euskaraespañol

Ondoez psikosozialaren prebentzioa unibertsitate arloan

UPV/EHUren gradu amaierako hiru lanek era osagarrian landu dituzte elikadura portaeraren nahasmenduak, ikuspegi biopsikosozial batetik

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2021/07/15

Ezkerretik eskuinera: Alba Campmany, Olivia Fernández, Rakel Oion, Edurne Aranguren eta Karla Alvarez
Ezkerretik eskuinera: Alba Campmany, Olivia Fernández, Rakel Oion, Edurne Aranguren eta Karla Alvarez. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Campus Bizia Lab (CBL) programa Jasangarritasun Zuzendaritzak eta Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuak sustatzen duten ekimen bat da. Zuzendaritza eta zerbitzu horiek Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko Errektoreordetzako partaide dira. Programa horren barruan, zenbait proiektu daude martxan; eta horietako bat 'EHU ongizate psikoSOZIALa', unibertsitate arloan ondoez psikosozial komunitarioari aurrea hartzeko. Proiektu horren asmoa da ondoez psikosozialeko egoerak eta ikasleen arreta psikosozialerako beharrak ezagutzea eta azaleratzea. Helburua da prebentzioan, detekzioan eta esku-hartze komunitarioan laguntzea, bai proposamenen bitartez, bai jardueren bitartez, eta, hala, unibertsitateko komunitatearen ongizate psikosoziala indartzea.

Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultateak sustatu du proiektua. Talde sustatzailea era horizontalean osatuta dago; alde batetik, irakasleak daude, Rakel Oion Encina, Edurne Aranguren Vigo, Cristina Blanco Valderrama eta Santiago Palacios Navarro, eta administraria, Ana Uribesalgo, eta, beste alde batetik, ikasleak, Karla Alvarez, Alba Campmany, Olivia Fernandez eta Laura Carrasco. Horretaz gainera, beste ikasle batzuek ondoez psikosozialarekin lotutako lan ildo horretan egin dute gradu amaierako lana. Guztira, gradu amaierako 11 lan izan dira.

Lan horietatik hiruk, ikasturte honetan, elikadura portaeraren nahasmendua landu dute. Ikuspegi biopsikosozial batetik landu ere, hiru erpineko xede batekin: ikertzea, prebenitzeko eta esku hartzeko. Hala, Rakel Oion Encina irakasleak koordinatuta, Karla Alvarez Alvarok ikerketa bat egin du, Alba Campmany Ramosek sentsibilizazio jardunaldi bat antolatu zuen eta Olivia Fernandez Garciak esku hartze proposamen bat diseinatu du Arreta Psikologikorako Zerbitzuak susta dezan. Edurne Arangurenek sentsibilizazio jardunaldia antolatzen lagundu du, eta Santiago Palacios Navarrok ikerketa datuen diseinua eta baliozkotasuna gainbegiratu du.

CBLren koordinatzaile eta gradu amaierako lanen zuzendariaren arabera, “CBL proiektuari esker, batetik, ziurtatu ahal izan dugu ikasleek aukeratzea beren lanak zein irakasle-tutorek zuzenduko dituzten ikuspegi integral batetik, non ikerketa, sentsibilizazio soziala eta esku hartze psikosoziala baloratuko diren eta, gainera, lanen zuzendarikidetza sustatuko den, diseinu metodologikoa indartuta. Bestalde, modua eman du talde lana balioesten duten ikasleek elkarrekin jarduteko eta ikerketa eta sentsibilizazio/esku-hartze lerroak martxan jartzeko ikuspegi integral eta holistiko batetik; emaitza, berriz, lan aplikatuak izan dira. Elikadura portaeraren nahasmendua landu duten gradu amaierako hiru lanetan ikusten da batera jardun direla ikasle-irakasleak, eta lanok epaimahai beraren aurrean defendatu dituzte, epaimahaikoak kontura zitezen emaitzek eta proposamenek nolako irismena duten".

Karla Alvarez Alvaro

‘Bienestar psicosocial, universidad, alimentación y género: La presencia de los TCA entre el alumnado de la UPV/EHU’

Karla Álvarez

Elikadura portaeraren nahasmenduak ondoez psikosozialaren agerpen argi bat dira; izan ere, osasun mentaleko arazoak dira, alderdi sozialak baldintzatuak eta bizitzaren arlo guztietan eragin ezkorra dutenak. Historikoki, gehiegi tratatu izan da arazoa ikuspegi biomedikotik, eta elikadurarekiko erlazioa modu dikotomikoan aurkeztu dute, Arriskuko Elikadura Portaeren multzoan biltzen diren intentsitate txikiagoko erlazio galgarrien espektro guztia ulertu gabe. Hain zuzen, espainiarren % 13 inguruk dituzte elikadura portaeraren nahasmenduarekin edo arriskuko elikadura portaerarekin bat datozen sintomak, eta, mundu osoan, arazoa dutenen % 90 baino gehiago emakumeak eta neskatoak dira; hortaz, osasun publikoko arazo bat bihurtu da, urgentziaz eta genero ikuspegitik landu beharrekoa.

Gradu amaierako lanean, Karlak ikerketa kuantitatibo bat egin du, elikadura portaera horiek UPV/EHUko gazteen artean nolako prebalentzia duten aztertzeko. Alde horretatik, inkestaren teknika erabili zuen datuak biltzeko; horretarako, galdetegi psikologiko bat erabili zuen tresna diagnostiko gisa: ‘Cuestionario Breve para Conductas Alimentarias de Riesgo (CBCAR)’, eta berak eratutako galdera sorta bat, gaiaren ezaugarri psikosozialetan gehiago sakontzeko. Bukaerako lagina UPV/EHUko 366 ikasleko talde bat izan zen, eta estatistikoki esanguratsuak diren emaitzan izan ditu, % 97,5eko konfiantza marjinarekin.

«Inkestatutako ikasleen ia erdiak daude zaurgarritasun ertain-altuko egoeran elikadura nahasmenduen (EPN) aurrean»

Karlaren arabera, “arriskuko elikadura portaeren prebalentziari dagokionez, % 52,19 arriskutik kanpo katalogatu dira; %24,59 arrisku moderatukoak dira, eta % 23,22, arrisku handikoak. Oso esanguratsua da hori; izan ere, esan nahi du inkestako ikasleen ia erdiak daudela arrisku maila ertain-altuan arriskuko portaerak eta nahasmendu portaerak izateko. Alde horretatik, ikusi da genero asimetria garbiak daudela, arriskuen prebalentzia, gizentzeko kezka eta norberaren gorputzarekiko nahigabea handiagoak baitira emakumeen artean gizonen artean baino".

Haren lanaren arabera, ikasleen % 40 inguruk adierazi zuen unibertsitatean sartzeak okertu egin zuela beren osasun biopsikosoziala, eta, batez ere, presio akademikoari eta halako faktoreei egotzi zieten, eskola orduak atsedenaldiekin eta elikadurarekin uztartzeko zailtasunari eta UPV/EHUko Arreta Psikologikorako Zerbitzuaren prekarietateari. Are gehiago, ikusi dute korrelazio positibo bat dagoela nahasmendu portaeren eta errendimendu akademiko txikiagoaren artean, eta arriskuko elikadura portaerak dituzten ikasleetan gainerakoetan baino ondoez psikosozial handiagoa dagoela unibertsitateko zereginak egiteko orduan.

“Ondoriozta daiteke, gaur egun, UPV/EHUko ikasleek ez dietela behar besteko garrantzirik ematen arriskuko elikadura portaerei eta ez duela ikusgarritasunik. Hortaz, funtsezkoa da Gizarte Langintzaren ekarpenetatik eta ezagutzetatik ikerketa eta metodo berriak zabaltzea, arazoari ikuspegi biopsikosozial batetik heltzeko eta corpus teoriko propio bat eratzeko; corpus teoriko horri esker, elikadura portaeraren nahasmenduek ikasleen artean eta haiek kide diren komunitatean eragiten dituzten kalte eta ondorio sozialak kuantifikatu ahalko dira”, azaldu du Karlak.

Alba Campmany Ramos

‘Jornada de Sensibilización y Prevención de los TCA’

Alba Campmany

Gradu amaierako lan honek Gizarte Langintzako sentsibilizazio proiektu batean du sorburua, eta haren xedea da oinarriak ipintzea eta kontzientziatzeko lerro bat irekitzea unibertsitateko komunitatea elikadura portaeraren nahasmenduez eta arriskuko elikadura portaerez informatzeko eta sentsibilizatzeko eta horiek prebenitzeko.

“Lan honetan, unibertsitateko komunitatea elikadura portaeren nahasmenduen inguruan sentsibilizatzeko eta prebenitzeko jardunaldi bat diseinatu, egin eta ebaluatu dugu; horren aurretik, diagnostiko bat egin dugu, non, esparru teoriko batean oinarrituta, aztertu baita nola dagoen elikadura portaeraren nahasmendua eta zer-nolako sentsibilizazioa dagoen", azaldu du Albak. Elikadura portaeraren nahasmenduen prebalentziaren ikusezintasuna eta informazio falta identifikatu dute arazo zentral modura; hori dela medio, zailagoa da arazoari heltzea eta arreta horretan jartzea. Hala, jardunaldi bat antolatzea erabaki zuten gaia diziplina askotatik eta ikuspegi holistiko batetik lantzeko; hau da, nahasmenduen abordatze bio-psiko-sozial bat egiteko.

«Ikusezin bihurtzeko arazo bat bada eta informazio falta da unibertsitatean EPNen prebalentziari buruz»

2021eko otsailean izan zen jardunaldia, eta bertan egon ziren hainbat aditu, hala nola psikologoak, psikiatrak, medikuak, gizarte langileak eta, batez ere, Anorexia eta Bulimiaren Aurkako Euskadiko Elkartekoak, Gasteizko Santiago Ospitaleko Elikadura Portaeraren Nahasmenduen Unitatekoak eta Elsa Fernandez Blanco, nahasmendua gainditzea lortu duen eta 'Un infierno donde hace frío' eleberria idatzi duen autorea.

Jardunaldirako, 133 lagunek eman zuten izena, 111 emakume, 19 gizon eta 2 ez-binario; horietatik 70 UPV/EHUkoak (honako gradu hauetako 52 ikasle eta 18 irakasle: Elikagaien Teknologia, Psikologia, Lehen Hezkuntza, Erizaintza, Administrazioa eta Enpresa Zuzendaritza, Zientzia Politikoa eta Kudeaketa Publikoa, Nutrizioa eta Dietetika, Fisioterapia, Gizarte Hezkuntza, Ingeniari Kimikoa eta Medikuntza, eta doktoretzako ikasleak) eta 67 lagun unibertsitatetik kanpokoak. Horrek erakusten du gizartean eta arlo akademikoak interes handia dagoela gaiaren inguruan.

Pandemia dela medio, jardunaldia aurrez aurre ez ezik era birtualean ere egin zen, eta oso balorazio baikorra jaso zuen bertaratuen eta antolatzaileen aldetik. “Helburuak bete ziren, eta lanketa biopsikosozialaren inplementazioa asko balioetsi zuten parte hartzaileek, baita nahasmendu horiek ikusarazteko egin duten ahalegina ere. Era berean, jardunaldiak inpaktu sozial handia izan du; izan ere, elikadura portaeraren nahasmenduen inguruko prestakuntza espezifiko bat emateko proposamena egin digute. Ondorioz, gure ustez, jardunaldiari esker, unibertsitateko komunitatean jende gehiagok daki zer diren elikadura portaeraren nahasmenduak, eta kontzientzia handiagoa dago orain gaiaren inguruko sentsibilizazio jardunaldiak egin eta unibertsitateko komunitateari prestakuntza emateaz", esan du Albak.

Olivia Fernandez Garcia

‘Propuesta de Grupo de Ayuda Mutua para la prevención de los TCA en las y los estudiantes de la UPV/EHU’

Olivia Fernández

Gradu amaierako lan honekin, asmoa da jakitea nolako onurak izan ditzaketen elkarri laguntzeko taldeek elikadura portaeraren nahasmenduei eta arriskuko portaerei talde terapiaren bidez heltzeko orduan, baita ikasleek horrelako arazoen irtenbide gisa taldeetan parte hartzeko zenbateko interesa duten jakitea ere.

“Elkarri laguntzeko taldeak talde txikiak dira, ezaugarri bertsuak dituzten boluntarioz osatuak eta gizarteko erakundeek estaltzen ez duten behar jakin bat partekatzen dutenak; talde horien funtsa da babes emozionala ematea", zehaztu du Oliviak. Elikadura portaeraren nahasmenduren bat dutenen kasuan, laguntzan oinarritzen diren eta zuzendaririk ez duten talde terapia horiek sare sozial alternatiboak finkatzeko modua ematen dute; hala, pertsona horiek nola sentitzen diren ulertzen duen jendearekin daude, eta beren osaketa prozesuaren gidaritza hartzen dute".

Ikerketan, ‘EHU ongizate psikoSOZIALa’ proiektuko beste kide baten laguntzarekin, ikusi zuten ikasleek oso gutxi ezagutzen dituztela elkarri laguntzeko taldeak (% 15,30ek bakarrik ezagutzen zituzten tresna horiek). Dena den, laginaren parte handi batek (% 87,58) esan zuen unibertsitate arlora ekarri nahi lituzkeela esperientzia horiek, eta % 43,17k horrelako talde batean parte hartzeko prest egongo litzatekeela unibertsitatean.

«Bideragarria dirudi UPV/EHUren barruan profesional batek gidatutako elkarren laguntzarako talde (ELT) baten esperientzia pilotu bat martxan jartzea»

Datu horien arabera, “badirudi sozialki bideragarria dela UPV/EHUren barruan elkarri laguntzeko talde pilotu bat abiaraztea, profesional baten gidaritzarekin, janariarekin lotura sanoagoak sortzeko". Oliviak 10 laguneko talde bat osatzea proposatzen du, konfiantzazko harremanak errazagoak izan daitezen eta profil heterogeneoa izan dezan, zenbait maila, gradu eta fakultatetako ikasleen partaidetzarekin, pribatutasuna zaindu ahal izateko. Horretaz gain, gomendatzen du emakumeentzako soilik izatea taldea, elikadura portaeraren nahasmenduak eta arriskuko portaerak gehiago eta bereziki eragiten dietelako emakumeei; izan ere, edertasun ideala iritsi behar horretan jangura kontrolatzeko presioa pairatzen baitute.

"Komeniko litzateke UPV/EHUren Arreta Psikologikorako Zerbitzuak kudeatzea elkarri laguntzeko taldeak, prebentzio programa askotarikoak dituen espazio bat delako. Dena den, Gizarte Langintza ere beharrezkotzat jotzen dute, kudeaketa, zabalpen, koordinazio eta dinamizazio zeregin guztietan laguntza eman dezakeelako. Gainera, ikuspegi psikosozialetik, gizarteko kaltea identifikatzen lagundu lezake, baita horren garrantziaz kontzientziatzen ere, zeren eta elikadura portaeraren nahasmenduek maila biologikoan, psikologikoan eta, batez ere, sozialean eragiten baitute”, azaldu du Oliviak.

Gradudun berriek egindako proposamen guztiak dira funtsezkoak, zalantzarik gabe, Garapen Jasangarriaren 3, 4 eta 5. helburuak (GJH) erdiesteko: osasuna eta ongizatea, kalitatezko hezkuntza eta genero berdintasuna. Hala, onGIZARTE CBL proiektuak UPV/EHUk 2030 Agendan dituen zenbait erronka lortzen laguntzen du: emaitza fidagarriak ematen ditu gure unibertsitateko ikasleen arriskuko elikadura portaeren prebalentzian; gizarte sentsibilizazioko ikuspegi bat ematen dio, dimentsio biologikoa, psikologikoa eta soziala bateratuta; eta proposamen bat egiten du elkarri laguntzeko talde bat sortzeko, profesional batek lagunduta, elikadura portaeraren nahasmenduen prebentzioa lantzeko.