euskaraespañol

Eguneko irudia

Gazte Justiziaren Nazioarteko Behatokiak César San Juan irakaslea saritu du

“Mugarik Gabeko Gazte Justizia” Saria jaso du, “esparru akademikoan egin duen ibilbide profesionalagatik, psikologia, kriminologia eta gazte-justizia batzen dituzten ikerketekin”

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/12/21

César San Juan jasotako saria eskuan | Argazkia: César San Juan

Egoitza Bruselan duen Gazte Justiziaren Nazioarteko Behatokiak Juvenile Justice Without Borders 2022 (Mugarik Gabeko Gazte Justizia) saria eman dio César San Juani, Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia Juridikoko eta Psikologia Kriminaleko irakasle, Kriminologiaren Euskal Institutuko ikertzaile eta International Research Centre on Delinquency, Marginality and Social Relationships zentroko zuzendariari. César San Juanek saria jaso du, “esparru akademikoan egin duen ibilbide profesionalagatik, psikologia, kriminologia eta gazte justizia batzen dituzten ikerketekin. Era berean, International Research Centre on Delinquency, Marginality and Social Relationships zentroko zuzendari gisa egin duen lana nabarmendu du Behatokiak, baita Latinoamerikako eta Afrikako hainbat herrialdetan garapenerako lankidetza proiektuetan egin duen koordinazio lana ere”.

Behatokia Belgikako fundazio bat da, eta “2002tik ari da lanean justizia sistemekin harremanetan jartzen diren haur eta gazteen eskubideak sustatzeko eta eskubide horiek bermatzen dituzten nazioarteko estandarren ezarpena bultzatzeko. Behatokiak betetzen duen lanaren ardatza da legearekin gatazkak dituzten problematikak jorratzea, diziplinarteko ikuspegi plural batetik, errealitate eta kultura desberdinekiko sentikorra den ikuspuntu batetik, horien eskubideak babesten eta bizitzak hobetzen laguntzeko azken helburuarekin”.

“Gazte Justiziaren Nazioarteko Behatokiak eman didanaren gisako sari batek eta, oro har, edozein sarik, bi gauza garrantzitsu esan nahi ditu”, azpimarratu du César San Juanek. “Lehenik eta behin, saria ez dela sarituarena bakarrik. Egiaz, eta batez ere Mugarik Gabeko Gazte Justiziaren saria, esparru honetan lan egiteko aukera eman didaten pertsonena da, bereziki Estefanía Ocáriz doktorearena, 20 urte inguru baitaramatzat Euskadiko gazte justiziaren sistema harekin batera ebaluatzen. Eta, bigarrenik, nire bizitzan zehar hainbat lankidetza proiektutan ezagutu ditudan adingabe guztiena, munduko leku askotan; izan ere, horiengandik ikasi dut herrialde baten bilakaeraren adierazle nagusia herrialdeak berak adingabeak nola tratatzen, zaintzen eta hezten dituela dela”.

César San Juan Guillén Psikologian doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean (1991), eta Gizarte Psikologian espezializatuta dago, Lovainako Unibertsitate Katolikoan (Belgika). Gaur egun, Gizarte Psikologia Saileko irakasle titularra da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Psikologia Juridikoa eta Psikologia Kriminala irakasten ditu. 2006tik, International Research Centre on Delinquency, Marginality and Social Relationships institutuko zuzendaria da, Nazioarteko Kriminologia Elkartearekin sinatutako hitzarmen baten bidez sortua. Ikerketa Kriminologikorako Espainiako Elkarteko presidentea izan da eta, 2007tik 2011ra, Revista Española de Investigación Criminológicako zuzendaria. Gaur egun, International e-Journal of Criminal Sciences zuzentzen du.

Era berean, irakasle gonbidatua izan da Diego Portales Unibertsitatean (Santiago, Txile), Erdialdeko Amerikako Unibertsitatean (Managua, Nikaragua), San Simongo Unibertsitatean (Bolivia), London School of Economicsen (Londres, Erresuma Batua), José Simón Cañas Unibertsitatean (San Salvador, El Salvador) eta Palermoko Unibertsitatean (Buenos Aires, Argentina). Euskadiko Mugarik Gabeko Psikologoak GKEko presidente fundatzaile gisa, garapenerako lankidetza proiektu ugari zuzendu ditu gatazkak konpontzeko, osasunerako hezteko eta haurren lana desagerrarazteko esparruan, Latinoamerikako eta Afrikako hainbat herrialdetan. Hondamendi naturaletako esku hartze psikosozialari buruzko hainbat artikulu idatzi ditu, eta Catástrofes y ayuda de emergencia alearen editorea da (Icaria arg.). Europako Batzordeak finantzatutako AGIS programaren esparruan, proiektu bat koordinatu du adingabe atzerritar arau-hausleen profil psikosozialei eta esku hartzeko proposamenei buruz.

Hau ere Europako Batzordeak finantzatuta, DAPHNE programaren esparruan, Qualitative and meta-analytic study of specific and primary prevention programs of violence against women proiektua zuzendu du. 2003tik, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailarekin sinatutako lankidetza hitzarmen baten bidez, haren Gazte Justizia Planaren ebaluazioa zuzentzen du. Horren emaitza dira, beste argitalpen batzuen artean, ‘Evaluación de la intervención educativa y análisis de la reincidencia en la Justicia de menores en la CAPV’ edo ‘100 años de acompañamiento en Justicia Juvenil’. Gaur egun, Kriminologia Aplikatua eta Ingurumen Psikologia ikertaldeko (CRIM-AP) ikertzaile nagusia da, eta erreferentziako gidaliburu batzuk idatzi ditu arlo horretan, hala nola ‘Psicología Criminal’ (Síntesis arg.), ‘Criminología Ambiental’ (UOC arg.) edo ‘Guía de Prevención del Delito’ (Bosch arg.) gidaliburuak.