euskaraespañol

Gibel gantzatsu ez-alkoholikotik eta harekin lotutako minbizitik babesten du E2F1 eta E2F2 inhibitzeak

Itu terapeutikoak proposatu dituzte gibel gantzatsu ez-alkoholikoak aurrera ez egiteko eta harekin lotutako gibel-minbizia ez garatzeko

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2021/08/04

Lipids&Liver ikerketa-taldea
Lipids&Liver ikerketa-taldea. Argazkia: UPV/EHU.

UPV/EHUko Lipids&Liver ikerketa-taldea buru duen nazioarteko ikerketa batean, zeina Cancer Research aldizkari entzutetsuan argitaratu baitute, frogatu dute gibelean E2F1 edo E2F2 proteinak inhibitzean babestu egiten dela obesitateari lotutako gibel gantzatsu ez-alkoholikoa garatzetik eta minbizi bihurtzetik. Beraz, patologia hori tratatzeko bi itu terapeutiko izan daitezke.

Gibel gantzatsu ez-alkoholikoaren gaixotasunak edo gibeleko esteatosi metabolikoak paziente gizenen % 80ri eragiten die gutxi gorabehera, eta, azken hamarkadan, minbizia izateko arrisku-faktore garrantzitsu bihurtu da, baita kartzinoma hepatozelularra (mundu osoan gibeleko minbizi primario arruntena) izateko arrisku-faktore ere. Ez dago berariazko tratamendu farmakologikorik gibel gantzatsu ez-alkoholikoarentzat, eta kartzinoma hepatozelularrerako aukera terapeutikoak oso mugatuak dira oraindik. Gainera, gibel gantzatsu ez-alkoholikoak eragindako kartzinoma hepatozelularra biziraupen laburragoarekin eta tumore-estadio aurreratuago batekin lotu da.

UPV/EHUko Lipids&Liver ikerketa-taldeak ibilbide luzea egin du gibeleko gaixotasunari lotutako asaldura metabolikoak aztertzen, eta, orain, bi proteina berri identifikatu ditu, E2F1 eta E2F2 transkripzio-faktoreak, obesitatearekin lotutako gibel gantzatsu ez-alkoholikoa garatzeko eta kartzinoma hepatelular bihurtzeraino aurrera egiteko giltzarri gisa. Minbiziaren arloan eragin handia duen Cancer Research aldizkari ospetsuan eman dute ikerketaren berri; Patricia Aspichueta doktorea da ikerketaren burua, eta Francisco Gonzalez-Romero eta Daniela Mestre —Lipids&Liver taldekoak biak— dira artikuluaren lehen sinatzaileak.

Ikerketak erakutsi duenez, gibel gantzatsu ez-alkoholikoa duten paziente obesoen edo kartzinoma hepatozelularra duten pazienteen gibelean handiagoak dira E2F1 eta E2F2 faktoreen mailak gibel osasuntsuetan baino, eta kontrol metabolikoa eragiten dute. Ikerketan animalia-ereduak erabiliz eta zelula-ereduen laguntzarekin frogatu dute “E2F1 edo E2F2 ez izateak erresistentzia handia ematen diola, ia erabatekoa, gantz askoko elikadurarekin lotutako gibel gantzatsu ez-alkoholikoa garatzeari eta kartzinoma hepatozelular bihurtzeraino gaitzak aurrera egiteari”, dio Aspichueta doktoreak.

“Aurkikuntza horrek garrantzi handia du; izan ere, gibel gantzatsu ez-alkoholikoak eta kartzinoma hepatozelularrak ez dute tratamendu espezifiko eraginkorrik”, erantsi du. Gainera, gibel gantzatsu ez-alkoholikoak, zeina kartzinoma hepatozelularra garatzeko arrisku-faktore baita, “gero eta prebalentzia handiagoa du, paziente obesoen % 70-80k baitute gaitza”, esan du Aspichueta doktoreak.

Lipidoen metabolismoaren asaldura

Estatuko eta nazioarteko beste talde batzuetako ikertzaileekin lankidetzan egindako lan honetan, “E2F1 eta E2F2 proteinak identifikatu ditugu (zelulen ugaltzearen aktibatzaile gisa ezagutzen dira), gibeleko lipido-kontsumoaren funtsezko erregulatzaile gisa; hala, animalia edo zelula-eredua genetikoki eraldatzen denean eta bi proteinetako edozein ezabatzen denean, gibeleko gantz-azidoak azkar kontsumitzen dira mitokondrietako oxidazio lipidikoaren bidez”, azaldu du Aspichuetak.

Gibel gantzatsu ez-alkoholikoa duten paziente obesoen kasuan edo gibel gantzatsu ez-alkoholikoari lotutako kartzinoma hepatozelularra duten pazienteen kasuan, E2F1 eta/edo E2F2 mailak handitzeak gantz-azidoen kontsumoarekiko erresistentzia eragiten du. Gantz-azido horiek lipido-tantatan biltegiratzen dira; ondorioz, asaldura metaboliko berriak eta lipotoxikotasuna sortzen dira, eta seinaleztapen-bide jakin batzuk aktibatzen, eta, hala, gibeleko gaixotasunak aurrera egiten du. “E2F1 eta E2F2 faktoreek gibeleko lipidoen kontsumoa erregulatzeko erabiltzen duten mekanismoak zerikusia du CPT2 proteinarekin (gantz-azidoak, kontsumituak izateko, mitokondriara bideratzeko ardura duen proteinetako bat). Hala, E2F1 edo E2F2 maila altuek CPT2 erreprimitzen dute; lipidoak mitokondrian sartzea eragozten dute, eta, ondorioz, pilatu egiten dira beste metabolito pro-kartzinogeniko batzuekin batera (azilkarnitinak)”, azaldu du doktoreak. Hala, bada, ikertzaileak adierazi duenez, aurkikuntza horren ondorioz, “gibel gantzatsu ez-alkoholikoak aurrera egin ez dezan eta kartzinoma hepatozelularra garatu ez dadin itu terapeutiko potentzial gisa” proposatzen dira E2F1 eta E2F2 proteinak.

Informazio osagarria

Ikerketa hau Patricia Aspichueta doktoreak zuzendu du (Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Fisiologia Sailari atxikitako Lipids&Liver taldearen ikertzaile nagusiak), eta beste ikerketa-talde batzuekin lankidetzan egin dute: UPV/EHU, Biocruces OII, CIC bioGUNE, Biodonostia OII, Marqués de Valdecilla Unibertsitate Ospitalea (Kantabria), Kopenhagueko Unibertsitatea (Danimarka), Ionis Pharmaceuticals (Carlsbad, Kalifornia), CIBERehd, CIBERDEM eta CIBERER.

Erreferentzia bibliografikoa