euskaraespañol

Gaurko irudia

BIOLOGOA

Olatz Ortega Vidales: «Derrigorrezkoa iruditzen zait desberdinak garen pertsonek lekua izatea zientzian»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2024/06/20

Olatz Ortega Vidales
Argazkia: Fernando Gómez. UPV/EHU.

Oraingoan, Olatz Ortega biologoa ezagutuko dugu EHU-ekinean. PODCASTaren atal honetan, zientzialariaren estereotipoak betetzen ez dituzten ikertzaileei egindako elkarrizketaren audioa eta idatzizko laburpena kaleratzen ditugu hilean behin.

EHU-ekinean 2. denboraldiko 5. podcasta: Olatz Ortega.

Olatz Ortega Vidalesen X sare sozialeko profilean hau dago idatzita: "Biologia (bizitzaren oinarria) | Ekotoxikologia (Bizia salbatzeko metodo bat)". Hortaz, hasieratik, argi uzten du beretzat berebiziko garrantzia dutela bi gai horiek.

Hain zuzen, unibertsitateko ikasketak hautatzean, biologiako graduaren alde egin zuen: "Bizia bera, hau da, ekosistemak eta haien arteko elkarreraginak azaltzen dituen zientzia da niretzat biologia". Eta horren ondotik, ekotoxikologiako master bat egin zuen: "Eta hor beste aldea ikasi genuen: giza jatorriko kutsadurak zelan eragiten dien gure planetako beste izaki guztioi. Horrez gain, eta pixka bat buelta emanda, bioerremediazioa ere ikasi genuen, alegia, naturarekin arituz zelan aurre egin kutsadura horri", azaldu du Ortegak.

Ikuspegi baikor horrekin ari da orain lanean. Haren ustez, egokia da, gainera, gaur egun gizartean zabaltzen ari den ekoantsietatea gainditzeko. "Ekologismoaren inguruan dabilen jendearengan badago ardura edo erantzukizun-sentimendu oso handi bat, eta kezka handia sortzen du zer egin behar dugun eta zer egin dezakegun artean dagoen tarte horrek. Sentipen hori bereziki nabarmena da 20-25 urteko jendearen artean; horregatik, pixkanaka saiatzen ari naiz buelta ematen horri, ulertaraziz zer egin dezakegun gutako bakoitzak. Azkenean, krisi klimatikoa eta soziala, hain handiak eta hain globalak diren arazoak kezka sortzen badigute ere, ez gaitzatela eraman gelditzera, paralizatzera".

Ortega ez dago geldirik: "Plentziako Itsas Estazioan nabil lanean, "Kontuz, ez nazazu zapaldu" izeneko proiektuan. Estazioan egiten diren beste proiektuetatik oso bestelakoa da, herritarren zientziako proiektu bat baita, eta, beraz, herritarrak parte hartzaile aktiboak dira. Eta zer egiten dugu? Ba, hondarretan bizi diren organismo ikusezinak ezagutu, identifikatu eta aztertzen ditugu".

Esaerak dioenez, ezagutzen ez dena ezin da maitatu. Eta horixe da proiektuaren helburua: "Ezagututa, maitatzera iristea, eta, maitatuta, babesteko grina izatera". Azaldu duenez, parte-hartzaileak DBHko irakasleak eta ikasleak dira, edozein ikastetxetakoak; adibidez, dibertsifikaziokoek eta eskola konbinatukoek ere eman dezakete izena.

Bereizketen kontra

Horrez gain, elkarteek ere parte hartzen dute; horrekin inklusibitatea landu nahi dute: "Gure asmoa da, horrela, proiektua demokratikoagoa izatea. Eta nahi genuen azpimarra jarri normalean zientzian hain presente ez dauden taldeetan. Horiek dira gizarte-bazterkeria jasan dezaketen talde batzuk; adibidez, desgaitasun fisikoak edo psikikoak dituzten pertsonak biltzen dituzten taldeak: entzumen- edo ikusmen-urritasuna dutenak, autismoaren espektrokoak... Dibertsitate handia dago, eta disidentzia guztiek gure proiektuan lekua izatea nahi genuen".

Ortegaren esanean, talde horietako kideentzat ahalduntze-prozesu handia da, komunitatea sortzeko ikuspegitik. Eta, bestetik, zientzialarientzat, oso aberasgarria da: "Ni neu asko ari naiz ikasten, eta, gaur egun, zientzian derrigorrezkoa iruditzen zait desberdinak garen pertsonek lekua izatea. Egia da oso zaila dela, hain hierarkizatuta eta hain normatiboa den zientzian, baina bidea egiten ari gara, eta uste dut ondo gabiltzala. Behintzat, jasotako feedbacka oso positiboa da, eta ni neu oso-oso pozik nago, ikasten ari naizenarekin eta hazten ari naizenarekin".

Jakina, biologia ikasten hasi zenean, ez zuen imajinatzen horrelako lan batean ariko zenik, baina gogora ekarri du beti izan duela gustuko jendearekin elkarlanean aritzea, eta dibertsitatea, "bai biodibertsitatea, bai pertsonen arteko dibertsitatea". Hala ere, onartu du lan hori egiten ikasi egin behar dela.

Horrekin lotuta egin nahiko luke doktoretza. Alabaina, argi esan du oso zaila dela doktoretza-beka bat lortzea horrelako proiektuetarako. “Izan ere, herritarren zientzia nahiko kontzeptu berria da zientzia-arloan, eta, doktoretza eskatzeko dokumentuetan, ez da sartzen ez zientzia puruen arloan, ez gizarte-zientzietan. Horrenbestez, oso zaila da ulertaraztea zer den, eta ikusaraztea horrelako proiektuen beharra. Ematen du garrantzitsuagoa dela parasito bat ikertzea (eta ez dut esan nahi ez denik garrantzitsua), guztion parte-hartzea eskatzen duten proiektuak bultzatzea baino”. Edonola ere, ez du itxaropena galdu, eta proiektuarekin aurrera jarraitzeko asmo betea du.

Ikertzaileari buruz

Olatz Ortega Vidales, Bilbon jaioa, 1997an. Zientzia demokratikoagoa eta inklusiboa izateko lanean ari da. EHUn Biologia ikasi ostean, Suediara joan zen LGTBIQ+ pertsonen eta desgaitasun intelektuala duten pertsonen ahalduntzearen inguruan lan egitera. Gerora, UPV/EHUko Ekotoxikologiako Erasmus Mundus masterra ikasi zuen. Egun, zientzia gizartean zabaltzeko lanean ari da; besteak beste, Plentziako itsas Estazioko "Kontuz! Ez nazazu zapaldu!" herritarren zientziako proiektu inklusiboaren ikertzaile-taldearen parte da. Ortega etengabe ari da formatzen, ingurumena eta zaintza erdigunean jartzeko.

 

 

EHU-ekinean ataleko podcasta Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko errektoreordetzaren ekimena da.
Artikulu hau lehendabizi Zientzia kaiera webgunean argitaratu da.
Testuaren egilea: Ana Galarraga / Elhuyar Zientzia (CC-BY-SA-3.0).


Honen harira