euskaraespañol

Eguneko irudia

Arte eta Kultura Garaikideko Praktika eta Teoriari buruzko Berezko Masterraren aurkezpena

Kurtsoa profesionalizazioarekin, eztabaidarekin, sarearen ezagutzarekin eta talde-lanarekin lotutako zortzi mintegiren eta zeharkako lau arloren inguruan egituratzen da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/05/18

Argazkia: Fernando Perez Azkuna Zentroko zuzendaria eta Arantza Lauzirika Arte Ederren Fakultateko zuzendaria. Argazkia: Azkuna Zentroa.

Arte eta Kultura Garaikideko Praktika eta Teoriari buruzko Berezko Masterraren lehen edizioa 2022ko urrian hasiko da, eta kultura eta arte arloko profesionalei, sortzaileei, ikertzaileei eta ikasleei zuzenduta dago.

Azkuna Zentroak lankidetza egitasmo hau  bultzatzen du unibertsitateko esparru akademikoarekin batera, 2019-2023 Proiektu Programan ezarritako estrategiaren parte gisa, Zentroa kultura garaikiderako sarrera-plataforma bihurtzeko. Izena emateko epea datorren astelehenean, maiatzak 23, irekiko da, https://www.ehu.eus/es/web/masterrak-eta-graduondokoak/titulos-propios webgunean.

Kulturaren kudeaketan murgiltzeko esperientzia

Kultura Garaikideko Zentro baten kudeaketaren benetako testuinguruan murgiltzeko esperientzia proposatzen du programak, esparru artistiko eta kulturaleko berrogei profesional baino gehiagoren esperientziaren eta ezagutzaren bitartez.

Ildo horretan, proiektu artistiko bati osorik heltzeko gaitasuna ematen du: proposamenaren aurkezpenetik hasi eta administrazio- eta finantza-kudeaketara, ekoizpen teknikora, marketin- eta komunikazio-planera edo kultura-erakunde publiko eta pribatuekin lankidetza-sareak aktibatzera arte.

Programa UPV/EHUrekin lankidetzan garatuko da, eta kultura-ekoizpenaren errealitate berria ikuspegi aplikatu eta berritzaile batetik ulertzeko behar den prestakuntza emango du; izan ere, teoriaren eta profesionalizazioaren arteko elkargunea eskaintzen du, zorroztasun akademikoaren Alhondiga bezalako Kultura Zentro bateko eguneroko praktikaren artekoa, hain zuzen ere.

Ikastaro berri hau egungo ekoizpen artistikoari lotutako sorkuntza, pentsamendua, ezagutza eta profesionalizazioa errazteko topagunea izango da. Testuinguru horretan, prestakuntza errealitate-esparru batetik abiatuta eraikitzen da, eta erabaki kontzeptual edo teorikoenak programazio ukigarri bihurtzen dira Azkuna Zentroa bezalako gizarte eta kultura garaikideko zentro batean.

Berezko master  hau  jakintzaren elkartrukerako gunea ere izango da, Azkuna Zentroko 40 bat artista eta ezinbesteko kolaboratzailerekin batera. Kurtso akademikoa zortzi mintegiren inguruan antolatuko da. Mintegi horietan gai hauek jorratuko dira: testua eta hitza, artearen, kulturaren eta eskubideen euskarriak, publiko berrien sorrera, praktika kuratorialak, artxiboaren kudeaketa edo garrantzia, eta profesionalizazioarekin, eztabaidarekin, sarearen ezagutzarekin eta lan kolektiboarekin zerikusia duten zeharkako lau arlo, eta master amaierako lana barne hartzen duen bloke bat.