Espainiako Unibertsitateen EUEB
Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun osoaren alde
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2019/03/07
Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipio juridikoa ezartzea XX. mendeko gizartearen mugarri nagusietako bat izan zen, eta eskubide unibertsal horren erabateko gauzapena orain ikusi beharreko lorpen kolektiboetako bat da. Berdintasun eraginkorrerako bidean eskuratutako aurrerapenak gizarte eragile askoren eta, bereziki, unibertsitateen ahaleginaren emaitza izan dira. Funtsezko eginkizuna betetzen dugu balioen transmisioan, gizarte gero eta toleranteagoa, justuagoa eta parekideagoa eraikitzeari begira. Oraindik, ordea, ez gara helmugara iritsi. Eta amaierako txanpari heltzeko unea iritsi da.
Unibertsitateak gure gizartearen isla gara, eta pozarren ikusten dugu nola lortu den emakumeen eta gizonen arteko oreka gure ikasgeletan, klaustroetan eta espediente akademiko onenetan. Alabaina, kezkaz ikusten dugu ere nola kristalezko sabai horrek erantzukizun goreneko postuetarako sarbidea oztopatzen jarraitzen duen, nola ibilbide zientifikoak edo akademikoak zapuzten diren familiaren esparruan emakumeek gehienbat bere gain hartzen dituzten zamen eraginez edo nola oraindik ez garen gai emakumeak karrera teknologikoetara erakartzeko. Ez dugu lortu ere gure unibertsitateko kideen artean indarkeria matxistarekin eta sexu edo sexuagatiko jazarpenarekin amaitzea.
Desberdintasun horiek guztiek, bidegabeak eta onartezinak izateaz gainera –horietako asko legez kanpokoak–, talentu asko galtzea eragiten digute. Emakumeek arlo guztietan erabat parte hartzen ez badute, ikuspegi ordezkaezin bat galtzen dugu Zientziarako, eta balio jasangarriago eta eraginkorragoetara eramango gintuzketen ikuspegi berriak ukatzen dizkiogu gizarteari.
Espainiako unibertsitateen EUEB bere unibertsitateen berdintasun unitateetatik egunero ari da lan egiten, berdintasuna gure komunitateetan eta haietatik kanpo bultzatzeko, eta, era berean, unibertsitateko genero ikasketen ibilbide luzea egin dugu jada, eta ikertalde bikainak ditugu. Guztion ahalegin horri esker, berdintasun politika publiko eta legedia berritzaileak ditugu, gizarte hobe eta bidezkoago bat eratzen laguntzen ari direnak.
Ekintza orok erreakzio bat sortzen du, ordea. Genero desberdintasunen azterketak corpus teoriko zorrotz bat eman digu, zientifikoki abalatuta dagoena eta argudio esklusiboki ideologikoak erabiliz zalantzan jarri ezin dena, azken hilabete hauetan egin den bezala. Unibertsitateok zenbait eztabaidek eragin diguten kezka adierazi nahi dugu, gizonezkoak baztertzen dituztela argudio nahasgarriez baliatuta berdintasun politiken existentzia bera eta genero indarkeriaren aurkako borroka zalantzan jartzen baitute. Hori dela eta, alderdi politikoei eskatzen diegu berdintasun politikei zorroztasunez eta erantzukizunez heldu diezaieten eta literatura akademiko espezializatuari eta generoari buruzko adituen jakintzari utz diezaioten eztabaida horiek argitzen.