Diesel-motorren eragozpen nagusia da nitrogeno-oxidoak (NOx) isurtzen dituztela atmosferara. UPV/EHUko ikerketa batek aztertu du metal nobleetan oinarritutako katalizatzaile garestiak neurri batean perovskitaz ordezkatzea, diesel-motorretatik datozen nitrogeno oxidoek sortzen duten airearen kutsadurari aurre egiteko.
Diesel-motorrentzako material katalizatzaile berri bat
Diesel-motorren emisioen arazoari aurre egiteko perovskitak proposatu ditu UPV/EHUko ikerketa batek
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2020/09/23
Nitrogeno-oxidoen (NOx) emisioak kontrolatzea da, oraindik ere, diesel ibilgailuen arazo nagusietako bat, eta oraindik konpondu gabeko erronka teknologikoa da. Gainera, arazo horrek eztabaida ugari sortu ditu azken urteotan, halako ibilgailuak erabiltzeko eta erosteko muga handiak ezartzeraino.
Nitrogeno-oxidoak, oro har NOx deituak, motorretan gertatzen diren tenperatura eta presio handiek sortzen dituzte. Zehazki, airea/erregaia erlazio altuekin lan egitean, diesel-motorrek NOx-proportzio handiagoa eragiten dute ibilgailuaren ihes-gasetan. Ihes-sistemek igortzen dituzten nitrogeno oxidoak smogaren edo hiri handietan eta industriaguneetan sortzen den laino kutsatzailearen eragile nagusien artean daude.
Automobilgintzako enpresen ahaleginak sistema katalitiko eraginkorrak garatzera bideratu dira, diesel-motorretan NOx-emisioak kontrolatzeko. Horren ondorioz, “gero eta murriztaileagoa den araudia betetzeko gai diren teknologiak garatzera bideratu da lan hau, eta, aldi berean, sistemaren kostua merkatzera eta haren iraunkortasuna luzatzera”, adierazi du Jon Ander Onrubia Calvo UPV/EHUko ikertzaileak.
“Katalizatzaileek diesel ibilgailuetan duten funtzio nagusia da NOx kutsatzaile nagusia konposatu geldo bihurtzea, osasun arazoei edo ingurumen kutsadurari dagokienez inolako ondoriorik ez dakarren konposatu bat bilakatzea, alegia. Kasu honetan, NOx-ak nitrogeno bihurtzen saiatuko gara, atmosferako airearen konposatu nagusia baita”, azaldu du Onrubiak.
“A priori, perovskitak —dio Jon Ander Onrubiak— aukera ona dira metal nobleetan, hala nola, platinoa, paladioa edo rodioa, oinarritutako katalizatzaileen kostua murrizteko eta iraunkortasuna areagotzeko. Metal noble horien eragozpen nagusia da oso garestiak direla eta, gainera, egonkortasun termiko txikia dutela. Beraz, metal horien zati bat perovskitekin ordezkatzea lortzen badugu, sistemaren kostua merkatzea eta haren iraunkortasuna luzatzea lortuko dugu”.
Ikertzaileak nabarmendu duenez, "lan honetan lortutako emaitzek beste bide bat irekitzen dute diesel-motorretako ihes-gasetatik NOx ezabatzeko material berriak garatzeko". Hala ere, “emaitzak abiapuntu bat baino ez dira, eta oraindik hobetzeko aukera handia dago, bai materialen diseinuan, bai sisteman. Erreakzio-mekanismoak eta prozesuaren zinetika kimikoa hobeto ezagututa, formulazioak eta bihurgailu katalitikoa zehatzago birdiseinatu ahal izango dira. Horrela, alternatiba hobetuak garatu ahal izango dira, diesel ibilgailuak araudiak araututako emisio-estandar zorrotzetara egokitu ahal izateko”, adierazi du Jon Ander Onrubiak.
Informazio osagarria
Ikerketa hau Jon Ander Onrubia Calvo (Bilbo, 1988) doktore-tesiaren barnean egin da. Doktore-tesiaren izenburua Perovskite-based catalysts (Platinum free) as an economical alternative to Pt-based catalysts for NOx removal in diesel engines da, eta Juan Ramón González Velasco eta Beñat Pereda Ayo Zientzia eta Teknologia Fakultateko Ingeniaritza Kimikoko irakasleek zuzendu dute.