‘La Nochebuena de Miguelito’ UPV/EHUko bi ikasleren film laburrak arrakasta izan du Bilboko eta Kordobako bi zinemalditan
Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko ikasleek osatutako taldeak lehenengo saria lortu du “Otxarmetraje 2022” lehiaketan eta bigarrena “Suroscopia 2023” Kordobako unibertsitate lehiaketan
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2023/07/07
Pablo Rodríguez Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Kazetaritza Gradu Bikoitzeko bigarren mailako ikaslea da. Aukera hori hautatu zuen bere “kazetaritza literariorako eta ikus-entzuneko mundurako gogoa” ase behar zuelako; halere, honako hau onartzen du: “Liburuek pelikulek baino askoz gehiago hunkitzen naute, hainbeste, non pertsonaia literarioren baten heriotza gertuko pertsona batena izango balitz bezala sentitu dudan”. Unibertsitate ibilbide motza egin duen arren, Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasle ohia den, Unai Alarcónekin batera, film laburren Otxarmetraje eta Suroscopia lehiaketetara aurkeztea erabaki zuen. Berdin zion esperientzia txikia izateak, baita filmazioaren produkzioak eta postprodukzioak suposatuko zuen tentsioak ere. Biek konfiantza zuten 'La Nochebuena de Miguelito' film laburrarengan.
Lehenik, Otxarmetraje 2022 lehiaketa espresean aurkeztu zuten. Deialdiak gai jakinik zehazten ez zuen arren, proposamenek Otxarkoaga auzoa ikusgai egin behar zuten. Film laburraren originaltasuna dela-eta arrakasta izan zuten lehiaketan eta lehenengo postua lortu zuten (400 €-ko saria). Rodríguez arduratu zen zuzentzeaz, gidoiaz eta narrazioaz; Alarcón, bestalde, alderdi teknikoaz: argazkigintza, muntaketa, edizioa, etab. Rodríguezek dioenez, lasaitua hartu zuen sariaren diruagatik: “Egia esaten badizut, momentu horretan zor txiki bat neukan; izan ere, filmazioaren aurreko astean Txotxongiloen manipulazioko, gorputz mimoko eta dantzako ikastaro batean apuntatu nintzen, ordaintzeko dirurik izan gabe. Esne saltzailearen ipuinaren modukoa izan zen. Irabazi egingo genuela uste nuen eta oraindik ezer jakin gabe gastatu nuen dirua. Eta gertatu egin zen; eskerrak!”, esan du barrez.
Film laburraren filmazioan zehar dena ez zen barrea eta ilusioa izan; urduritasunezko uneak egon ziren eta bertan behera uztea ere pentsatu zuten: “Momentu oso txar bat bizi genuen, estres handikoa, filmatu behar genuen agertokia ezin genuela erabili esan zigutenean. Arazoa zera zen, film laburra toki hori irudikatuz idatzi zela. Unairi lehiaketa uztea proposatu nion, proiektuaren jatorrizko esentziaren zati bat galdu egingo zela uste nuelako”. Ez zuten utzi. Beste agertoki bat erabili zuten, gidoia aldatu gabe, eta, hasiera batean imajinatu zutena ez zen arren, oso ongi zehaztutako eskaleta zutenez eta Miguelitoren istorioa kontatzeko gogo izugarriak zituztenez, aurrera jarraitu zuten.
Sariak hedapen mugatua zuenez, lana Suroscopian aurkeztea erabaki zuten, Kordobako Ikus-entzunezko Sorkuntzako 12. Unibertsitate Lehiaketan; bertan, publikoaren bigarren saria lortu zuen. Postua ez dago batere gaizki, kontuan izanda zinemaldi horretara Espainiako unibertsitate komunitateko hainbat kide aurkezten direla, baita nazioarteko unibertsitate gonbidatuak ere. Era berean, La Nochebuena de Miguelito bost finalisten artean geratu da epaimahaiaren sariaren fikziozko atalean*. “Erabakiaren zain gaude, baina guretzat finalista izatea jada izugarria da, aintzat hartuta obra oso itzelak aurkeztu direla”.
Deigarria da 2. mailako ikasle batek unibertsitatetik kanpo lehiaketa batera aurkezteko eta unibertsitatetik kanpo lanak egiteko erabakia hartzea, baina berak badaki zein den jarraitu beharreko bidea eta horretarako jarri behar duen denbora. “Honek ahalegina eta borondatea eskatzen ditu. Pertsona gutxik daukaten irrika sortzailea behar duzu. Gainera, ikasle batzuek, lehenengo ikasmailetan, ez dakite zertan ari diren graduan edo ikusten dute ez dela gustuko dutena; horrek proiektu pertsonalak egiteko interesa galtzea dakar”, azaldu du Rodríguezek.
Film laburra Otxarkoagako harategi batean gertatzen den lapurreta bati buruzkoa da. Halere, gidoia eta pieza filmatzeko modua umorean eta surrealismoan oinarritzen dira. Istorioko funtsezko pertsonaia Miguelito da. Gabon-gaueko afariaren erdian, amonarentzako mortadela erostera joango da. Harategian dagoela lapurreta bat gertatuko da, baina bere helburu bakarra bere familia zoriontsu egitea eta bere amonaren nahia betetzea da. Helburu garbi bat dauka, eta beretzako ez dago arriskurik. Pertsonaia hori Rodríguezen “ni inkontzientearen irudikapena” da. Biek familiaren onarpena bilatzen dute. Hasieran, ez zen ohartu haurrak irudikatzen zuenaz, baina konturatu zen pertsonaia bizitzen ari den “momentu garrantzitsuari emandako erantzuna” dela.
Orain, Pablo Rodríguezek etorkizunera begiratzen du eta argi dauka ez diola lan egiteari utziko, bere sormena geldiezina baita. “Ideia mordoa ditut, baina ona aukeratzen jakin behar da. Orain bost film labur ditut idatzita, datorren urteko lehiaketa espresetan filmatzeko, adibidez GetxoExpressen edo ZINEBI EXPRESSen, baina gehiago egin beharko ditut, denetan gaia ez baita librea”, adierazi du ilusioz beteta.
*Eguneraketa: “La Nochebuena de Miguelito” Suroscopia jaialdia irabazi du
Pablo Rodríguez eta Unai Alarcón "La Nochebuena de Miguelito" film laburren egileak Suroskopiako Epaimahaiaren Sariaren erabakiaren zain zeuden. Uztailaren 30ean Fernando J. Lara Kordobako Unibertsitateko Kulturako zuzendari nagusiaren deia jaso zuten berria emateko: "La Nochebuena de Miguelito" filmak irabazi du Fikziozko Film Labur Onenaren Saria, 900 €-koa.