euskaraespañol

Beñat Amenabar Perurena, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko dekano berria

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2021/05/05

Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko talde berria. Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU.

Beñat Amenabar Perurena, Musika, Plastika eta Gorputz Adierazpenaren Didaktika saileko Unibertsitateko Irakasle Titularra, Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko dekano aukeratu dute. Beñat Amenabar Soin Hezkuntzako  lizentziaduna da, baita doktorea ere, 2002. urteaz geroztik. Haren tesian, Pilotari erremontistei erredimenduan eragiten dieten aldagai psikologikoak aztertu zituen. Bere ibilbide akademikoan, dekano berria hainbat arlotan dago espezializatuta, hala nola: garapen motorrean eta bereziki haurrei dagokien arlo psikomotorrean. Irakaskuntza alorrean Haur Hezkuntzako Graduan eman ditu eskolak azken urteetan. Hainbat kudeaketa ardura ere izan ditu, hala nola bere saileko zuzendaria eta idazkaria izan da eta baita ere Donostiako Magisteritza Eskolako Akademi Antolakuntzako zuzendariorde. Ikerketa esparruan Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean Eskola Kirolaren inguruko lanak egin ditu.

Bere zereginetan, dekano berriak erantzukizunak partekatuko ditu kide hauek osatutako zuzendaritza taldearekin: Eider Oregi, Idazkari Akademikoa Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko Eraikina I-ko dekanorde koordinatzailea; Gorka Ormazuri, Eraikina II-ko dekanorde koordinatzailea; Onintza Odriozola, Hobekuntza eta Gizarte proiekziorako dekanordea; Esther Cruz, Eraikina I-ko Practicum eta GRAL dekanordea; Itziar Iriondo Eraikina II-ko Practicum eta GRAL dekanordea; Elisabeth Perez, Mugikortasuna eta Orientaziorako dekanordea; Aitor Martxueta, Eraikina I-ko Akademi Antolakuntzarako eta Ikasleen dekanordea, eta, Juanjo Sistiaga, Eraikina II-ko Akademi Antolakuntzarako eta Ikasleen dekanordea.

Zuzendaritza talde berri honen helburuen artean, nabarmentzekoak dira; alde batetik, fakultatean bertan daude titulazioen garapena eta sendotzea, bai gradu eta baita ere gradu ondokoena. Titulu bakoitzak bere baitan izan ditzakeen erronkei aurre egiteko, titulazioen koordinazio akademikoaren papera indartuz. Gaur egungo gizartearekiko loturak indartzeko asmoa dute eta bereziki fakultatean garatzen diren titulazioekin harremana duten erakunde eta eragileekin landu daitezkeen akordioak sustatu; hala nola, eskolak, enpresak, erakundeak eta abar.. Era berean, UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko zuzendaritza berriaren helburu nagusietako bat izango da fakultatearen komunitatea osatzen duten kolektiboekiko harremana eta parte-hartzea sustatzea, hala nola ikasle eta Administrazio eta Zerbitzuetako langileak .