euskaraespañol

Galesko lehen ministroa Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleekin bildu da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2023/03/31

Galesko lehen ministroarekin talde argazkia

Mark Drakeford, Galesko lehen ministroa, Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleekin bildu zen joan den ostegun arratsaldean Bizkaia Aretoan. Ekitaldian, besteak beste, Eva Ferreira UPV/EHUko errektoreak eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak ere hartu zuten parte.

Drakeford-ek asteon Euskadira egin duen bi eguneko bisitaren barruan, Euskal Herriko Unibertsitatera gerturatu zen eta ikastegi ezberdinetako 35 ikaslerekin bildu zen. Bileran Galesko Gobernuaren nazioartekotze mugikortasun programaren berri eman zien eta ondoren ikasleekin solasean aritu ziren. Graduko ikasketa ezberdinak egiten ari diren ikasleek hainbat gairen inguruko galderak egin zizkioten lehen ministroari: mugikortasun programaren zehaztasunak; lan eskaintza eta baldintzak; Brexit-a; energia berriztagarrien alorrean gobernu galestarrak duen estrategia; zerga turistikoa eta abar.