euskaraespañol

Eguneko irudia

Euskadira etorritako atzerritarren kopurua % 13,3 baino gehiago murriztu zen 2021ean

Pandemia aurreko datuen aldean, % 73,4ko beherakada da.

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/05/26

Pandemiak eragin garbia izaten jarraitzen du Euskal Autonomia Erkidegora iristen diren atzerritar jatorriko biztanleen artean. Alarma egoera ezarri zenetik bi urtera, COVID-19ak nabarmen eragiten die oraindik, EAEn, etorrerei. 2022ko urtarrilaren 1ean, 253.038 atzerritar zeuden Euskadin, aurreko urtean baino 5.254 gehiago. Horrek esan nahi du aurreko urtean baino % 13,3 gutxiago iritsi direla, eta 2019an baino % 73,4 gutxiago, Ikuspegi – Immigrazioaren Euskal Behatokiak egindako Atzerritar jatorriko biztanleak EAEn 2021 izenburuko Begirada argitalpenaren aleak dioenez.

Lurralde historikoen artean, Arabak du atzerritar jatorriko kopuru handiena (% 13,5); ondoren, Gipuzkoak (% 11,5) eta, azkenik, Bizkaiak (% 10,9).

Jatorriei dagokienez, migrazio fluxuen geldialdi horrek ez du eragin bera izan jatorri guztietan. Populazio horren % 52 Latinoamerikako herrialderen batean jaioa da; atzetik dira magrebtarrak (% 14,5) eta Europar Batasunekoak (% 14,2).

Herrialdeka, atzerritar jatorriko biztanleek Marokon dute (29.701 lagun), batik bat, jatorria; atzetik, Kolonbia dago (28.675) eta, atzerago, Nikaragua (15.070). Horrela, bada, gaur egun EAEn bizi diren atzerritar jatorriko hiru lagunetik ia bat (% 29,0) hiru herrialde horietako batean jaioa da. Bilakaerari erreparatuz gero, Kolonbian (+1.499) jatorria duen populazioa izan da azken urtean gehien hazi dena, eta ondoren, Marokokoa (+1.253).

Ikuspegi – Immigrazioaren Euskal Behatokiaz

Ikuspegi − Immigrazioaren Euskal Behatokiak 2004tik dihardu. Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateari lotutako erakundea da, eta migrazio fluxuek Euskadin duten eragina aztertzea, ezagutzea eta baloratzea du helburu.

Beste ikerketa batzuen artean, behatokiak Begirada argitalpena kaleratzen du. Lau hilean behingo ikerlanetan, immigrazioarekin eta Euskadin bizi diren atzerritar jatorriko biztanleekin zerikusia duten alderdi jakinak lantzen dituzte.