euskaraespañol

Eguneko irudia

Osakidetzak bere jarduketa protokoloa abiarazi du Bizkaiko Campusean tuberkulosi kasu bat antzeman ondoren

Kutsatutako pertsona UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko ikasle bat da

Lehenengo argitaratze data: 2018/11/05

Osakidetzak jarduketa-protokoloa jarri du martxan, Bizkaian tuberkulosi kasu bat baieztatu ondoren. UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean —Leioa-Erandio eremuan kokatutako ikastegia— ikasten ari den pertsona bat da.

Bizkaiko Osasun Publikoko Zuzendariordetza Unibertsitatearekin jarri da harremanetan beharrezko informazio guztia emateko; halaber, gaixotasuna kutsatzeko arriskuan egon diren pertsonei dagozkien neurriak ari zaizkie aplikatzen. Datozen egunetan, ikastegi horretako langileen eta ikasleen kontaktu posible guztiek hitzordua jasoko dute gaixorik ez daudela ziurtatzeko.

Gogoan izan behar da tuberkulosia gaixotasun komuna dela —Bizkaian, urtean 120 bat kasu erregistratzen dira— eta egun tratamendu egokiaz sendatu egiten dela. Aire-bidetik kutsatzen da, eztul egitean edo hitz egitean, eta, oro har, hura transmititu ahal izateko, bizikidetasun estua eta luzarokoa behar da. Tuberkulosiaren baziloa oso sentikorra da kanpoko baldintzekiko. Beraz, ez da beharrezkoa inolako jardunik ikastegiko instalazioen gainean, eta erabateko normaltasunez jarrai dezake jardunean.

Horren haritik, hezkuntza-komunitateari lasaitasun-mezua igorri diote agintari sanitarioek, beharrezko prebentzio-neurri guztiak abian jarri direlako. Halaber, datozen asteetan fakultateko langileei zein ikasleei eskatuko zaien laguntza eskertu nahi dute. Osasun Sailak eta Osakidetzak unean-unean emango dute egoera honen bilakaeraren berri, neurri gehiago hartu behar izanez gero.