euskaraespañol

Eguneko irudia

Eguzki zelula efizienteenen eta egonkorrenen funtzionamendua argitu du ikerketa batek

Juan Luis Delgadok, POLYMATeko eta UPV/EHUko Ikerbasque ikertzaileak, nazioarteko elkarlan batean parte hartu du, duela gutxi JACS aldizkari entzutetsuan argitaratutakoa

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2023/05/23

Juan Luis Delgado | Argazkia: Ikerbasque

Juan Luis Delgadok, POLYMATeko eta UPV/EHUko Ikerbasque ikertzaileak, Oxfordeko Unibertsitateko (Erresuma Batua) ikertzaileekin batera, artikulu bat argitaratu du JACS (Journal of the American Chemical Society) aldizkari entzutetsuan: efizientzia handieneko eta egonkortasun hobetuko perovskita eguzki zelulen funtzionamendua azaltzen du artikuluak.

Perovskita eguzki zelulek gaur egun merkaturatzen diren silizio kristalinozko zelulak ordezkatu litzakete; izan ere, abantailak dituzte ohiko siliziozko panelekin alderatuta, hala nola efizientzia handiagoa (% 25etik gorako efizientzia) eta kostu txikiagoa. Perovskita zelulak “soluzio bidezko prozesamenduaren” bitartez egiten dira. Ekonomikoki merkeagoa da eta gutxiago kutsatzen du silizioa araztearen aldean. Merkaturatzeko eragozpen nagusia egonkortasuna da. Hain zuzen ere arlo horretan zentratzen da ikerketa zientifikoa; tartean, JACS aldizkarian argitaratutakoa.

Oxfordeko Unibertsitateko ikertzaile talde bat, Henry Snaithek (Oxfordeko Unibertsitatea, Erresuma Batua) eta Juan Luis Delgadok (Ikerbasque, POLYMAT eta Euskal Herriko Unibertsitatea, Espainia) zuzendutakoa, elkarlanean jardun da efizientzia eta egonkortasun handiko eguzki zelulak lortzeko azken belaunaldiko gehigarrien erabilerari buruzko informazioa emateko.  2019aren eta 2022aren artean, zenbait ikerketa taldek oso efizientzia handiko perovskita eguzki zelulak deskribatu dituzte gehigarri kopuru txiki bat (metilendiamonio dikloruroa) txertatzearen bidez, horrela momentura arte perovskita eguzki zeluletarako ziurtatu den efizientziarik handiena lortzeko (% 25,7ko PCE). Lan honetan aztertu dugu gehigarriak perovskita kristalen hazkundean jokatzen duen rola, eta ikusi dugu gehigarri hori, denboran zehar, forma kimiko egonkorragoetan deskonposatzen dela. Horrek egonkortasun hobea ematen dio perovskitari (>1 urte airetan).

Emaitza horiek oso garrantzitsuak dira, eta zuzeneko ondorioak izango dituzte etorkizunean, perovskita gailu fotovoltaiko egonkorrak eta efizientzia handikoak garatzeko orduan.

Juan Luis Delgado doktoreak Kimikako lizentzia (2000) lortu zuen Gaztela-Mantxako Unibertsitatean. Ondoren, Kimikan doktoratu zen (2004) unibertsitate berean. 2004aren eta 2006aren artean CNRSn (Estrasburgo eta Tolosa, Frantzia) lan egin zuen, doktoratu osteko ikertzaile gisa. 2006aren eta 2008aren artean “Juan de la Cierva” ikertzailea izan zen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean. 2008aren eta 2013aren artean “Ramón y Cajal” ikertzailea izan zen IMDEA Nanociencia zentroan, Madrilen. 2015az geroztik, Ikerbasque ikertzailea da, eta Energiarako Material Hibridoen taldearen burua da POLYMATen eta Euskal Herriko Unibertsitatean.

Erreferentzia bibliografikoa

  • Elisabeth A. Duijnstee, Benjamin M. Gallant, Philippe Holzhey, Dominik J. Kubicki, Silvia Collavini, Bernd K. Sturdza, Harry C. Sansom, Joel Smith, Matthias J. Gutmann, Santanu Saha, Murali Gedda, Mohamad I. Nugraha, Manuel Kober-Czerny, Chelsea Xia, Adam D. Wright, Yen-Hung Lin, Alexandra J. Ramadan, Andrew Matzen, Esther Y.-H. Hung, Seongrok Seo, Suer Zhou, Jongchul Lim, Thomas D. Anthopoulos, Marina R. Filip, Michael B. Johnston, Robin J. Nicholas, Juan Luis Delgado, and Henry J. Snaith
  • Understanding the Degradation of Methylenediammonium and Its Role in Phase-Stabilizing Formamidinium Lead Triiodide
  • Journal of the American Chemical Society
  • DOI: 10.1021/jacs.3c01531