euskaraespañol

Eguneko irudia

Ospitale birtual bat medikuen prestakuntzarako

UPV/EHUk eta Gurutzetako Ospitaleak medikuntza-hezkuntza aldatu dute ospitale birtualari esker

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2020/02/26

UPV/EHUk eta Gurutzetako Ospitaleak medikuntza-hezkuntza aldatu dute ospitale birtualari esker. Argazkia: Mikel Mtnez. de Trespuentes. UPV/EHU.

Simulazioa ingurune kontrolatu batean esperientzia klinikoak egiteko aukera ematen duen elementu bat dela ulertaraztea lortu du José M. Rivera ospitale birtualak, hamar urteko ibilbidean. UPV/EHUk artikulu bat argitaratu du, eta, bertan, hamar urte hauetan ikasitako jakintza guztia azaldu dute; zehazki, osasun-zaintzetan simulazioak eskaintzen dituen aukerak erakutsi dituzte, besteak beste.

Ospitale birtual batek ospitale baten ezaugarri berak ditu, “erreala ez den” paziente batekin bada ere. Osasun-profesionalak “errealismorik handienarekin” hezteko aukera ematen du horrelako zentro batek, alegia, benetako gaixo bati esku hartzean egingo luketen bezala.

“José M. Rivera ospitale birtuala ikasleek zenbait trebetasun eta abilezia bereganatzeko hornituta dago, eta aldi berean, ikaskuntza horretan gaixoak ez du inolako arriskurik pairatzen”, adierazi du Joaquin Losada Rodríguezek, UPV/EHUko Kirurgia, Erradiologia eta Medikuntza Fisikoa saileko ikertzaileak eta lanaren egileak. “Instalazioei eta paziente errealista —izan gabe— batzuei esker, ikasleek esperimentuak egin ditzakete, eta etorkizunean ospitaleetan aurki ditzaketen egoerak zeintzuk izan daitezkeen jakin dezakete, betiere ikaskuntza-prozesu horretan guztian gaixoarekin akatsak egiteko beldurrik gabe”, gehitu du Losadak.

“Trebetasun klinikoak teknikoak eta ez teknikoak izan daitezke —azaldu du Losadak—. Trebetasun teknikoak lanbide jarduerarekin lotuta daude, hala nola historia kliniko bat egitea edo jostura-puntu batzuk ematea. Gaitasun sozialak (komunikatzeko gaitasuna, lidergoa…), kognitiboak (informazioa prozesatzea eta arazoak konpontzea) eta etikoak, berriz, trebeteasun ez-teknikoak dira”. “Osasun-zientzietako trebetasun teknikoak eta ez-teknikoak ikasteko, teknologia konputazionaleko eta gizarte-zientzietako prestakuntza ezinbestekoa da”, dio Joaquin Losadak.

Hezkuntza-paradigmaren aldaketa simulazioan eta teknologia digitalean oinarritzen da, besteak beste. “Simulazioaren filosofia da ikaskuntza esperientzian oinarritzen dela”, dio Losadak. “Errealitate birtuala, berriz, ezagutza kliniko praktikoak lortzeko ordenagailuarekin sortutako inguruneetan erabiltzen den teknologia digitala da. Adibidez, laparoskopia bidezko koloneko kirurgian, erabiltzeak ezagutza hobetu duela ikusi dute;  eta errealitate birtualak eraginkortasun handiagoa eta ebaluazio zorrotzagoa duela egiaztatu dute, hain interaktiboak ez diren prozedurak baino.

Halaber, Losada baikor agertu da. Izan ere, azpimarratu du ospitale birtuala dela eta   UPV/EHUren eta osasun-sistemaren artean sortu den elkarlanak medikuntza-hezkuntzaren gradu eta prestakuntza espezializatuko ikasketak aberastu dituela.

Ikertzaileak dioenez, “ospitale birtuala funtsezko elementua da ikaskuntza eredu berrirako, irakaslean oinarritutako ikaskuntzaren eredu tradizionala osatzen baitu”. Hala ere, hamar urteko ibilbidearen ondoren, ikertzaileak agerian jarri du “eguneratzeko beharra, hau da, teknologia berriak, ezagutza berriak eta abar sartu beharra, teknika kirurgikoak iraultzen eta aldatzen ari baitira etengabe”.

Erreferentzia bibliografikoa