euskaraespañol

María Teresa Gómez Sagasti

Polenaren gaitasuna

Landareen Fisiologia arloko irakasle atxikia eta ikertzailea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2023/05/29

Irudia

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Udaberri lehor eta beroaren hasierak ekarri du modu adierazgarrian areagotzea polen mailak. Polena Europako alergeno arruntetariko bat da. Ñimiñoa eta alergikoentzako amets gaiztoa izan arren, polenaren aleek funtsezko eginkizun ekologiko bat dute gizadiak bizirik irauteko. Merezi duen moduan baloratzeko unea da.

Landareen bizitza pizten duen txinparta

Duela 350 milioi urte baino gehiago, landareen familia batek –gimnospermoek (hazi soilekin, hala nola izeiek, zedroek eta pinuek)– polen aleak eta haziak garatu zituzten, eta mugarri bat izan zen landareen erreinua lehorreko ingurunean ugaldu eta egokitzeko.

Berrehun milioi urte geroago, Kretazikoaren lehorreko iraultzan bete-betean landare loredunak, fruituek babesten zituzten haziez hornitutakoak, azaldu ziren: angiospermoak. Polenaren eta loreen bilakaerari eta polinizatzaileekin izandako baterako bilakaerari esker, angiospermoak oso azkar dibertsifikatu ziren, eta planeta kolore distiratsu ugariz bete zuten. Gaur egun lehorreko ekosistemak menderatzen dituzte, eta hazkuntza lurretan protagonista nagusi bihurtu dira.

Alergeno bat baino gehiago

Polena, udaberrian eta udan airean dabilen hauts hori (maiz urre kolorekoa), egiaz ugalketa egitura ñimiño baina garrantzitsu bat da.

Polen ale heldua landareen gametofito arra da. Hiru zelula ditu (bi espermatiko eta begetatibo bat), eta bilkin bikoitzak babesten du –erresistentzia ematen dio–. Angiospermen eta gimnospermen organo arretan eratzen da: estaminean, lehenengoen kasuan, eta kono arrean, bigarrenen kasuan.

Polen alea bitartekari bat da, eta material genetiko arra landare ekoizletik beste landare baten edo, zenbaitetan, landare ekoizlearen beraren organo emeraino garraiatzen du. Horrela lortzen da ernaltzea eta haziak ekoiztea.

Polen aleak bikote idealeraino iristeko aukera gutxi dituenez, landareek polen asko sortzeko joera dute. Eta badakigu –eta jasan ere jasaten dugu– gehiegizko ekoizpenak landare ugalketatik haratago doazen ondorioak dituela.

Amodioa airean dago

Giroko baldintzek, hala nola tenperaturak, hezetasunak eta argiak, eta landareen hormona egoerak polenaren sorrera antolatzen dute, fin-fin antolatu ere. Baina, gainera, landarearen inguruan dantzan dabiltzan polinizatzaileek polen gehiago eratzea susta dezake.

Polinizatzailea lorez lore nektarraren bila dabilen heinean, bere gorputza polen alez betetzen eta husten joaten da loreen pistiloetan (zehazki, estigmetan) gelditzeko. Modu horretan, ernaltzeko eta haziak eratzeko aukera areagotzen da. Landareentzat, noski, amodioa airean dago.

Ugalketa arrakastatsuagoa izan dadin, landareek egitura, forma eta kolore barietate harrigarri bat sortu dute beren poten aleetarako, eta horiek lotura estua dute sakabanatze mekanismoekin eta polinizatzaileekin.

Ildo horri eutsiz, polen ale ikusgai eta astunenak, bai eta arantza txikiak eta gainazal itsaskorrak dituztenak ere, oro har, polinizatzaile handiek garraiatzen dituzte, besteak beste, erleek (entomofilia) eta hegaztiek (ornitofilia). Txikienak, arinenak, esferikoak eta hegaldunak, ordea, udaberriko brisak garraiatzen ditu (anemofilia).

Zenbait pigmentuk, besteak beste flabonoideek eta karotenoideek, kolore gorrixka-urdinxka eta/edo hori-laranja ematen diete polen aleei, polinizatzaileentzat erakargarriagoak izateko. Horrez gain, ez da ahaztu behar, nektarrarekin batera, polinizatzaileek polena elikagai modura biltzen dutela, proteina, lipido eta karbohidrato ugari baititu.

Zer litzateke mundua polenik gabe?

Polenak oso eginkizun garrantzitsua du nekazaritzan, batez ere frutak, barazkiak eta zerealak ekoizteko orduan. Uste da munduko elikagaien hazkuntzen % 75 baino gehiago, neurri batean, polinizazioaren (polenaren transferentzia) mende daudela. Beraz, gure dietaren zati handi bat jokoan da. Jaten dugun hazi, ale, fruta bakoitza polinizazioaren zuzeneko produktua da.

Polinizaziorik gabe, laboreek ez lituzkete hazi bideragarriak ekoitziko, beraz, etekina murriztuko litzateke eta, bide batez, galera ekonomiko garrantzitsuak ekarriko lituzke. Munduko biztanleria hazi delako elikagai asko eskatzen diren agertoki batean ezin dezakegu polena eta polinizatzaileen lana alde batera utzi.

Agente polinizatzaile gisa, erleek, tximeletek, txoriek, sitsek, kakalardoek eta are saguzarrek eragina dute ekosistemen landare egonkortasun eta dibertsitatean eta agroekosistemenetako hazkuntzen errendimenduan (kantitate eta kalitate nutrizionala).

Polen aleak eta polinizatzaileak txikiak izan arren, NBEren Garapen Jasangarrirako Helburuei (GJH) dagokienez, zenbait helburu lortzeko orduan zeregin garrantzitsua dute. Tartean, helburu hauek: gosearen eta pobreziaren aurkako borroka edo enplegua eta hazkuntza ekonomikoa sortzea.

Planeta mailako ekaitz perfektua

Tamalez, habitatak zatitzea eta suntsitzea, pestizidak erabiltzea eta klima aldaketa planeta mailako ekaitz perfektua eragiten ari dira: landare dibertsitatea murriztea, polenaren kalitatea gutxitzea eta polinizatzaileen populazioak gainbehera etortzea.

Zer egin dezakegu? Habitatak lehengoratu eta kontserbatu, pestiziden erabilera mugatu, izurrien aurkako borroka biologikoa indartu eta nekazaritza ustiapenak aniztu erleentzako eta haien adiskide polinizatzaileentzako ekosistema orekatu bat sortzeko. Oraindik lan handia dugu egiteke.

The Conversation