euskaraespañol

Eguneko irudia

Carlos III Unibertsitateko Kazetaritza irakaslea

Raúl Magallón: «Sare sozialekin mezu faltsuak zabaltzeko gaitasuna demokratizatu da»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2023/05/04

Raúl Magallón. | Argazkia: Tere Ormazabal. UPV/EHU.

Raul Magallón Rosa Madrilgo Carlos III Unibertsitateko ikertzailea eta Kazetaritzako eta Ikus-entzunezko Komunikazioko irakaslea da. Desinformazio-kanpainen aurkako estrategia nazional bat egitea proposatzen duen taldeko kidea da, eta aditua da albiste faltsuen eta desinformazioaren arloan. Updating news. Información y democracia liburua argitaratu berri du, “sistema demokratikoek dituzten ahultasunak beren onurarako” erabiltzen saiatzen direnei kritika.

Gaiari buruzko artikulu ugari idatzi ditu eta, gaur, maiatzak 4, ‘Informazioa eta desinformazioa. Egungo egoeraren azterketa kritikoa’ hitzaldia emango du Bizkaia Aretoan, UPV/EHUk antolatutako Giza Genomaren eta Zuzenbidearen XXIX. Nazioarteko Kongresuan. «Pandemian desinformazio-prozesuak normaldu egin ziren eta eguneroko bizitzan integratu», dio adituak.

Egin dezagun fake news kontzeptuaren ibilbide historikoa. Trump-ekin hasten da, haren aurrekoa da edo trantsizioa dago?

Kontzeptua aurrekoa da, baina beste aplikazio batzuk zituen. Estatu Batuetan, adibidez, hedabide satirikoei aplikatzen zitzaien. Hala ere, diskurtso publikoan sartu zenean eta ordezkari politikoek erabili zutenean, beste konnotazio batzuk hartu zituen.

Adibidez?

Pandemian, munduko herrialde askotan, fake newsen aurkako legeak onartzen saiatu ziren, baina haien benetako helburua adierazpen- eta informazio-askatasuna mugatzea zen. Gainera, ordezkari politikoek askotan erabili izan dute kazetariei, kritikoei edo ahots disidenteei eraso egiteko. Desinformazioaren mundua dirudiena baino askoz konplexuagoa da, sare sozialek funtsezko zeregina baitute. Horregatik guztiagatik, gu Akademian  fake news terminoa ez erabiltzen saiatzen  gara, nahiago dugu desinformazio-prozesuez edo -bektoreez hitz egitea.

Eta zergatik?

2018an,  fake news hitza 210 aldiz erabili zuen Donald Trumpek Twitter-en. Informazio kritikoei aurre egiteko eta informazioa beste  kontu batzuetara desbideratzeko estrategia zen. Egia esan, berria zen; izan ere, jaiki orduko, albiste kritikoak zein ziren ikusi eta bere interesetara bideratzen zituen. Hala, diskurtso publikoaren agenda aldatzen zuen, jarraitzaileak polarizatzen zituen eta mesfidantza sortzen zuen sistema demokratikoan.

«Pandemian desinformazio-prozesuak normalizatu ziren eta eguneroko bizitzan txertatu ziren»

Lehen esan duzu sare sozialek funtsezko zeregina dutela. Ideia hori gara dezakezu?

Desinformazioa ulertzeko modua aldatu duten lau une garrantzitsu daude. Lehena, 2010-2012 inguruan, Udaberri Arabiarra edo M11 gertatu zenean, sareak beste diskurtso politiko mota baterako sarrera gisa erabiltzen hasi ziren. Une horretan, zenbait aktore, hala nola Errusia, sistema demokratikoak ahultzeko tresna izan daitekeela ulertzen hasi ziren. Bigarrena, 2016. urtean, Brexitarekin, Kolonbiako erreferendumarekin eta AEBko hauteskundeekin, ulertu zen desinformazioak diskurtso politikoak polarizatzeko duen eginkizuna. Hirugarren unea pandemia betean izan zen, desinformazio-prozesuak normalizatu eta eguneroko bizitzan indar handiagoz integratu zirenean. Eta, azkenik, Ukrainako gerrarekin, propagandarekin eta abarrekin zerikusia duena.

Baina sare sozialak baino lehen ere bazeuden albiste faltsuak, zer aldatu da haiekin?

Hainbat kontu. Lehen, batez ere, desinformazioa estatuko aparatuekin, propagandarekin eta abarrekin lotzen zen, eta sare sozialak iristean, hainbat aldaketa gertatu dira: mezu faltsuak zabaltzeko gaitasuna demokratizatu da, desinformazio-prozesuak eta biral bihurtzeko gaitasuna azkartu dira, eta, gainera, informazioa boterearen sinonimo zen sistema batean aldaketa bat gertatu da, lehen informazio gutxi eskuratzeko aukera zegoelako eta orain gehiegizkoa delako.

Informazio gehiegi izateak eragin handia izan zuen pandemian. Nola izan daiteke arriskutsua informazio gehiegi izatea?

Gaur jendeari galdetzen badiozu informatuta sentitzen ote den, gehienek ezetz esango dute, eta ezezko horrek larritasuna eragiten die. Ideia honekin ere badu zerikusia: esponentzialki handitu da eskuragarri dagoen informazioa, baina ez da handitu kalitate demokratikoa, ez eta demokratikotzat jotzen diren herrialdeen kopurua ere.

Komunikazioaren alde iluna aztertzen duzu: sekretua, zurrumurrua edo egia-ostearen etorrera.  Zerk eragin zizun arreta gai hori ikertzen hasteko?

Semiotikaren atal batek gezurra aztertzeko ideiarekin lan egiten du. Ikasketa-eremu hori ezagutzen dut, eta hasieran garrantzirik ez zutela ziruditen berri faltsu horiek normalizatu egin ziren, eta horri buruzko ikerketak egin behar zirela pentsatu nuen.

Albiste faltsuak, egia-ostea, desinformazioa: hiru hitz sinonimoak direnak ala antzeko esanahiak dituztenak?

Kultura anglosaxoian, fake news-ekin zerikusia duena desinformazioaren barruan sartzen da, zehazki, sare sozialekin eta plataformekin zerikusia duenarekin. Kontuan hartu behar da ingelesez hiru terminok bereizten dituztela desinformazioa, okerreko informazioa (intentzionalitatea duena) eta informazio maltzurra. Gaztelaniaz bereizketa hori ez dago argi.

Clickbait-a (klik-proportzio handiena erakartzeko titular sentsazionalista eta engainagarriak erabiltzen dituzten interneteko edukiak) talde horietako baten parte da?

Printzipioz bai. Hala ere, bi motatakoak daude: arreta erakarri nahi duena eta iragarri duenaz bestelako informazioa eskaintzen duena. Noski, helburua desberdina da, bata komunikabideen berezkoa delako, arretaren ekonomiaren barruan irabazi nahi duelako, eta bestea irakurlea engainatzen saiatzen delako.

Ia hiru urte igaro dira konfinamenduaren garaitik, gezurrak eta informazioa handitu ziren garaitik. Ordutik zerbait aldatu da?

Orain kontzientzia handiagoa dago arazo horretaz. Gainera, autorregulaziorik ezaren alde egiten zuen Europar Batasunaren eginkizuna, Ukrainako gerrarekin batera, neurriak hartzen hasi da. Aldaketa erabakigarria da,  EB legeak egiten eta joko-arauak ezartzen saiatzen ari delako desinformazioan, teknologian eta adimen artifizialean, besteak beste.

Europan bada Desinformazio Arloko Jardunbide Egokien Kode bat, EBk sinatua, baina zuk adierazi duzu inork ez duela betetzen.

Kodea gardentasunean eta kontuak ematean oinarritzen da, eta arazoa da enpresa teknologiko eta erakunde nazional bakoitzak bere joko-arauak markatu nahi dituela. Hori da EB aldatzen saiatzen ari dena eta, horregatik, berritzen ari da.

«EB legeak egiten eta joko-arauak ezartzen saiatzen ari da desinformazioan, teknologian eta adimen artifizialean, besteak beste» 

Gizarteak errealitatea manipulatu eta desinformatzea helburu duten agente gaizto gisa hautematen al ditu komunikabideak?

Kazetaritza lanbide zailenetako bat dela uste dut. Erronka intelektuala da, egunero egin diezaiokezu aurre gauza berri bati, eta, gainera, gezurra esaten saiatzen diren iturrietatik babestu behar duzu, gizartearen zati batek gezurtia kazetaria dela uste duen bitartean. Hala ere, zenbait inkesta eta barometrok adierazten dute pertsonek ez dietela errua egozten hedabideei eta ez dituztela desinformazioaren erantzuletzat hartzen, baina bai uste dutela ezinbestekoak direla arazoa konpontzeko. Eta horri gehitu behar zaio, sare sozialetako ahotsak biderkatzeaz gain, komunikabideen kopurua ere handitu egin dela.

Digital News Report 2020k adierazi zuen komunikabideekiko konfiantza batezbesteko globalaren azpitik dagoela Espainian. Zer egin beharko litzateke galdutako konfiantza hori berreskuratzeko?

Arazo nagusia da komunikabideen arretaren ekonomia nabarmen murriztu dela, streaming plataformekin eta sare sozialekin lehiatu delako, non mezuak dibertsifikatuago baitaude. Horregatik, komunikabideek inoiz baino gardenagoak izan behar dute gauzak kudeatzeko moduarekin, nork finantzatzen dituen eta lan-prozedurak azalduz, eta akatsak zuzentzeko mekanismoak sortuz.

Uste duzu badirela garai aproposak desinformazio gehiago eta gezurrak sortzeko?

Bai. Argi dago gaurkotasun-zikloak desinformazioaren narratiba markatzen duela. Ikus daitekeenez, klimarekin zerikusia duten gaiak ugaritu egiten dira bero-boladekin, edo migrazioarekin zerikusia duten gezurrak gehiago dira udako hilabeteetan. Gauza bera gertatzen da hauteskunde-prozesuetan, non alderdi politikoek eta erakundeek funtsezko zeregina baitute.

«Harritzen nau hainbeste irakastordurekin eskolak ez duela inoiz sare sozialez hitz egin, ez eta alfabetatze digitalak dakarrenaz ere»

Zein da albiste faltsuak sortzen dituzten pertsonen helburua?

Hainbat helburu daude, batzuetan ekonomikoak, beste batzuk politikoak, narratiba motaren arabera. Irakurleak ezegonkortzea da nagusietako bat.

Epe laburrerako egoera hobetzeko proposatzen dituzun irtenbideak hauek dira: gobernuko lan-taldeak, aditu-taldeak, parlamentu-txostenak, legeak eta ekimen legegileak, eta desinformazioaz ohartarazteko online atariak. Epe luzeko neurriak antzekoak izango lirateke?

Neurri asko daude. Adibidez, bigarren hezkuntzako eta unibertsitateko ikasleekin eztabaida-talde batean egon nintzen, eta gehien harritu ninduten gaietako bat izan zen urtean 1.000-1.054 eskola-ordu dituztela. Sareetan, hala nola Tik Tok eta Instagramen, denbora gehiago pasatzen zuten. Eta harritzen nauena da hainbeste irakastordurekin ez dela inoiz sare sozialen erabileraz hitz egin, ez eta alfabetatze digital mediatizatuak dakarrenaz ere. Berandu iritsi gara.