euskaraespañol

Eguneko irudia

Petronorrek eta Bilboko Ingeniaritza Eskolak bi ikasle hautatu dituzte Enrique Sendagorta bekarako

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2021/06/30

Enrique Sendagorta beka

<ul> <li> Oihane Ainz eta Josu Legorburu Cranfieldeko Unibertsitatean (Erresuma Batua) eta Cincinnatiko Unibertsitatean (AEB) arituko dira, hurrenez hurren, euren nazioarteko formakuntza osatzen </li> <li> Petronorrek 12.500 euroko bi beka ematen ditu urtero, Eskolako Industria Ingeniaritzako Unibertsitate Masterreko bi ikasleren prestakuntza osatzen laguntzeko </li> </ul>

Petronorrek eta Bilboko Ingeniaritza Eskolak Oihane Ainz eta Josu Legorburu ikasleei eman diete 2021eko edizioko Enrique Sendagorta Beka. Industria Ingeniaritzako Unibertsitate Masterreko bi ikasleek 12.500 euroko beka jasoko dute, unibertsitateko prestakuntza atzerrian osatzeko eta titulazio bikoitza lortzeko.

Oihane Ainzek “Renewable Energy” masterra egingo du Cranfieldeko Unibertsitatean (Erresuma Batua) eta Josu Legorburuk bere nazioarteko prestakuntza Cincinnatiko Unibertsitatean (AEB) osatuko du “Materials Science & Engineering” masterra eginez.

Bekak gaur banatu dira, Manu Núñez Petronor Berrikuntzako zuzendaria, Roberto Velasco Petronorreko Administrazio Kontseiluko kidea, Charles Pinto Eskolako zuzendaria, Susana Uriarte, graduondoko Antolamendu Akademikoko zuzendariordea, eta Saioa Herrero Nazioarteko Harremanetarako zuzendariordea egon diren ekitaldian.

Urtero ematen den Enrique Sendagorta beka 2018an sortu zen, Petronor sortu zeneko 50. urteurrena zela eta antolatutako ekitaldiekin bat etorriz. Enpresak 25.000 euro ematen ditu 12.500 euroko bi beka bideratzeko, eskolak ospe handiko unibertsitateekin sinatuta dituen nazioarteko hitzarmenen alorrean titulazio bikoitza eskuratu gura duten Eskolako Industria Ingeniaritzako Unibertsitate Masterreko bi ikasleren prestakuntza osatzen laguntzeko. Helburua, energiaren, berrikuntzaren eta digitalizazioaren arloan ingeniaritzako ikasleen nazioarteko prestakuntza aurreratua laguntzea da.

Petronorrek, gizartearen iraunkortasuna eta garapena hobetzeko kulturarekin eta berrikuntzarekin konprometituta, lehen mailako profesionalen prestakuntza sustatzen du, behar diren garapen teknologikoak egin ahal izateko, lehiarako abantailarekin, energia-baliabideak modu eraginkorrean sortu, eraldatu eta banatzeari lotutako eta digitalizazio-prozesuetan oinarritutako euskal industria-sektorearen garapenari eusteko.

Enrique Sendagorta bekak 2018an hil zen findegiaren sortzaile eta lehen presidentea izan zenaren oroimena omentzen du. Enrique Sendagorta eta bere anaia José Manuel benetako ameslariak izan ziren, eta haiei zor zaie, beste lorpen askoren artean, gaur egun Petronor lehen mailako industria-proiektua izatea, ingeniaritza aeroespazialaren eta ontzigintzaren arloan biek sortu zuten Sener enpresaren mugarriak ahaztu barik.