euskaraespañol

Kubako gobernuak Xabier Artola ikertzaileari Carlos J. Finlay 2022 Ordena eman berri dio

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2023/02/24

Leonel Ruiz Miyares Centro de Lingüística Aplicada zentroko zuzendaria, Elba Rosa Pérez Montoya Zientzia, Teknologia eta Ingurumeneko Ministroa eta Xabier Artola Zubillaga HiTZ zentroko eta Ixa taldeko kidea | Argazkia: UPV/EHU

Xabier Artola Zubillaga Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileari Carlos J. Finlay 2022 Ordena eman berri dio Kubako Ministerio de Ciencia, Tecnología y Medio Ambientek.  Sari hau da Kubak bertako eta atzerriko zientzialariei ematen dien kondekoraziorik gorena. Kubako gobernuak Xabier Artola HiTZ zentroko eta Ixa taldeko kideari Kubarekiko lankidetza zientifikoaren bi hamarkada baino gehiago aitortu dizkio, bereziki Santiago de Cubako Zientzia, Teknologia eta Ingurumen Ministerioaren Hizkuntzalaritza Aplikatuaren Zentroarekin (CLA, Centro de Lingüística Aplicada) egindakoa. Besteak beste, Xabier Artola doktoreak, Ixa taldeko beste ikertzaile batzuekin batera, azpiegitura konputazional bat garatu du Hizkuntzalaritza Aplikatuaren Zentroko ikertzaileekin batera. Azpiegitura hori funtsezkoa izan da Diccionario Básico Escolar hiztegiaren edizio elektronikoak eta inprimatuak (PDF) lortzeko; hiztegia Eloína Miyares Bermúdez eta Vitelio Ruiz Hernández doktoreek sortua da, eta egun CLAk mantendu eta berritzen du. Xabier Artolak Kubako Santiagoko Udal Gobernuak ‘Bisitari Goraipatua’ saria jaso zuen 2005ean.

“Carlos J. Finlay ordena —Xabier Artola Ixa taldeko kideak dio— atzerriko irakasleen sailean jaso izana ohore handi bat da eta harro sentiarazten gaitu. Uste dugu hala dela Euskal Herriko Unibertsitatearentzat ere, Kubaren eta Euskal Herriaren arteko lankidetzari eta elkartasunari egindako aitortza ere baden neurrian. Eskertu beharra diegu Hizkuntzalaritza Aplikatuaren Zentroko langile guztiei, eta, bereziki, zentroaren zuzendari den Leonel Ruiz Miyares doktoreari Finlay Ordena guri eman diezaguten bideratu duten proposamenak aurrera egin zezan egindako lana.  Kubako zentrokoen eta Ixakoen arteko lankidetza emankorra izan da urte hauetan, ikerkuntzan zein Hizkuntzalaritza Aplikatuaren Zentroak antolatzen dituen sinposioei dagokienez, eta etorkizunean ere hala izaten jarraitzea espero dugu. Egun esku artean ditugun proiektuez gain, badira beste eremu batzuk, zeinetan bi taldeontzat interesgarri liratekeen proiektu berriak diseinatu eta garatzen ahal diren; hala nola, hizkuntza-teknologien aplikazioa irakaskuntzan, sare neuronaletan oinarritutako ikaste-tekniken aplikazioa hizkuntzaren prozesamenduko hainbat arlotan, eta abar.”

Xabier Artola Zubillaga Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultateko irakasle izan da, Donostian, 1985etik. 2008tik aurrera irakasle agregatua, eta 2022ko maiatzetik hona, jubilatu eta gero, ohorezko lankide akademiko gisa jarraitzen du unibertsitatearen barruan. Irakaskuntzari dagozkion lanak Informatika lizentziatura eta ingeniaritzetan egin ditu, eta orobat eman ditu eskolak hainbat master eta doktorego ikastarotan ere. Ikerkuntzari dagokionez, berriz, hizkuntzaren prozesamenduan diharduten Ixa taldean eta HiTZ hizkuntza-teknologiako zentroan ari da. Hizkuntzaren tratamendu automatikoaren arloan beti, eta batez ere morfologia eta lexikografia konputazionaletan, eta corpus-hizkuntzalaritzan.