euskaraespañol

Eguneko irudia

Repsol Fundazioak eta UPV/EHUk ekonomia zirkularra bultzatzeko ikasgela bat sortu dute

Trantsizio energetikoaren ikasgela honek (Repsol Fundazioak eta UPV/EHUko Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko Errektoreordetzak sustatuta) hizpide izango du ekonomia zirkularrak industriaren balio katean jokatzen duen rolaren azterketa.

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/11/05

Repsol Fundazioak eta UPV/EHUko Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko Errektoreordetzak trantsizio energetikoko ikasgela berri bat egin dute; ekonomia zirkularrak industriaren balio katean jokatzen duen rola aztertuko du, ekoizpen zikloetan birsortze ereduak hedatzeko eta ekonomia zirkularraren eta industriaren deskarbonizazioaren eta desmaterializazioaren arteko loturak zehazteko.

Ikasgelaren helburuetako batzuk dira gaiari buruzko ezagutza sortzea eta zabaltzea, tartean dauden eragileen artean komunitatea sortzea, eta tartean dauden industrietako ikasleen, irakasleen eta profesionalen arteko prestakuntza, bai eta ekonomia zirkularreko funtsezko beste eragile batzuena ere.

Horretarako, urteroko jarduerak egingo dira; tartean, elkarlaneko saioak antolatzea unibertsitatean, udako ikastaroak antolatzea eta ekonomia zirkularraren arloko gradu amaierako lan, master amaierako lan eta doktorego tesi onenentzako sarien deialdia. Gainera, gizarteari ezagutza akademikoaren berri emateko, mintegiak, foroak eta ekonomia zirkularrak aztertutako industria sektoreetan duen garapenari buruzko urteroko jardunaldi bat egingo dira.

Ekonomia zirkularra trantsizio energetikoaren oinarri bat da; izan ere, gaur egun dugun sistema ekonomikoa eredu lineal batean oinarritzen da (erosi-erabili-bota) eta hori jasanezina da planetarako. Arazo horri aurre egiteko, Europako Batzordeak Europako Itun Berdea (European Green Deal) onartu zuen 2019ko abenduan; 2050ean, neutraltasun klimatikoa lortzea espero du. Klimaren Europako Legea ere proposatu du Europako Batzordeak, konpromiso politiko hori lege betebehar bihurtzeko. Esparru horretan, 2020ko martxoan aurkeztu zen Ekonomia Zirkularraren Europako Ekintza Planaren arretagunea ekonomia zirkularra da, ekoizpen eredu berri baten estrategia gisa, bai eta Ekonomia Zirkularraren Espainiako Estrategia ere, 2020ko ekainean onartu zena, filosofia horri berari jarraitzen diona.

Trantsizio energetikorako katedren sare bat

Repsol Fundazioak, trantsizio energetikoaren arloko ezagutza zientifikoa sustatzeko estrategian, zenbait katedra ditu erreferentziako unibertsitateen sare batean.

Euskal Herriko Unibertsitatearekin egin duen katedra berri honez gain, honako beste hauek osatzen dute sarea: Bartzelonako Unibertsitatea –CO2-a hartu, erabili eta gordetzeko sistemetan zentratua–, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoaren Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoa (ETSII-UPM) –mugikortasunean zentratutako beste katedra bat sortu du harekin–, Comillasko Unibertsitatea (ICAI) –haren katedrak industriaren deskarbonizazio jasangarria lortzeko bideak aztertzen dihardu eta produktuen karbono aztarna eta bizi zikloa erabiltzen ditu analisi tresna gisa–, Nafarroako Unibertsitatearen Ingeniaritza Eskola (Tecnum) –hidrogenoak energia bektore gisa jokatzen duen rolean zentratua–.