euskaraespañol

Eguneko irudia

POLYMATek bikaintasun zientifikoaren María de Maeztu akreditazio ospetsua lortu du

Ikerketa xedeetarako laguntza 2.300.000 €-koa da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2024/07/18

Argazkia: Polymat

POLYMAT polimeroen zientzian diharduen bikaintasun zentro bat da, eta bere ekarpena egiten du materialen berrikuntzan, XXI. mendeko erronkei aurre egiteko energiaren, osasunaren eta jasangarritasunaren alorretan. Aplikazioari bideratutako oinarrizko ikerketa jorratzen du, eta lankidetza estuan lan egiten du tokiko zein nazioarteko ehun zientifiko eta industrialarekin.

POLYMAT 2012an sortu zen, eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin (UPV/EHU) lotuta dago. Hogeita hamabost nazionalitateko berrehun ikertzaile baino gehiago aritzen dira bertan, eta ziur daude polimeroak ezinbestekoak direla bizi kalitatea hobetu eta garapen jasangarria lortzeko. Ikertzaileek ekin eta ekin dihardute polimero hobeak eta birziklagarriagoak garatzen, energia garbiago eta berriztagarrietarako materialak sortzen, polimero biodegradagarriak aurkitzen eta medikuntza zein kosmetikarako polimeroak prestatzen.

Zentroak nazioarteko sareetako ikerketa proiektu ugaritan parte hartzen du, eta talde lana sustatzen du barruan. Berdintasunerako eta erantzunkidetasunerako politikak bultzatzen ditu erakundeko alor guztietako emakumeen eta gizonen artean.

Bikaintasun zientifikoaren María de Maeztu akreditazioa Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitateen Ministerioak ematen du, eta nazioarteko estandarrik zorrotzenei jarraitzen zaie ebaluazio eta hautaketa prozesuan. Hortaz, akreditazioa lortzea egindako lanaren aitorpen bat da, eta aukera bat ere bai, zentroaren ikerketa plan estrategikoan sakontzeko balioko baitu 2.300.000 €-ko laguntzak.

Planaren burua ikertzaile talde bat izango da, Ikerbasqueko David Mecerreyes ikertzailearen lidergoarekin. Hark dioenez, “POLYMATentzat, ohorea da aitorpen hau jaso izana”. Bestalde, nabarmendu du “lagungarria izango dela polimeroei buruzko ikerketa beste eragile zientifiko, teknologiko eta industrialei transferitzeko, baita gizarteari ere”.

José María Asua zentroko zuzendari zientifikoa da, eta eskerrak eman ditu “langile guztiek hamabi urte hauetan izandako konpromisoagatik eta dedikazioagatik, polimeroen alorreko Europako bost ikerketa zentro onenen artean kokatu baita POLYMAT”. Horrez gain, azpimarratu du “zeinen garrantzitsua den Eusko Jaurlaritzak, Ikerbasquek, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Euskal Herriko Unibertsitateak, Espainiako Gobernuak eta Europako Batzordeak emandako babesa, eta beste zentro eta erakundeekin izandako lankidetza, funtsezkoa izan baita aitorpen hau lortzeko”.

María de Maeztu Unitatea akreditazioaren ekitaldia

Akreditazioaren estatuatxoa emateko ekitaldia irailaren 5ean izango da, Madrilen.