euskaraespañol

Eguneko irudia

'Korri erresistentziarik gabe!' lasterketaren edizio berria

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2024/11/12

Lasterketako parte-hartzaileak | Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Euria ez zen oztopo izan 200 pertsona inguruk parte har zezaten Farmazia Fakultateak Arabako Campuseko Kirol Zerbitzuarekin elkarlanean antolatutako ‘Korri errresistentziarik gabe!’ IV. Unibertsitate Lasterketan.

Ekitaldi hori 2019tik egiten da estatu mailan, Antimikrobianoen Erabilerari buruzko Kontzientziazioaren Munduko Astearen bezperan. Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziak koordinatuta, antzeko lasterketak antolatu ziren hainbat hiriburutan, hala nola Sevillan, Salamancan, Madrilen edo Murtzian. Guztira, 3.000 parte-hartzaile baino gehiago izan ziren.

Gasteizen egindako bigarren edizio honetan ez ziren falta izan Manoli Igartua Olaechea, Arabako Campuseko errektoreordea, Mirari Ayerbe, UPV/EHUko Farmazia Fakultateko dekanoa, Milagros López de Ocariz, Arabako Farmazialarien Elkargo Ofizialeko presidentea, Raquel García Fuentes, Zaragoza eta Aragoiko Farmazialarien Elkargo Ofizialeko presidentea, edo Víctor Amado, Arabako Campuseko Kultura eta Kirol zuzendaria. Lasterketa hasi aurretik, eta musikaz lagunduta, parte-hartzaileek beroketa saio batez gozatu zuten kamisetak banatzen ziren bitartean.