Aníbal M. Astobiza
Geure onerako: ‘bultzadatxoaren’ psikologiak erabaki osasungarriagoak hartzera bultzatzen gaitu eta dilema etikoak sortzen ditu
Doktoratu osteko ikertzailea, zientzia kognitibo eta etiko aplikatuetan espezializatua
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2024/08/20
(Beste leiho bat zabalduko du)Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.
2021eko maiatzaren 13an, Bill de Blasiok, New York hiriko orduko alkateak, prentsarentzako konferentzia bat egin zuen online, eta hiriaren eta Shake Shack hanburgesa jatetxeen tokiko sarearen arteko akordio interesgarri baten berri eman zuen. Newyorktarrak COVID-19aren aurka txerta zitezen lortzea zen helburua: txertoa jasotzen zuen norbanako bakoitzak kupoi bat jasoko zuen, tokiko kateko edozein lokaletan doako hanburgesa edo sandwich bat eskuratzeko. Portaeraren zientzian, pizgarri mota horri ‘nudge’ esaten zaio.
Richard H. Thaler (Ekonomia Zientzietako Nobel Sariaren irabazlea 2017an) eta Cass R. Sunsteinek egin zuten ezagun termino hori, 2008an argitaratu zuten Nudge: Improving Decisions About Health, Wealth, and Happiness (Bultzada bat: nola hobetu osasunaren, aberastasunaren eta zoriontasunaren gaineko erabakiak) liburu arrakastatsuan. Funtsean, ‘bultzada’ bat ematea esaten zaio erabakigunearen edozein manipulaziori, baldin eta manipulazio horrek pertsonen portaera euren onerako bideratzen badu, baina pertsona horien aukerak eta aukeratzeko askatasuna inola ere murriztu edo mugatu gabe.
Googleko langileen kafetegietan topa dezakegu pertsonen ohiturak modu horretan hobetzen dituen adibide oso ezagun bat. Elikadura ohiturak hobetzeko, botilaratutako ura begien altueran kokatu zuten salmenta makinetan. Aldiz, freskagarriak eta kaloria askoko beste aukera batzuk gutxiago ikusten ziren lekuetan jarri zituzten. Funtzionatu egin zuen: neurri sinple horren ondorioz, uraren kontsumoa % 47 handitu zen langileen artean.
Antzeko beste neurri bat eskailera interaktiboak jartzea da, maila bakoitzean argiak dituztenak edo zapaltzean pianoko notak jotzen dituztenak. Jendeak eskailera horiek erabiltzea aukeratzen du, baita igogailu baten ondoan daudenean ere.
Erabakiak bideratzea: dilema etikoa
Bultzadatxo horiek pertsonen portaerari eragiten diote, eta, nolabait, alde batera uzten da edo ez da kontuan hartzen horien autonomia. Ikuspegi horri ‘paternalismo libertarioa’ deitu zioten Thalerrek eta Sunsteinek.
Baina, zilegi al da pertsonen erabakiei eragitea, haien ongizatea hobetzeko? Paternalismo libertarioaren aldekoek baietz uste dute. Bereziki, osasun publikoko arazoak prebenitu edo konpondu daitezkeenean, adibidez, obesitatea, adikzioak, sedentarismoa eta tratamendu eskasa edo gehiegizkoa.
Kanpaina askok jendeak dieta osasuntsuagoa izan dezan dute helburu: adibidez, Connecticuteko ikastetxeetako jangeletan sagarrak eskaini zizkieten ikasleei dohainik, frutaren kontsumoa sustatzeko. Buenos Airesen, Argentinan, jatetxeek gatzontziak kendu zituzten mahaietatik, gatzaren kontsumoa gutxitzeko.
Adibide horiek erakusten dutenez, “bultzada” batek ez du erabaki bat inposatzen. Googleko langileek oraindik ere badute freskagarri bat aukeratzeko askatasuna, uraren ordez. Eta jendeak alde batera utz ditzake musikadun eskailerak, eta igogailua hartu.
Hor ikus daiteke ‘libertario’ elementua. Izan ere, aukeratzeko askatasuna bere horretan mantendu behar da. Thalerren eta Sunsteinen arabera, horrek honakoa esan nahi du:
- Aukera bakar bat ere ezin da debekatu.
- Pizgarri ekonomikoak ezin dira erabili askatasunari kalte egiteko: doako hanburgesa bat ondo dago, baina 100 euroko txeke bat, ez.
- Aukera guztiek eskuragarri egon behar lukete, baldintza berdinetan: nahi dugun aukera eskuragarria eta merkea bada, gainerako aukerek ere horrelakoak izan behar lukete.
Osasun arloko bultzadatxoak: erabaki klinikoetara eta osasun publikoko erabakietara bideratuta
Osasun arretaren testuinguruan, bultzadatxoak bi kategoriatan sailka daitezke: ‘klinikoak’ edo ‘osasun publikokoak’.
Bultzadatxo “klinikoak” testuinguru klinikoetan gertatzen dira. Zehazki, tratamendu jakin baten gaineko informazioa aurkezteko moduan ikus daitezke, paziente bat baimena ematera bultzatzeko. Prozedura baten porrot tasa aipatu beharrean, haren arrakasta tasa aipatzea izango litzateke adibide bat. Bultzadatxo klinikoak, beti, pazientearen onerako egiten dira.
Bestetik, ‘osasun publikoko’ estimuluek banakako ekintzak sustatzen dituzte, banakoaren osasuna hobetzeko. Biztanleria osoaren osasuna hobetzea dute helburu. Horrek barne har dezake, esaterako, ikastetxe publikoetako jangeletan haragia edo arraina entsaladarekin zerbitzatzea, aukera gisa, eta eskatuz gero patata frijituak aukeran ematea.
Bi horiek neurri hertsatzaileak dira. Neurri sendoagoak, hala nola gaixotasun bat hedatzea saihesteko biztanleria etxean itxiaraztea, osasun publikoko neurriak dira, baina bultzadatxo soil bat baino askoz harago doaz. Gauza bera esan liteke bere buruaz besteko egiteko ideia duen pertsona bat bere gogoaren kontra ospitaleratzeaz: neurri kliniko bat da, baina ez du aukeratzeko askatasunik ematen.
Zure onerako eta gainerako guztien onerako da
Paternalismo libertarioaren aurkako argumentuen arabera, osasun arretaren testuinguruan bultzadatxo horiek aplikatzeak arriskuan jartzen du autonomia printzipioa. Eztabaidagarria da mota horretako kritika batek pisu bera ote duen osasun publikoaren testuinguruan. Izan ere, testuinguru horretan, autonomiaren printzipio bioetikoa bigarren mailan geratzen da, printzipio kolektiboagoen aurrean: justizia, ekitatea eta onura.
Osasun publikoaren arloan, pertsonen erabakiak gidatzeko alternatiba arinagoa izan daitezke bultzadatxoak. Hala, askatasun pertsonalaren gaineko murrizketa gogorragoak saihestuko lirateke, hala nola zirkulazio askea mugatzea.
Orain gutxi bizi izan dugun pandemiak adibide batzuk utzi dizkigu, ‘bultzadatxoak’ izan daitezkeenak: jatetxeetan, supermerkatuetan eta ia eremu publiko itxi guztietan topa zitezkeen eskuak desinfektatzeko ontziak izan ziren adibide argi bat. Txertatzeko hitzorduen oroigarriak edo aurretiazko hitzordurik gabe txertatzeko puntu mugikorrekin egindako kanpainak izan ziren beste adibide batzuk.
Kutsatzea saihesteko neurri askok pertsonen askatasunari eragin zioten, eta ezin dira osasun publikoko estimulutzat hartu: derrigorrezko musukoak, barruan zein kanpoan; lokal jakin batzuetan sartzean tenperatura kontrolatzea; sukarra duten pertsonei sartzea debekatzea; PCR probak atzerrira bidaiatzeko...
Hori dela, bultzadatxoak tresna oso baliotsuak dira: osasun publikoko helburuak lortzea ahalbidetzen dute, banakoaren askatasunari kalterik egin gabe. Horiek porrot egiten dutenean baino ez du zentzua neurri agresiboagoak eta murriztaileagoak hartzeak. Bultzadatxo batek helburuak lor ditzakeen artean, askatasunak murriztea saihesteko zentzuko modua dirudi.