euskaraespañol

UPV/EHUk Kuantikako ikastegi propioa sortu du: EHU Quantum Center

Fisikaren adar horretako aplikazio berriei buruzko oinarrizko ikerketa, ikertzaileen prestakuntza eta ezagutza gizarteari eta enpresei transferitzea bilduko dira ikastegian

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/05/23

Inmaculada Arostegi, Jokin Bildarratz, Eva Ferreira, Gonzalo Muga eta David Guery-Odelinen | Argazkia: Mitxi. UPV/EHU

 

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) errektore Eva Ferreira, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntzako sailburu Jokin Bildarratz eta ikastegi berriko zuzendari Gonzalo Muga bertan zirela, gaur aurkeztu dute UPV/EHUko Kuantikako ikastegi propio berria: EHU Quantum Center. Ikastegiaren helburua da oinarrizko ikerketa, kuantikaren arloan eskarmentua duten ikertzaileen eta teknologoen prestakuntza, eta enpresetarako transferentzia, berrikuntza eta Fisikaren adar horretako aplikazioen garapena uztartzea, hartara, zientzian eta gizartean eragin handiagoa lortzeko.

Ferreira errektorearen hitzetan, “UPV/EHU aitzindari izan da prestakuntza kuantikoan. Eta orain ere, horrelako ikastegi bat sortu duen Estatuko lehen unibertsitatea gara, pertsonak, jarduerak eta lurraldeak biltzen dituen ikastegia. Zentro horren sorrerarekin, gure unibertsitatea funtsezko erreferente bihurtu da Euskadiko zientzia eta teknologia kuantikoen garapenean eta aurrerapenean. Egia esan, ikastegi berri honek eskaintzen dituen aukerak ikaragarriak dira: zerbitzua eskaeraren arabera indartzeko ahalmen du, gaur egun, eta izango du aurrerago ere, eta ahalmen hori tresna paregabea da zientzia kuantikoan eta haren aplikazioetan aurrera egiteko. Baina, gainera, lanak arduraz egin nahi ditugu, eta arreta jarri nahi diegu gizartearen intereseko alderdiei, hala nola teknologia berrien energia kontsumoari eta horien jasangarritasunari”.

Jokin Bildarratz sailburuak, bestalde, ikerketa-arlo estrategikoenetako baten aldeko apustua egitearen garrantzia azpimarratu du: “Euskal Herriko Unibertsitatearen ekimen hau Eusko Jaurlaritzaren politika zientifikoekin bat dator. Hezkuntza Sailetik IKUR Estrategia bultzatzen dugu, eta estrategia horretan ikerketa kuantikoa da ardatzetako bat. Gizarte gisa aurrera egiteko, garrantzitsua da ahaleginak eta helburuak koordinatzea. Ikerbasqueko, UPV/EHUko eta Euskadiko gainerako eragileetako ikertzaileek elkarlanean jarraitu behar dute, nazioarteko komunitate zientifikoak polo indartsu eta fidagarri gisa ikus gaitzan. UPV/EHUk helburu horretan emandako pausoa txalogarria da”.

EHU Quantum Center ikastegiaren aurkezpena Bizkaia Aretoan egindako lan-jardunaldi baten barruan egin da. Bertan, David Guéry-Odelin Toulouseko Paul Sabatier Unibertsitateko irakasleak parte hartu du. Han hitzaldi bat eman du, ‘Quantum Technologies. A sector with future in Occitania’ izenburupean.

Mekanika Kuantikoa Fisikaren adar bat da, eta natura eskala mikroskopikoan aztertzen du, sistema atomikoak, subatomikoak, baita erradiazio elektromagnetikoarekin eta beste indar batzuekin dituzten elkarreraginak ere. Atomoaren, haren nukleoaren eta oinarrizko partikulen, molekulen eta solidoen fenomenologiaren oinarria ematen du. Kronologiari begiratuta, Fisikaren adar nagusietan azkena da, ehun urte baino gehiago baditu ere. Garapen teknologikoko lehen etapan, Fisika Kuantikoak aplikazio harrigarriak sortu ditu, gure gizartea gaur egun egituratzen duten aplikazioak (mugikorrak, ordenagailuak eta abar). Hurrengo etapa batean (bigarren iraultza kuantikoa) aplikazio berriak espero dira.

UPV/EHUk potentzial handia eta ibilbide luze eta bizia du Zientzia eta Teknologia Kuantikoen ikerketan, prestakuntzan (aitzindaria da horretan) eta transferentzian. UPV/EHUko 6 ikastegi, 3 campus eta 8 sailetako 83 ikertzailerekin sortu da EHU Quantum Center. Langileen % 65 iraunkorrak dira, eta % 75 doktoreak. Ikastegiko ikertzaileen taldeak ikerketan 6 milioi euro baino gehiagoko finantzazioa metatu du proiektu aktiboetan, eta urtean 150 artikulu baino gehiago argitaratzen dituzte. Prestakuntzari dagokionez, Espainian gai horri buruz hamar bat urtez eman den master bakarra Quantum Science and Technology Master Ofiziala izan da, Bartzelonan eta Madrilen beste batzuk ematen hasi diren arte; master ofizial hori ingelesez ematen da eta 20 plaza eskaintzen ditu (78 izen-emate izan ditu 2021-2022 ikasturtean). Masterreko ikasle asko doktoregoan hasten dira UPV/EHUn. Azken urteotan gero eta transferentzia jarduera gehiago egin dira, hala nola lankidetzak, aholkularitza eta kontratuak enpresa eta administrazioekin. Aplikazio medikoetan eta sentsoreetan eragina duten laborategiko proiektuak garatzen dira masterrean, baita irakaskuntzakoak ere.

Ikertzaileen eta gaitasunen metaketa horri esker, UPV/EHUk, finantzazio egokia izanez gero, bere ingurune sozioekonomiko hurbilean eragin izan dezake eta ingurune hori presta dezake Bigarren Iraultza Kuantikoak planteatzen dituen erronka handietarako. EHU Quantum Center ikastegiaren helburu dira fenomeno eta sistema kuantikoak aurkitzea eta aztertzea, Zientzia eta Teknologia Kuantikoei buruzko ezagutza zabaltzea eta aplikazio teknologikoak garatzea. Eta horretarako ikerketako, prestakuntzako eta transferentziako elkarrekintzak egingo ditu, tokiko nahiz nazioarteko proiekzioa emateko asmo garbiarekin.

Ikastegiaren zuzendari berri Gonzalo Mugaren arabera, “zientziaren, ekonomiaren, gizartearen eta politikaren arloetan itxaropen handiak daude sistema kuantikoen kontrolean aurrera egitearekin, eta lorpen horiek izan ditzaketen balizko aplikazioekin. Baikor eta energiaz beterik ekin diot lanari, batez ere, ikastegiko kideek lantalde handia osatzen dutelako. Geure burua eskaintzen diegu erakundeei eta gizarteari, garapen zientifiko eta teknologikoko etapa berri baterako trantsiziorako tresna paregabea garen aldetik, Bigarren Iraultza Kuantikorako, alegia. Lehenengo iraultzak gaur egungo teknologia eratu zuen: laserrak, GPSa, transistorea eta mugikor nahiz ordenagailuen atzean dagoen mikroelektronika guztia ez lirateke errealitate izango XX. mendearen hasierako aurkikuntza kuantikorik gabe. Aurkikuntza horiek, komeni da gogoratzea, jakin-minaren eta interes estetikoen fruitu izan ziren, jauzi teknologiko bat egiteko nahiaren ondorio baino gehiago. Horren guztiaren ikasbidea zera da, ez dugula ahaztu behar oinarrizko ikerketa biziki garrantzitsua izateaz gain, esploratzeko eta eraldatzeko gaitasuna ere baduela”.