euskaraespañol

Laura Isabel Arellano García, Alfredo Fernández-Quintela, Bárbara Nieva Echevarría, Iñaki Milton Laskibar eta Maria Puy Portillo

Palma olioa: Aliatu teknologikoa ala osasunaren etsaia?

Farmazia Fakultateko ikertzaileak

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2024/11/18

(Beste leiho bat zabalduko du)

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Baliteke behin baino gehiagotan entzun izana palma olioari buruz hitz egiten; ia beti, konnotazio negatiboarekin. Dena den, esaten den bezain kaltegarria da, ala haren ospe txarraren atzean mitoak eta/edo informazio falta daude?

Palma olioa, “zopatan ere bai”...

Elikagai prozesatu askoren osagaien artean dago palma olioa, eta hori da haren arazo nagusia. Elikagai horiek biztanleria orokorrari (berehalako zopa, izozkiak, galletak eta moldeko ogia) edo kolektibo espezifiko batzuei (haurrentzako formula-esnea) daude bideratuta.

Palma olioaren gantz azidoen konposizioa dela eta, egonkorra eta erdisolidoa da giro tenperaturan; horregatik erabiltzen da horrenbeste. Gainera, fusio puntu (urtzeko behar duen tenperatura) altua du, eta zapore neutroa.

Ezaugarri horiek direla eta, osagai ezin hobea da okintza eta gozogintza produktuak eta janaurrekoak prestatzeko. Horietan, ohikoa da palma olioaren erabilera, balio ekonomiko altuagoa duten gantz solidoen ordez (gurina, kakao gurina) edo horren osasungarriak ez diren osagaien ordez; adibidez, partzialki hidrogenatutako gantzen ordez (margarina). Elikagaien industriak, gainera, printzipioz palma oliorik ez duten beste elikagai batzuk frijitzeko ere erabil dezake.

Horrek azalduko luke zergatik erabiltzen den palma olioa maiz kontsumitzen diren edo horren maiz kontsumitzen ez diren elikagai askotan.

Baina, zer da palma olioa eta nondik dator?

Mundu mailan gehien erabiltzen den landare olioa da palma olioa, eta ‘Elaeis’ (‘E. guineensis’, ‘E. oleífera’ edo bien arteko hibridoa) generoko landareen fruitutik ateratzen da. Horiei guztiei, normalean, olio-palmondo esaten zaie. Mendebaldeko Afrikan dute jatorria, baina gaur egun Indonesia eta Malaysia dira munduko ekoizlerik handienak.

Orokorrean palma olioa deitzen diogun arren, egiaz, bi olio mota atera daitezke erabiltzen den fruituaren zatiaren arabera:

  1. Palmondoaren arbendol olioa edo palmiste olioa, fruituaren hazitik lortzen dena.
  2. Palma olioa bera, mosokarpotik (fruituaren mamia) lortzen dena.

Olio horien jatorria ezberdina izateaz gain, horien osaera lipidikoa ere ezberdina da. Hala, palmiste olioa aberatsa da gantz azido aseetan (guztizkoaren % 72 eta % 98 artean); batez ere, azido laurikoa, miristikoa eta palmitikoa. Aldiz, palma olioaren kasuan, gantz azidoen osaera askoz ere orekatuagoa da: ia erdiak aseak dira, eta beste erdiak asegabeak. Gantz azido aseen artean, palmitikoa nabarmentzen da (% 32 eta % 47 artean), eta, asegabeen artean, oleikoa nabarmentzen da (azido monoasegabea, % 40 eta % 52 artean).

Gantz azidoen profilaz gain, palmiste olioak zein palma olioak propietate antioxidatzaileak dituzten osagai lipidiko minoritario asko dituzte, hala nola E bitamina (bereziki, tokotrienolak) eta karotenoideak; azken horiek A bitaminaren aitzindariak dira, eta olioaren kolore laranja berezi horren erantzuleak dira.

Osagai horiek dituenez, E eta A bitaminaren gabeziari aurre egiteko alternatiba gisa erabiltzen da Asian eta Afrikan. Hala ere, merkaturatu aurretik igarotzen duen finketa prozesua dela eta, osagai bioaktibo horiek ia osorik galtzen dira. Hortaz, ustezko abantaila nutrizional hori, egiaz, ez da horrenbestekoa.

Zergatik esaten da palma olioa txarra dela?

Azken urteetan, eztabaida handia sortu da olio palmondoaren landaretik eratorritako olioen eta gantzen erabilerari eta kontsumoari dagokienez. Izan ere, gantz azido aseen kantitate altua dela eta (batez ere, azido palmitikoa), ez da oso gomendagarria ikuspegi nutrizionaletik.

Jakina da azido palmitikoak zirkulazioko LDL (dentsitate txikiko lipoproteina, ‘kolesterol txarra’ esaten zaiona) kolesterolaren maila handitzeko ahalmena duela. LDL kolesterol maila altuarekin eta gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskuarekin lotzen denez, gantz azidoen (azido palmitikoa barne) kontsumoa murrizteko edo mugatzeko iradokitzen dute gomendio dietetikoek.

Era berean, nabarmentzekoa da findutako palma olioan glizidola, 3-monokloropropano-1,2-diol (3-MCPD) eta haren esterak detektatzen direla. Konposatu horiek toxikoak dira, eta agintariek dagoeneko neurriak ezarri dituzte, horien edukia murrizteko. Gogoratu edozein landare olio gehiegizko tenperaturan fintzean sor daitezkeela konposatu horiek (ez palma olioa prozesatzean bakarrik).

Ondorioz, oraingoz, badirudi palma olioak haren propietate teknologikoak direla eta dituen abantailak ez direla nahikoa osasunean eragin ditzakeen kalteak konpentsatzeko. Hori dela eta, nabarmentzekoa da Mediterraneoko herrialdeek (adibidez, Espainia) duten zortea, oliba olio birjina estra baitute. Aukera hori askoz ere interesgarriagoa da maila nutrizionalean, aberatsa delako azido oleikoan eta konposatu fenoliko bakarretan. Agente bioaktibo antioxidatzaile indartsuak dira horiek, eta ez dira topatzen beste olio eta gantz batzuetan. Horien kontsumoa osasunerako onura ugarirekin lotzen da.

The Conversation