‘Aging Cell’ aldizkari entzutetsuan argitaratutako artikulu batean ageri denez, UPV/EHUko Lipids & Liver ikerketa-taldeak erakutsi du, uste zenaren kontra, zahartzean beharrezkoa dela osteopontinaren maila fisiologikoak mantentzea gibelean, adinarekin lotutako gibel gantzatsu ez-alkoholikoak aurrera egin ez dezan. Osteopontina funtzio anitzeko proteina bat da, zenbait gaixotasun larrirekin lotuta dagoena.
Osteopontina ez da esaten duten bezain proteina txarra beti
UPV/EHUk erakutsi du osteopontina mantentzeak atzeratu egiten duela zahartzean gibeleko gaitz metaboliko gantzatsua agertzea
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2020/08/20
Mendebaldeko herrialdeetan izaten diren gibeleko gaixotasunen kausetako bat da gibeleko gaitz metaboliko gantzatsua edo gibel gantzatsu ez-alkoholikoa, eta asaldu-multzo bat dakar berarekin. Gainera, oso lotuta dago gaitz metabolikoekin, hala nola obesitatearekin edo 2 motako diabetes mellitusarekin. Zahartzean lipido-metaketa handitu egiten da gibelean, eta arriskuan jar daiteke haren funtzionamendu normala. UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Fisiologia Saileko Lipids & Liver ikerketa-taldearen ardatza da “gibel gantzatsu ez-alkoholikoa eta harekin lotutako gaixotasun metabolikoak ikertzea. Lan honen helburua izan da aurkitzea zer mekanismoren bidez garatzen den gibeleko gaitz hori zahartze-prozesuan, haren agerpena tratatu edo atzeratu ahal izateko”, azaldu du Patricia Aspichueta doktoreak (ikerketa-taldearen arduraduna).
Gaixotasunak motel egiten du aurrera: “Paziente batzuetan ez du aurrera egiten, gantz-metaketaren lehen fasean geratzen da, hepatoesteatosi hutsean; beste paziente batzuetan, 20 urte ere behar izaten dira hepatoesteatosi izatetik esteatohepatitisa bihurtzeraino —fibrosiarekin lotuta egon daiteke edo ez—; baina badira zenbait paziente zeinetan azkarrago egiten duen aurrera adinarekin batera”, azaldu du Aspichuetak. Hori dela eta oso garrantzitsua da jakitea “zer mekanismok hartzen duten parte input jakin batzuen aurrean gibela zaurgarriagoa izan dadin gaitzaren garapena eta/edo aurrerapena bultzatuz”.
Zelulen zahartzearekin lotutako proteinetako bat osteopontina da: funtzio anitzeko proteina bat da, ehun askotan ageri dena, eta, Lipids & Liver ikerketa-taldeak lehenago egindako ikerketek frogatu dutenez, gibeleko metabolismoa modulatzen duena; horrez gainera, “oso gaixotasun negatiboen prozesuekin lotu izan da, hala nola gibeleko minbizi eta zirrosiarekin”, azaldu du Aspichuetak. Beatriz Gómez Santos ikertzailearen doktore-tesiaren parte izan den ikerlan batean, “bada, uste genuenaren kontra, ikusi dugu osteopontina babeslea dela, hau da, beharrezkoa dela zahartzean gaixotasuna garaia baino lehenago ager ez dadin —erantsi du—. Ikusi dugu osteopontina inhibitu edo isilarazi egiten bada, testuinguru batzuetan proposatzen den bezala (gibel-fibrosiak saihesteko eta abar), gantza lehenago metatzen eta gaitza lehenago agertzen dela. Beraz, zahartzean, funtsezkoa da proteina gibeleko maila fisiologikoetan mantentzea”.
Gizon-emakumeak
Gaixotasun metabolikoak ikertzea konplexua da; izan ere, prozesuan gertatzen diren aldaketa metabolikoak oso dinamikoak dira, eta koordinatuta gertatzen dira ehun batean baino gehiagotan. Gainera, molekulak metabolizatzen direnean gertatzen diren aldaketak aztertzen dira: “Besteak beste, erradioaktiboki markatutako molekulak erabiltzen ditugu, eta jarraipena egiten diegu ikusteko zer bide egiten duten, non sartzen diren eta abar”. Ikertzaileek adierazi dute aurkikuntza hau funtsezkoa izan dela, “zahartze-prozesuaz asko ikasteko aukera eman baitigu”.
Gaur egun, “adinean aurrera egin ahala gizonezkoek eta emakumezkoek gibeleko gaixotasuna izateko zenbaterainoko gibel-zaurgarritasuna daukaten” ikertzen ari da Gómez Santos. Gibeleko gaixotasunaren garapenarekin eta aurrerapenarekin lotutako prozesu metabolikoak ari gara aztertzen paraleloan, gizonetan eta emakumeetan”. Zenbait ikerketaren ebidentziak iradokitzen du gibel gantzatsu ez-alkoholikoaren intzidentzia handiagoa dela gizonetan emakumezkoetan baino. Gainera, badirudi emakumezkoetan intzidentzia txikiagoa duela menopausia aurretik. Ikerketa konplexua da, hainbat aldagai baititu, baina helburua bakarra da: “Azken batean, zahartze osasuntsu bat lortu nahi dugu. Gaitz metabolikoa ez agertzea nahi dugu, edo dagoeneko agertu bada, azkar ez garatzea”.
Informazio osagarria
UPV/EHUko Lipids & Liver ikerketa-taldea, zeinaren buru baita Patricia Aspichueta doktorea, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintzako Fakultateko Fisiologia Sailari atxikita dago, eta Biocruces Osasun Institutuan sartuta dago (bertan, gizakiaren patologiara zabaltzen du bere ikerketa). Horrez gainera, lankidetzan aritzen da Gurutzetako ospitalearekin, CIC bioGUNErekin, CIMUSekin (Santiago de Compostelako Unibertsitatearekin lotutako ikerketa-zentroa), Madrileko Santa Cristina ospitalearekin eta Hego Carolinako Unibertsitatearekin.
Ikerketa honi Margarita Lorenzo saria eman zion Lilly Fundazioak, 2019ko Biokimikako eta Biologia Molekularreko Espainiako Sozietatearen Biltzarrean.
Erreferentzia bibliografikoa
- Liver osteopontin is required to prevent the progression of age-related nonalcoholic fatty liver disease
- Aging Cell
- DOI: 10.1111/acel.13183