euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHUren txosten batek Euskadiko osasun-sistemak COVID-19-aren pandemian izan duen erresilientzia handia nabarmendu du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/03/21

Txostena aurkeztu dute Guillermo Quindós eta Javier Ballesteros UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasleek eta idazle-taldeko kideek. Argazkia: UPV/EHU

Euskadiko osasun-sistemak COVID-19aren ondorioak nabaritu zituen, baina une batean ere ez zen kolapsatuta egon, eta erresilientzia handia erakutsi du pandemiaren aurrean, presio eta asistentzia-eskari handia egon denean. Hori da Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak Euskadiko Osasun Sistemak COVID-19aren pandemiaren aurrean 2020ko urtarriletik 2021eko urtarrilera bitartean eman duen erantzunari buruz prestatu duen txostenak jasotzen duen ondorio nagusietako bat; txostena Osasun Sailak eskatu zuen, etorkizuneko osasun-krisialdietarako ikasbideak ondorioztatzeko.

Txosten zehatza gaur aurkeztu dute Eusko Legebiltzarraren Osasun Batzordean Guillermo Quindós eta Javier Ballesteros UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasleek eta idazle-taldeko kideek. Txostenak honako hauek bereizten ditu:

-Lehen fasea (2020ko urtarrilaren eta maiatzaren artean, lehen olatuan); orduan, erabaki gogorrak hartu ziren ziurgabetasuneko testuinguru orokor batean. Orduan, lehentasuna izan zen kutsadurak prebenitzeko beharrezkoak ziren egitura eta baliabideak ahalik eta lasterren eskuratzea, infekzioaren transmisioa kontrolatzeko neurriak betez eta COVID-19aren gaixotasuna zeukaten pertsonei eraginkortasunez arreta emateko gaitasunarekin.

-Bigarren fasea (2020ko maiatzaren eta 2021eko urtarrilaren artean, ondoko olatuetan); orduan, lehentasuna lehen fasean garatutako erabilgarritasun gehieneko neurri soziosanitarioak finkatzea eta ezartzea izan zen, ohiko asistentzia-arreta ahalik eta gehien berreskuratzen zen aldi berean. Lehen olatuan eskuratutako esperientziaren eta gaitutako tresnen bidez, neurriak denbora gehiagoz planifikatu eta antolatu ahal izan ziren, baina prozesu hori pixkanaka egin zen eta ustekabeko egoerak izan zituen.

Hortik aurrera, UPV/EHUren txostenak analisia zenbait eremutan banatzen du:

Krisiaren kudeaketa. Txostenak antzeman duen arazo nagusia da prebentzio- eta osasun-neurriei lege-babesa emateko dagoen zailtasuna. Neurri horiek, funtsezko eskubideak murrizten badituzte ere, COVID-19aren hedapena kontrolatzeko eraginkorrak direla erakutsi dute. Hala, beharrezkotzat jotzen du araudi egokiak izatea lege-babesa emateko osasun-krisiei erantzuteko premiazko osasun-neurriei eta helburu hori lortzera berariaz bideratutako plan edo estrategiak garatzeko. Nolanahi ere, txostenak honako hauek nabarmentzen ditu lorpen gisa: LABI aktibatu izana gobernamenduko eta koordinazioko organo formal gisa eta LABIren batzorde teknikoa sortu izana; 2020ko maiatzean Bizi Berri erantzun-planak (deseskalada) eta 2020ko urriaren Bizi Berri II (udazken-neguko egoera prestatzea) garatu izana, urtaroko gripea agertzeko aukeraren aurrean.

Osasun Publikoa. UPV/EHUren lanak nabarmentzen dituen zailtasunetako batzuek zerikusia dute lehen olatuan birusaren eta gaixotasunaren inguruan zegoen ezagutza ezarekin, neurri horretako pandemia bati aurre egiteko zegoen langileria faltarekin edo Funtzio Publikoaren kontratazio-prozesuen zorroztasunarekin. Egindako jardunbide egokien artean, Zaintza eta Kontrol Sarearen garapena nabarmentzen da, bai eta pandemian zehar baliabideak areagotu izana ere, eta ziurgabetasun handiko egoera batean etengabeko kontingentzia- eta ikaskuntza-planak garatu izana. Etorkizunerako gomendio gisa, txostenak proposatzen du Osasunean eskumena duen erakundeari autonomia eta baliabideetarako malgutasun handiagoa ematea.

Osasun-asistentzia. Txostenak dakarrenez, pandemiari emandako osasun-erantzunaren buru Osakidetza izan da; hura, hartutako gizarte-murrizketako neurri zorrotzen laguntza ordainezinarekin, une batean ere ez da kolapsatuta egon, eta erresilientzia handia erakutsi du presio eta asistentzia-eskari handia egon denean. Hori horrela, Osasun Sailaren eta Osakidetzaren kontingentzia-planen eginkizuna nabarmentzen da; hark aukera eman du asistentzia-gaitasunari neurri eraginkorrekin eusteko. Esperientzia hori oinarri hartuta, txostenak kontingentzia mota horretarako plan integrala prestatzea egokia dela iradokitzen du, epidemiei eta, oro har, osasun-krisi larriei erantzuna emango diena. Aldi berean, dokumentuak azpimarrazten du pertsonal sanitarioak presioko eta beren osasunerako arrisku handiko baldintzetan lan egiteko duen inplikazio eta konpromiso handia, eta ohartarazten du pandemia baten aurrean ematen den erantzuna ezin dela pertsonalaren borondatezko eginkizunaren mende egon, eta larrialdi-egoeretan haien lana gehiegi ez kargatzeko giza baliabideen estrategia bat ezarri beharko litzatekeela.

Arreta soziosanitarioa. Txostenak pandemian eginiko erakundeen arteko koordinazio- eta lankidetza-lanaren balorazio positiboa egiten du, eta Arreta Soziosanitarioaren Euskal Kontseilua egotea nabarmentzen du. Baina, haren ustez, eremu soziosanitarioak hobetu beharra du osasun-arretako erakundeen arteko koordinazioan adinekoen, desgaitasunen bat duten pertsonen eta gizarte-zerbitzuen arreta jasotzen duten beste kolektibo batzuen egoitzetan.

Gaitasun diagnostikoa. UPV/EHUren analisiaren iritziz, gaitasun diagnostikoa funtsezko alderdia izan da pandemiari erantzuna emateko. Osakidetzaren Diagnostiko Biologikoaren Sarearen laborategiek berezko gaitasun diagnostikoa izan zuten fase oso goiztiarretatik (2020ko otsaila). Txostenak nabarmentzen du, gainera, sareak erosketa-estrategia korporatiboa eduki izana, bai eta hornidurarik ezerako arriskuak murrizteko dibertsifikaziora bideratutako hornitzaileen kudeaketa ere. Etorkizuneko antzeko egoerei dagokienez, txostenak dakar beharrezkoa izango litzatekeela segurtasuneko biltegiratze bat edo estrategikoa sortzea eta informazio-sistemetan eta diagnostiko-metodoetan hobetzen jarraitzea.

Profesionalentzako laguntza eta kudeaketa. Gaur aurkeztu den txostenak egiaztatzen duenez, Euskadiko Osasun Sistemako profesionalen erantzuna eredugarria izan da, egin duten ahalegin eta konpromiso handiagatik. Gainera, Osakidetzaren indarguneek, erakunde den aldetik, aukera eman dute pertsonala kudeatzeko, une bakoitzean asistentzia-presio handiagoa izan duten unitateak indartzeko, baina kontingentzia-plan baten falta nabaritu du, mugikortasun hori azkarrago eta eraginkorrago ezartzeko urratsak markatuko dituena. Txostenak dakar, era berean, funtzio publikoak ez dituela aurreikusten administrazio publikoen barruan profesionalak lekuz aldatzeko aukera emango zuketen malgutasun-mekanismoak. Ondorioztatzen du, halaber, laneko arriskuen prebentzioan eta profesionalen osasunean inbertitu behar dela eta, horretarako, pandemian zuzenean parte hartzen duen pertsonal sanitarioarentzako euskarri emozional eta psikologiko sistematizatuko aurreikuspena ezarri behar dela.

Hornidurak. Txostenak dakarrenaren arabera, erosketa- eta hornidura-kudeaketa funtsezko beste alderdi bat izan da pandemiari eman beharreko erantzunean. Arretaz lan egin zen, baita OMEk osasun-larrialdiko adierazpena egin aurretik ere, baina ezin izan zen aurreikusi ondoren egongo zen baliabideen premia handia. Gainera, ekipamendu kritikoa merkatuan muturreko baldintza lehiakorretan eskuratu zen. Jardunbide egokiak egin ziren, besteak beste, Boroako Zentro Logistikoa sortzea edo lankidetza intersektoriala, eta segurtasuneko osasun-araudi oso zorrotzaren mende zeuden material batzuen zalantzazko jatorria zuen eskaintza mordoaren aurrean, irtenbidea egokia izan zen, Euskadiko osasun-sistema publikoaren erosketa-esperientziari esker. Etorkizuneko krisien aurrean, dokumentuak zenbait alderdiren aldeko apustua egiten du: stock estrategikoaren inguruko hausnarketa, berezko homologazio- eta ziurtapen-prozedurak, biltegiratze logistikoa eta banaketa, besteak beste.

Herritarrentzako informazioa eta komunikazioa. Benetako informazio egiaztatuak segurtasuna eragiten du ziurgabetasuneko egoera batean, eta ahots baimendu ofizial bat izatea lagungarria izan da helburu horretan, txostenak nabarmentzen duenez. Ordura arte ez da sekula hain beharrezkoa izan pandemiari erantzuna ematean parte hartu duten erakunde- eta sektore-agenteen arteko koordinazio eta lankidetza hain estua, eta, nahiz eta une askotan koordinazio-tresnek tentsio handiaren eraginpean egon diren eta etengabe sendotzen jarduteko beharra izan duten, azken emaitza oinarri ona izan daiteke koordinazio-eredu bat zehazteko etorkizuneko osasun-larrialdien aurrean.