euskaraespañol

Eguneko irudia

Oier Flores bosgarren geratu da XIV. Olinpiada Geologiko Nazionalean

Frai Juan de Zumarraga – Durango BHIko ikasleak unibertsitateko lehen urteko matrikula doan izango du Geologiako Gradua ikasten badu

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2023/04/03

Oier Flores (ezkerrean) eta beste ikasle sarituak | Argazkia: UPV/EHU

Oier Floresek, Fray Juan de Zumarraga – Durango BHIko ikasleak, bosgarren saria lortu du Jaengo Unibertsitatean ospatutako Olinpiada Geologiko Nazionaleko azken fasean. 96 ikaslek hartu zuten parte. Finalera iristeko, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateak antolatutako fase autonomikoa irabazi zuen. Floresek jaso duen saria 700 €-koa da, eta unibertsitateko lehen urteko matrikularen ordainketa.

Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioaren lehiaketa Jaengo Unibertsitateak eta Lurreko Zientzien Irakaskuntzarako Espainiako Elkarteak eta Espainiako Geologia Elkarteak antolatu dute.

Olinpiadan hiru fase daude: lurraldekoa, nazionala eta nazioartekoa. Lurraldekoak lehiaketa independenteak dira, eta urtero egiten dira, probintzia, probintzia-talde edo autonomia-erkidego batek antolatuta. Aurten 3.593 parte-hartzaile izan dira, 397 ikastetxetakoak. Sailkatzen denak fase nazionala pasatzen du, eta azken horretan lehen lau postuak lortzen dituztenak nazioartekora joaten dira.

Lurraren Zientzietako edukietan oinarritutako lehiaketa akademiko hau urtero egiten da. DBHko 4. mailan edo Batxilergoan matrikulatutako ikasleei zuzenduta dago, eta Lurraren Zientziekiko interesa sustatu eta diziplina arlo honetako bokazioak sustatzea du helburu.