euskaraespañol

Gaurko irudia

BIEk Telekomunikazioen eta Siderurgiaren arloetako 2022-2023 ikasturteko gradu eta master amaierako lan onenak saritu ditu

Inhar Yeregui Arrietak jaso du ITELAZPI#TelekoSaria, ibilgailuak mugikortasunean mantentzeko 5G komunikazioen erabilerari buruz eginiko lanagatik; aldiz, Beñat Elorrieta de la Torrek jaso du Room4Steel Saria, altzairu isurketan koilaren egoera diagnostikatzeko termografia infragorria erabiltzeari buruz eginiko lanagatik

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2023/06/20

Inhar Yeregui Arrieta eta Beñat Elorrieta de la Torre, Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakasleekin eta Itelazpi eta Siderexeko ordezkariekin

Bilboko Ingeniaritza Eskolak saritu ditu Inhar Yeregui Arrieta (ITELAZPI#TelekoSaria) eta Beñat Elorrieta de la Torre (Room4Steel Saria), Telekomunikazioen eta Siderurgiaren arloetan, hurrenez hurren, eginiko gradu amaierako lan (GRAL) eta master amaierako lan (MAL) onenen egile gisa. Itelazpiren eta SIDEREXen (Euskadiko Siderurgia Klusterra) babesa duten sari hauek gaur banatu dituzte Charles Pinto Bilboko Ingeniaritza Eskolako zuzendariaren eta enpresa babesleen ordezkarien parte-hartzea izan duen ekitaldi batean.

Enpresa sariek helburu bikoitza dute: alde batetik, eskolako ikasleen lana aitortzea; bestetik, alderdi berritzaileak izanik dagokion eremuan garapen berriak sortzeko aukera eskain ditzaketen lanak sustatzea.

Inhar Yeregui Arrietak, Telekomunikazio Ingeniaritzako Masterra Bilboko Ingeniaritza Eskolan, ITELAZPI#TelekoSaria irabazi du, telekomunikazio zerbitzuetan espezializatuta dagoen eta arlo honetan administrazioaren erreferente den euskal enpresa publiko horrek ematen duen saria.  Saritutako lana, “Gailu lokalizazioa eta sare bidezko monitorizazioa, 5G-ren bidez konektatutako ibilgailuen jarraipenerako” izenekoa, Jasone Astorga Komunikazio Ingeniaritzako Saileko irakasleak zuzendu du. Proiektuaren helburu nagusia da tresna bat diseinatzea eta garatzea, aukera emango duena konektatutako ibilgailuak lokalizatzeko eta sarearen errendimenduari lotutako hainbat alderdi monitorizatzeko. Horretarako erabili dira 5G komunikazioek ahalbidetutako baliabide ugari; hala nola banda zabalera handiaz eta latentzia murriztuaz sarera konektatzeko gai diren modemak, azpiegituraren birtualizazioa edo ertzeko konputazioa.

ITELAZPI#TelekoSaria 1.500 eurokoa da eta hainbat edukiri lotutako master edo gradu amaierako lanei ematen zaie: FM irrati edo TDT telebista hedapen sistemak, hedapen teknologia berrien analisia (UHD, DVB-T2, DAB+, HbbTV, 3D telebista, kodetzea eta modulazioa, etab.), operadore zerbitzuak, komunikazio kritikoen sistemak, hari gabeko teknologietan oinarritutako sistemak, telekomunikazio zentroen azpiegiturak hobetzea, sareko operazioak indartzeko sistema informatikoak, edo sareko gorabeherak, erroreak eta mantenimendua kudeatzea. Xabier Arrieta Eusko Jaurlaritzako Informazio eta Komunikazio Teknologien zuzendari eta Itelazpiko Administrazio Kontseiluko presidenteordeak entregatu du saria.

Bestetik, SIDEREX Euskadiko Siderurgia Klusterrak industria siderurgikoari lotutako GRAL/MAL onenari ematen dion Room4Steel Saria izan da Beñat Elorrieta de la Torrerentzat, Bilboko Ingeniaritza Eskolako Industria Teknologikoaren Ingeniaritzako Gradua. 1.500 euroko saria jaso du “Isurketa zalien mantenurako analisi termografiko kualitatiboa” izeneko GRALarengatik, Raquel Fuente Matematika Aplikatuko Saileko irakasleak zuzendutakoa. 

Egileak aurkeztu du altzairuaren ekoizpena optimizatzeko teknika termografikoak aplikatzeari buruzko proiektu bat, haren helburu nagusia izanik isurketa koilaren bizitzari buruzko ezagutzak zabaltzea, termografia infragorriko kamerak erabiliz. Batik bat aztertu da azaleraren tenperaturak koilara bakoitzaren erregogorraren barne egoerari buruz eman dezakeen informazioa, langileen segurtasuna bermatze eta adreiluen bizitza baliagarria aprobetxatze aldera. Asier San Millán Euskadiko Siderurgia Klusterreko zuzendariak entregatu du Room4Steel Saria.