“Ba al zenekien ijitoek, beren bizi baldintzak direla eta, gainerakoek baino hogei urte gutxiagoko bizi itxaropena dutela? Eta emakumezko ijitoen itxaropena are txikiagoa dela, emakumeak, oro har, gizonak baino gehiago bizi diren arren?”. Hori da, hain zuzen ere, Paula Urrutia Lópezek (Santurtzi, 1999) Gradu Amaierako Lanean (GRALa) “emakumezko ijitoei ahotsa ematea” erabaki zuenean egindako aurkikuntza ugarietako bat; izan ere, “diskriminazio bikoitza jasaten dute: ijito izaerari emakume izatea gehitzen zaio”. Irrati erreportaje baten bidez egin zuen hori, hedabide horretan lan egin nahi baitu kazetaritzan graduatu ondoren, eta jada hasi da lanean irrati ezagun batean.
Paula Urrutiak 'Emakumezko ijitoak, isilarazitako ahotsak' erreportajea dakarkigu
Kazetaritzako ikasleak egin duen irrati formatuko GRALa ijitoen munduan murgildu da, eta ahotsa jarri die emakume horiei, gehienentzat ezezaguna den errealitate bat ezagutarazi nahian
- Erreportajeak
Lehenengo argitaratze data: 2021/09/22
Ez nuen ijitoen mundua inola ere ezagutzen, baina hirugarren mailan emakumezko ijitoei buruz hitz egiten entzun nien ikaskide batzuei, eta pentsatzen hasi nintzen GRALa aukera zoragarria zela gai hori ikuspegi feminista batetik jorratzeko, baina ohiko ikerketa bat egin gabe; horregatik, erreportaje bat egitea hautatu nuen, kazetaritzan entzuleengana iristeko duzun modurik zuzenena eta argiena delako”, azaldu du Paulak.
Bi ijito erakunderekin jarri zen harremanetan (Kale Dor Kayiko eta Emakumezko Ijitoen Elkartea (AMUGE)), eta gainerako guztia berez atera zen. “Besoak zabalik hartu ninduten; izan ere, haiek gidatu dute nire lana –adierazi du–. Joaten nintzen leku bakoitzean, elkarte bakoitzean, ideia eta proposamen desberdinak helarazten zizkidaten; haiei buruzko materiala ematen zidaten. Oso emakume aktiboak dira, eta entzun ditzatela nahi dute. Egin baino gehiago, asko ikasi dut haiengandik”, gaineratu du kazetariak.
Egin duen irrati erreportajean, gehienentzat ezezagunak diren istorioak bildu ditu Paulak, eta honelako zifrak eman ditu, besteak beste: emakumezko ijitoen % 75 diskriminatuta sentitu dira emakumezko ijitoak izateagatik; bakarrik ibiltzearen beldur dira % 56 baino gehiago, edo % 18k baino ez dute gidabaimenik; neska ijitoen % 86k inolako titulaziorik gabe uzten dituzte ikasketak, eta langabezian daude emakumezko ijitoen % 71; horrenbestez, laguntza sozialen mende daude ezinbestean. “Datuak dira, zenbakiak dira, azaldu du Paulak GRALean, baina ahotsak falta dira”. Esan digun bezala: “Asko dute esateko, baina oso isilik daude”.
Baina kazetariak, bere lanean, “Roma eraldatuz” ekimena ere jaso du, orobat; horren bidez, emakumezko ijitoak “ahalduntzeko eremuetan aurrera egiten” saiatzen dira, eta bertan, Paulak azaldu bezala, “ez daude emakumeak soilik, eredu berriak bere egin nahi dituzten gizonek ere bat egin baitute”. Lanean ageri dira, halaber, Victoria Jiménez, tía Victoria –Euskadiko lehen poeta feminista ijitoa, alegia–, eta Andrea Khalfaoui Larrañaga –doktoratu den lehen euskal emakumezko ijitoa–. Erreferente bilakatu dira emakumezko ijitoentzako, baina baita kolektibo guztiarentzako ere.
Paulak praktikak egin ditu udan SER kateko irrati batean, eta hedabide horretan oso gustura dagoela azaldu du. Hor ere proposatu du gai hori, eta erakutsi egin die eginiko irrati lana, zeinak oso harrera ona izan duen. “Ezin dugu osorik eman, hamabi minutu direlako, baina programa bat egin dugu haren protagonistetako batzuekin eta egin nuen grabazioaren zatiak berreskuratu ditugu”.
Gradu Amaierako Lan horrek zer pentsatu emango du, eta osorik entzun ahal duzu hemen bertan duzun estekaren bidez: