Molekula batzuek serotoninaren errezeptore zelular batean nola jokatzen duten aztertu du lanak; eskizofreniaren sintometan modu bereizian eragitea ahalbidetuko luketen mekanismoak deskribatzeko, garunaren beste prozesu batzuk kaltetu gabe.
Eskizofreniarako tratamendu pertsonalizatuak garatzeko atea ireki du UPV/EHUk parte hartzen duen nazioarteko azterlan batek
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2024/05/29
Eskizofrenia diagnostikatuta duten pertsonentzat tratamendu berri pertsonalizatuak sortzea erraztu dezake Hospital del Mar Ikerketa Institutuak Euskal Herriko Unibertsitateko Neuropsikofarmakologia ikeketa taldearekin eta Buruko Osasuneko CIBERekin (CIBERSAM) elkarlanean egindako nazioarteko azterlan batek. Hainbat sintoma mota jasaten dituzten pazienteen kasua da, hala nola eldarnioak, haluzinazioak, gabezia kognitiboak (memoriari edo lengoaiari eragiten diotenak) eta sintoma depresiboak. Egungo tratamenduak, neurri handi batean, diana terapeutiko jakin batera zuzenduta daude: 2A motako serotoninaren errezeptorea. Tratamendu horiek ez dute aukerarik ematen pazientearen sintometan modu selektiboan eragiteko. Ondorioz, gaixoek albo ondorioak jasaten dituzte, metabolikoak edo motorrak, eta horrek tratamendua uztea errazten du.
Zentzu horretan, G proteinek (funtsezko funtzioa dute zelulen erantzunaren modulazioan) eskizofrenian zer funtzio betetzen duten zehazteko aukera eman du lanak. Zehazki, proteina horren bi motak nahasmenduaren sintoma nagusiak modulatzea ahalbidetzen dutela frogatu du. Jana Selent doktorea azterlanaren egile nagusietako bat da, eta Hospital del Mar Ikerketa Institutuko G proteinei akoplatutako errezeptoreetan oinarritutako farmakoen aurkikuntzaren gaineko ikertaldearen koordinatzailea. Hark adierazi duenez, “proteina horiek errezeptore berera akoplatuta daude, baina ez dute modu berean jokatzen eta askotariko erreakzioak eragiten dituzte zeluletan; horrek oso informazio baliotsua ematen digu etorkizuneko azterlanetarako, eskizofrenia modu indibidualizatuan tratatzeko sendagaiak garatzeko, paziente bakoitzaren sintomei egokituta”.
Konplexutasun maila altuko azterlana
Ondorio horiek ateratzeko, ikertzaileek ikerketa konplexua egin zuten. Hasteko, eskuragarri zeuden hainbat molekula aukeratu zituzten, gizakietan baimendu gabeko farmakoak izan arren, 2A motako serotoninaren errezeptorearekin elkarri eragiteko gaitasuna aztertzeko, maila molekularrean, atomo mailako simulazioetan oinarrituta. Horri esker, lau konposatu hautatu ahal izan zituzten. Horiek, lehendabizi, zeluletan aztertu zituzten, eta errezeptorearekin elkartzean hainbat motatako G proteinetan erantzunak eragiten dituztela frogatu zuten.
Emaitza horiek giza garunaren ehunaren laginetan (Euskal Herriko Unibertsitateko Neuropsikofarmakologia taldearen ehun bankukoak) aztertu zituzten gero. Azterketa horietan frogatu zutenez, “konposatuek oso jarduera ezberdina izan zuten G proteinekiko: batzuek aktibatu egiten zituzten, baina beste batzuek desaktibatu”, azaldu du Patricia Robledo doktoreak. Hura ere lanaren egile nagusietako bat da, eta Farmakologia Integratuari eta Sistemen Neurozientziari buruzko Italdeko ikertzailea. Hala, "2A serotoninaren hartzailea G proteina jakin batzuetara egokitzea inhibitzeko aukera proposatu da alderantzizko agonista izeneko farmako mota berri bat diseinatzeko interes-ildo gisa, koadro psikotikoen aurrean tresna potentzial gisa", adierazi du Rebeca Diez-Alarciak, artikuluaren lehen sinatzaileak, eta UPV/EHUko ikertzaileak.
Gainera, eskizofreniaren sintomak simulatzeko diseinatutako sagu eredu batean, konposatu horiek ondorio espezifikoak zituzten jokabidean, aktibatzen zuten G proteinaren arabera. Hala, saguetan teknika farmakologikoak eta genetikoak erabilita, G proteina horietako batek psikosiarekin lotutako sintometan parte hartzen duela frogatu zen, eta beste G proteina mota batek gabezia kognitiboetan.
Robledo doktorearen arabera, “eskizofrenia duten pazienteen profil jakin bati eragiteko eta on egiteko farmakoak garatzeko diana terapeutiko esperantzagarriak identifikatzen diren lehen aldia da”. Azterlanean erabili diren konposatuak, oraindik ere, ezin dira gizakietan erabili, baina Jana Selent doktorearen arabera “eskizofrenia tratatzeko bide espezifikoagoak hartuko dituzten etorkizuneko farmakoen diseinu kimikorako plan bat erakusten du lan honek, hainbat eskalatan, albo ondorioekin lotutako bideak saihestuz, eta hori oso garrantzitsua da tratamendu pertsonalizatuagoa lortzeko”.
Daniel Berge doktoreak, Ospitaleko Buru Osasuneko Institutuko psikiatrak, ez du lanean parte hartu, baina honakoa adierazi du: “Eskizofreniaren tratamendurako farmako selektiboagoak diseinatzen lagunduko du azterlan honek, tolerantzia hobea eta gaixotasunaren sintomen gainean zehaztasun handiagoa eskain dezaketen farmakoak. Horrek guztiak tratamenduari hobeto atxikitzen lagunduko luke, eta hori giltzarria da birgaixotzeak saihesteko eta bizi kalitate hobea lortzeko”.
ERAnet NEURON-ek finantzatu du lana, Europako funtsekin, baita Espainiako, Alemaniako eta Kanadako funts publiko lehiakorrarekin.
Erreferentzia bibliografikoa
- G protein-specific mechanisms in the serotonin 5-HT2A receptor regulate psychosis-related effects and memory deficits
- Nature Communications
- DOI: 10.1038/s41467-024-48196-2