euskaraespañol

40 enpresa baino gehiagok parte hartuko dute Bilboko Ingeniaritza Eskolako Enplegu Jardunaldietan

Gaurtik, otsailaren 6tik, datorren otsailaren 13ra, bitartean, puntako sektoreetako enpresek euren buruak aurkeztuko dituzte ingeniaritzaren arloko etorkizuneko profesionalak erakartzeko eta euren lantaldeak sendotzeko asmoz

Lehenengo argitaratze data: 2017/02/06

Enpresa baten aurkezpena enplegu jardunaldietan

Euskal enpresa-egiturako sektore eta konpainia indartsuenen ordezkaritza zabala aurkeztuko da, gaurtik datorren astelehenera, otsaiaren 13ra, Bilboko Ingeniaritza Eskolan, irakaskuntza-zentro honetan gaur egun prestakuntza hartzen ari diren talenturik onenak erakartzeko asmoz. Eskolak Enplegu Jardunaldiak eta Enpresen Aurkezpenak antolatzen ditu urtez urte, ingeniaritzako profesionalak eskatzen dituzten inguruneko eragile nagusietako batzuk bilduz.

Horrela, Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikasleek euskal konpainia nagusien eta Euskadin finkatuta dauden multinazionalen egungo lan-eskaintzak eta etorkizunerako aurreikuspenak ezagutzeko aukera izango dute, enpresa horiek guztiak ingeniaritzaren arloko etorkizuneko profesionalak erakartzeko eta euren lantaldeak sendotzeko asmoz aurkeztuko baitira jardunaldiotan.

Enplegu Jardunaldien eta Enpresen Aurkezpenen aurtengo edizioan, Euskadin lider diren sektoreetako 44 enpresak hartuko dute parte: Accenture, Aernnova Engineering Solutions, Alstom Renovables, Altran, Aludium, Applus, Arania, Axpe Consulting, Batz, CTA, Deguisa GHI Hornos, Egile Corporation XXI, Elecnor, Everis, Euskaltel, Gamesa, General Electric Grid Automation, Grupo Eulen, Iberdrola, Idom,  Ingeteam, Intertek, Irizar, ITP, Lointek, Maier, Management Solutions, OHL Servicios, P4Q, Schneider Electric, Sener, Sidenor, Siemens, Sisteplant, Tecuni, Velatia, Viewnext y ZIV.

Horiekin batera, Euskadiko teknologia elkarte entzutetsuak ere bertaratuko dira, IK4 Research Alliance edo Tecnalia, besteak beste, eta baita Makina-erremintaren fabrikatzaileen elkarteko, AFM-ko, kideak ere. Halaber, aurkezpenen artean Bizkaiko Foru Aldundiarena eta Bizkaiko Industria Ingeniarien Elkargoarena eta Euskadiko Telekomunikazio Ingeniarien Elkargoarena ere egongo dira.

Eskolan ikasten ari diren ikasleei bertako enpresa-egiturak eskaintzen dituen aukera profesionalei buruzko ikuspegia eskaintzeaz gain, honelako ekimenek mundu osoko konpainiek profesionalik distiratsuenak erakartzeko egiten duten lehia gero eta handiagoaren eraginez gertatzen ari den talentuen ihesa saihesten laguntzen dute. Enpresak horrelako Jardunaldiez baliatzen dira talentua erakartzeko eta ingeniaritzaren arloko etorkizuneko profesionalak eurenganatzeko, atzerriko konpainiek kontratatu eta eramateko arrisku gero eta handiagoari aurre eginez.

Ingeniarien Eskola Fundazioarekin lankidetzan Eskolak urtero antolatzen dituen Enplegu Jardunaldi eta Enpresen Aurkezpen horiek gaurtik datorren astelehenera egingo dira, Eskolako Hitzaldi Aretoan, goizez eta arratsaldez.