euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHUk Biologiako Espainiako Olinpiadaren lehen edizio birtuala antolatu zuen

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2021/03/26

Bizkaiatik Oviedoko Unibertsitatera: datorren ikasturtean, Olinpiada Asturiasen ospatuko da. Argazkia: Sergio Seoane. UPV/EHU.

Olinpiadak bere XVI. Edizioa ospatzen zuen eta 54 ikaslek hartu zuten bertan parte, haien jatorrizko autonomia erkidegoen izenean. Lau irabazleek Biologiako Nazioarteko Olinpiadan ordezkatuko dute Espainia, eta bigarren gelditutako lau sailkatuek, berriz, Biologiako Olinpiada Iberoamerikarrean.

Martxoaren 11n eta 12an, XVI. Biologiako Espainiako Olinpiada egin zen. Euskal Herriko Unibertsitateak antolatu zuen; zehazki, Zientzia eta Teknologia Fakultateko zenbait irakaslek. Ekimenean 54 ikaslek hartu zuten parte, haien autonomia erkidegoen izenean. Olinpiadaren edizio hau ezin izan zen aurrez aurre egin; horrenbestez, zati praktikoa egokitu egin behar izan zuten: saio bat egin zen lau proba praktikorekin, eta bi azterketa teoriko zituen beste saio batekin osatu zen. Adrián Odriozola, Beñat Zaldibar, Ana Puente, Elena Corral, Jose Ángel Peña, Sergio Seoane eta Endika Quintano Fakultateko irakasleek lau praktika prestatu zituzten, parte hartzaileen trebetasuna neurtzeko hainbat alderditan, hala nola antropogenian, histologian, bioinformatikan eta taxonomian.  

Probak egin ondoren, martxoaren 14an (igandea) sari banaketa birtuala egin zen, eta bertan eman zen irabazleen berri. Ekitaldi horretan, parte hartu zuten UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Irakaskuntza Plangintzako dekanorde Ibon Sagastabeitiak, ekitaldia antolatu zuen unibertsitatearen ordezkari gisa, eta Oviedoko Unibertsitateko Biologia Fakultateko dekanoak, datorren ikasturteko Olinpiada antolatuko duen unibertsitatearen ordezkari gisa. 

Parte hartu zuten, halaber, Consuelo Sánchez Cumplidok eta Leticia de Frutos Sastrek, Biologiako Espainiako Olinpiadaren Zuzendaritza Batzordeko kideak eta Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministeriokoak, hurrenez hurren. 

Biologiako Olinpiadatik atera ziren Biologiako Nazioarteko Olinpiadan Espainiaren ordezkari gisa parte hartuko duten lau irabazleak (urrezko domina), baita Biologiako Olinpiada Iberoamerikarrean Espainia ordezkatuko duten bigarren lau sailkatuak (zilarrezko domina) eta bost hirugarren postuak ere (brontzezko domina). Aurten urrezko domina irabazi dutenak hauek dira: 

  1. Mateo Almodóvar De Haro, IES Carmen Martín Gaite, Moralzarzal (Madril).
  2. Rodrigo López López, Colegio Marista La Merced-Fuensanta, Murtzia (Murtzia).
  3. Paula Juan Royo, Colegio Aula Escola Europea, Bartzelona (Katalunia).
  4. Darío Sanz Rodríguez, IES Zorrilla, Valladolid (Gaztela eta Leon). 

Edizio honen ostean, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak Oviedoko Unibertsitateari emango dio lekukoa, eta datorren urtean Olinpiadaren fase nazionala antolatuko du, aurrez aurre egin ahal izango delako esperantzarekin. 

 

 

Informazio gehiago, hemen: http://olimpiadadebiologia.edu.es/