Metodo berri bat proposatu dute melanomaren bilakaera aurreikusteko
UPV/EHUk gidatutako ikerketa baten arabera, BRAF (BRAF-V600E) genearen mutazio karga zehazteak bidea emango luke metastasia garatuko den aurrez jakiteko
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2020/05/26
Melanoma tumore gaiztoa da, melanozitoen eraldaketatik sortua. Melanozitoak melaninaren sintesiaz arduratzen diren larruazaleko zelulak dira, eta melanina, berriz, eguzki erradiazioaren ondorio kaltegarrietatik babesten gaituen polimero konplexu bat. Melanoma, larruazaleko minbizietan ezohikoena bada ere, hilgarritasun tasa handienekoa da, batik bat, metastasi probabilitate handia duelako.
Pazienteari melanoma diagnostikatzean aurreratua badu, BRAF-en inhibitzaileen bidezko terapia adjubantea onuragarria izango den aztertzen da. Horretarako, laborategi klinikoek pazienteak BRAF genearen mutazio jakin bat duen edo ez duen aztertzen dute, zehazki, BRAF-V600E mutazioa, zeina melanoman ohikoena den. Mutazio «eroale» esaten zaio, alegia, mutazio horrek tumorearen eraldaketa eta hazkundea errazten du.
Alabaina, gero eta agerikoagoa da tumoreak oso heterogeneoak direla, eta tumore berean askotariko mutazioak eta portaerak dituzten zelula azpipopulazioak daudela. «Beraz, gure iritzian, mutazioa kuantifikatzeak askoz ere informazio gehiago ematen du, mutazio hori hautematen saiatze soilak baino (positibo edo negatibo). Biopsien bidez egin daiteke kuantifikazioa, PCR-digitala izeneko teknika berritzailea erabilita», dio Arrate Sevillak, EHUko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saileko salonsoLab-eko ikertzaileak (Giza Biologia Ebolutiboko Taldea).
Ikerketan 78 pazienteren biopsien mutazio karga aztertu zen, eta BRAF-V600E mutazioaren kargak pazientearen egoerarekin alderantzizko korrelazioa zuela ikusi zen; hau da, pronostikoan markatzaile gisa erabilgarria izan daitekeela pentsa liteke. Baina, gainera, interesgarriena da II. estadioko pazienteetan alderantzizko korrelazioa zuela metastasiaren garapenarekin. Hau da, metastasia garatu zuten pazienteek, oro har, mutazioaren ehuneko txikiagoa zuten tumore primarioetan. Hala, machine learning-ean oinarritutako analisi prediktiboen bitartez, ikusi zen BRAF-V600Eren mutazio karga erabil zitekeela II. estadioko pazienteak metastasiko edo ez-metastasiko gisa sailkatzeko, baita erabili ohi den markatzailearekin, Breslow lodierarekin, baino modu zehatzagoan sailkatzeko ere.
UPV/EHUz gain, BioCruces Bizkaia Institutuko, Onkologikoko eta Ikerbasqueko zientzialariek ere parte hartu duten talde horren analisien arabera, badirudi mutazio horren kargak pronostikoarekin lotura duela. «II. estadioan dauden pazienteetan, bederen, metastasia garatuko den aurreikusteko balio dezake», adierazi du Sevillak.
Emaitzak atarikoak dira, alegia, beharrezkoa da balizko markatzaile hori paziente talde askoz ere zabalago batean egiaztatzea. «Hala ere, uste dugu gure aurkikuntza bide onean egina dela, eta atea irekitzen diola tumore horren bilakaera mekanismoei buruzko ikerketa gehiagori», erantsi du ikertzaileak.
Informazio gehigarria
Lan horretan buru aritu da Santos Alonso, UPV/EHUko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Sailekoa, eta ELKARTEK ONKOIKER proiektuaren parte da. Proiektu hori Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak laguntzen du diruz (KK2018-00090), eta UPV/EHUren Medikuntza eta Odontologia Fakultateko María Dolores Boyano da ikertzaile eta koordinatzaile nagusia.
Erreferentzia bibliografikoa
- BRAF V600E mutational load as a prognosis biomarker in malignant melanoma
- PLoS ONE 15 (3): e0230136.
- DOI: 10.1371/journal.pone.0230136