euskaraespañol

Gaurko irudia

Ibilgailuekin etengabeko lanetan aritzen den lehen robot kolaboratiboa

UPV/EHUn defendatu den eta Gasteizko Mercedes-Benz lantegian garatu den tesi baten emaitza da

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2021/03/18

Daniel Teso Fernández de Betoño
Daniel Teso Fernández de Betoño. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Daniel Teso Fernández de Betoñok UPV/EHUko Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolan egin zuen doktorego tesia, eta etengabeko lanak egin ditzakeen plataforma mugikor eta kolaboratibo bat izan da tesiaren emaitza, Mercedes-Benz enpresak Arabako hiriburuan duen lantegirako. Ikerketa horrek eremu berri bat ireki du lanpostu horien ergonomia hobetzeko eta robota eta gizakia elkarlanean aritzeko.

Nabigazio autonomoa duen robotika kolaboratiboaren bidez torlojuz lotzeko prozesuak mugimenduan egiteko ideia Gasteizko Mercedes-Benz lantegian sortu zen. Daniel Teso Fernández de Betoñok, bere doktorego tesiaren bidez, lan lerroen araberako teknologia trebe eta eraginkorra ikertzeko, garatzeko eta txertatzeko helburua izan du, bai eta teknologia horrek langileei mesede egitekoa ere.

Mercedes-Benz enpresako muntaketa katearen amaierako lan gehienak eskuz egitekoak dira. Eremu horretan, gainera, dena dago mugimenduan; beraz, pertsona orok ezin du lan egin espazio horietan.

Daniel Tesoren tesian funtsezkoa izan da lan egin bitartean ibilgailuaren mugimendua jarraitzeko gauza den plataforma bat ikertzea eta garatzea. Modu horretan, muntaketa-prozesuak ez dira eten behar. Robot kolaboratiboen teknologiak eta plataforma mugikorrak garapen handia izan dute enpresa handietan, baina enpresek ez dute etengabeko lanetan aritzen den robotik landu orain arte. Hau da, robot kolaboratiboa lan eremu zehatzeraino mugitzen da; orduan, plataforma mugikorra gelditu egiten da, eta robotak bere lanari ekiten dio.

Proiektuak bi ikerketa biltzen ditu. Alde batetik, nabigazio autonomoa darabilen AMR (ingelesez, Autonomous Mobile Robots) baten garapena erakusten da, eta, bestetik, tresna zehatzak aurkezten dira Mercedes-Benz lantegirako. AMRak plataforma mugikor eta ahaltsuak dira, eta barne nabigazio autonomoa darabilte ezaguna zaien edozein eremutatik mugitzeko. Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolan mota horretako plataforma bat diseinatu zen lokalizazio algoritmoak lantzeko. Era berean AMR bat eta robot kolaboratibo bat landu ziren, biak ere komertzialak, Gasteizko Mercedes-Benz lantegiko azpiegituren barruan erabiltzeko. Garapen horren bidez, robotak mugitu, kokatu eta kalitatezko lana mugimendu etengabean egin behar zuen lanpostuen efizientzia landu zen.

Prototipoak aukera ematen du torlojuz lotzeko prozesuak mugimenduan egiteko

Lanari esker, Mercedes-Benz lantegirako prototipo bat sortu zen, merkatuaren barruko teknologia irisgarria erabiliz, baina tesian garatu ziren algoritmoekin, torlojuz lortzeko prozesuak mugimenduan egiteko. Prototipoa gai da lan egingo duen ibilgailuarekin bat egiteko; modu horretan, plataforma mugikorraren mugimendua zuzentzen du, plataformari jarraitzeko, eta, era berean, robotaren kokapenaren zuzenketa txikiak egiten ditu, dagokion lana burutu arte.

Informazio gehigarria

Tesia abenduan defendatu zuen, eta prototipoa Amaierako Muntaketaren Laborategi Fabrikako instalazioetan aurkeztu da. Berrikuntza gune horretan, Mercedes-Benz enpresak instalazio eta teknologia berriak probatzen ditu ekoizpenean sartu aurretik. ‘Robotika kolaboratiboa nabigazio autonomoarekin bihurketa prozesuak egiteko etengabeko lanetan’ izeneko tesiaren zuzendaria Ekaitz Zulueta irakaslea izan da, eta Javier Gómez Hidalgo izan du zuzendarikide, automobil enpresaren barruan.

Lana oinarri hartuta, 11 artikulu argitaratu dira, horietako hiru plataforma mugikorren ingurukoak, hain zuzen. Gainera, bi dei-proiektu jarri dira abian. Alde batetik, Hazitek programaren proiektu bat, Mercedes-Benz-ekin elkarlanean, eta, bestetik, Elkartek programarena bat, adimen artifizialaren esparruko berrikuntzari loturik.

Erreferentzia bibliografikoa