Patxi Juaristi Azkuek irabazi du Ilustrazio Zientifikoa lehiaketaren III. Edizioa
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2023/01/27
Patxi Juaristi Azkuek, 37 urteko azpeitiarrak, irabazi du Ilustrazio Zientifikoaren lehiaketaren III. Edizioa. Juaristik, UPV/EHUko Ingeniaritza Industrialeko ikasketak burutu zituen Donostian eta Bilbon eta hamar urtez jardun du lanean. Pasa den udaberrian, Ilustrazio Zientifiko berezko masterraren berri izan zuen eta lanean eszedentzia eskatu eta gero, irailean hasi zen graduondokoaren ikasketekin.
Aurtengoan, Plentziako Itsas Estazioak (PiE-UPV/EHU) eta UPV/EHUko Ilustrazio Zientifikoa graduondoak antolatu duten lehiaketa horrek “Itsaspeko fauna eta flora” hartu du gaitzat.
Marrazkiari dagokienez hau adierazi du irabazleak: “ilustrazio zientifiko klasikotik pixka bat aldendu eta erabat bukatu gabeko marrazki bat aurkeztea erabaki nuen, honelako marrazki bat egiteko dagoen lana biluzteko asmoz. Honela, erabat bukaturik dauden parteak, koloreztaturikoak nolabait, gouache teknika bidez buruturik daude. Bestalde, grafitoa erabili dut, gorpua marrazteko eta honela, irudia burutzeko lehenik garatu behar den bozetoa azalduz. Irudi nagusiaz aparte, beheko arrain multzoa, perfil irudia gauzatzeko eginiko bozetoz osatua dago. Ondoren edizio digitalaz baliatu naiz konposizioa osatu eta fondoa koloreztatzeko. Hots, teknika mixtoa erabili dut bukaerako irudia sortzeko".
Ikasketetan zein bere kabuz landutako irudiak bere Instagrameko profilean ditu ikusgai.