistraturiko % 3,3tik egungo % 5,8ra igo da. Horretaz gain, enpresen sendotzearen adierazlea neurrian berreskuratzen ari da; eta biztanleriaren zahartzea ere antzematen hasia da, gora egin baitu erretiroa hartzen ari diren, eta, ondorioz, jarduera uzten duten enpresarien kopuruak.
Txostenaren arabera, EAEko ekintzailearen profila gizonezkoa da (% 59), batezbesteko adina 40 urtekoa izanik, prestakuntza maila altua eta goi mailako errentaduna. Ekintzailetzarako motibo nagusia aukeren identifikazioa izaten da.
Finantziazioari dagokionez, ekintzailetzarako sorburu kapitala hazi egin dela egiaztatzen da: 23.500 euro (estatuaren esparruko 15.000 euroen aldean). Halaber, abian jartzeko inbertsio altua (>150.000 euro) duten proiektu berrien hazkunde garrantzitsua nabari da. Ohiko izaten denez, finantziazio iturri nagusia (% 45) lantalde sustatzaile propioaren ekarpenek osatzen dute. Horien ondotik datoz finantza erakundeak (% 15,71), inbertitzaile espezializatuak (% 10,72), senideen ekarpenak (% 10,36) eta laguntza publikoko programak (% 9,82).
Ekintzailetzaren hazkunde horrek berekin dakar enpresa berriek enplegua sortzeko duten gaitasuna ere haztea: gutxiago dira autoenplegura orientaturiko ekimenak, eta gehiago batetik bostera bitarteko enplegu kopurua sortzen duten proiektuak. GEM ikerketa honetan erabilitako berrikuntza adierazleei dagokienez, berritasunen bat duten produktu edo zerbitzuak dira, eta haien indargune nagusia lehiakide gutxi izatean eta urtebete baino berriagoak diren teknologiak erabiltzean datza. Negozio berrien internazionalizazioa egonkor mantentzen ari da.
Bestetik, negozio aukera onak sortzen ote direnari buruzko pertzepzioa hazten ari da azken urte hauetan –% 30,6 izateraino–, eta krisialdi ekonomikoaren aurretiko maila berreskuratu da. Nabari da, gainera, emakume ekintzaileen eragin berezi bat ere: aukerak hobeto detektatzen dituzte, ez diote porrot egiteari horrenbesterako beldurrik izaten eta konfiantza handiagoa izaten dute beren ezagutzan eta trebezietan, gizonen aldean.
Pertsona ekintzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleriaren % 6 dira 2017-18an. Kultur, teknologia eta gizarte aldaketaren funtsezko eragileak dira; enplegua, proiektu berritzaileak eta enpresa birsorkuntza bultzatzen dute. Ondorioz, gizonezko eta emakumezko enpresariak premiazko piezak ditugu gure gizarteetan; batez ere, egoera ekonomiko eta sozial berriei aurre egin nahi zaienean.