euskaraespañol

Enrique Amezuak zuzenduko du Bilboko Ingeniaritza Eskola berria datozen lau urteetan

Lehenengo argitaratze data: 2017/02/02

Bilboko Ingeniaritza Eskola zuzenduko duen taldea

Enrique Amezua San Martín, Ingeniaritza Mekaniko Saileko Unibertsitateko katedraduna, aukeratu dute Bilboko Ingeniaritza Eskolako zuzendari datozen lau urteetarako. 2007an aukeratu zuten lehen aldiz kargu hori betetzeko eta, beste egiteko batzuen artean, urte hauetan, Eskola Goi Hezkuntzako Espazio Europarraren (EEES) eskakizunetara egokitzeko prozesuaren buru izan da. Emandako 142 botoetatik, Amezuaren kandidaturak botoen %70,4 jaso du (142 boto), eta 42 boto zuri zenbatu dira.

Azpimarratu behar da Shanghaiko azken sailkapenean, Euskal Herriko Unibertsitatea mundu osoko 200 unibertsitate hoberenen artean sailkatu dela ingeniaritzaren alorrean. Orain, aukeratu berri den Amezuaren taldeak beste erronka bat du aurrean: erakundea osatzen duten lau zentro zaharrak (Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoa, Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskola, Meategi eta Herri Lan Ingeniaritzako Unibertsitate Eskola eta Nautika eta Itsasontzi-Makineria Goi Eskola Teknikoa) errealitate berri eta bakarrean bateratzea: Bilboko Ingeniaritza Eskolan.

Amezuak, 54 urteko bilbotarrak, esperientzia luzea du Unibertsitateko kudeaketan, Eskolan bertan eta baita Euskal Herriko Unibertsitateko errektoretza taldean ere, Antolakuntza Akademiko errektoreorde izan baitzen. Bere talde berrian, berarekin hainbat urte lanean daramatzaten kideen beterania eta zuzendaritza taldeko gainerako kideen indar berria uztartzen dira. Zuzendaritza taldea osatuko dutenak hauek izango dira: María Asunción Illarramendi, Ikasle zuzendariordea; Inés Pellón, Kalitate zuzendariordea; José Ignacio Uriarte, Itsas irakaskuntza zuzendariordea; Jokin Gorozika eta Mikel Alberdi, Azpiegitura eta Ekipamendu zuzendariordeak; Itziar Aranguiz, Enpresa Harreman zuzendariordea; Federico Pérez, Ikasketa Plan zuzendariordea; María Victoria Higuero, Informazio eta Komunikazio zuzendariordea; Charles Pinto, Nazioarteko Harreman zuzendariordea; Itziar Martija eta Susana Uriarte, Gradu eta Graduosteko Antolakuntza Akademiko zuzendariordeak, hurrenez hurren; Gilen Bernaola, Irakaskuntza Plangintza zuzendariordea; Carolina Rebollar, idazkaritza akademikoa; eta María Begoña Gutiérrez, Administrazio burua.

2020 Plan Estrategikoa: Nazioartekotzea eta enpresa ingurunearekin Harremana

Azken urteetan titulazioak Goi Hezkuntzako Espazio Europarrera egokitzeko eta graduen akreditazioa berriztatzeko egin behar izan den lanaren ondoren, zuzendaritza talde berria, 2020ra arteko Plan Estrategikoa gauzatzeko prozesuan murgilduko da. Plan horretan lehentasuna izango duten alderdietako bi Nazioarteko Harremanak eta enpresa ingurunearekin izan beharreko harremana izango dira.

Bilboko Ingeniaritza Eskolaren helburuen artean dago titulatuen %20k nolabaiteko nazioarteko esperientzia egiaztatua izatea. Horrez gain, Eskolak Italiarekin, Alemaniarekin eta Europa Iparraldeko herrialdeekin dagoen titulazio bikoitz kopurua zabaltzea ere planteatzen du, Asiako unibertsitateekin akordioak sinatzeko aukerak aztertzeaz eta lehentasunezko jomuga gisa Bilboko Ingeniaritza Eskola aukeratuko duten atzerriko ikasle kopurua handitzeaz gain.

Enpresa ingurunearekin duen harreman estua da Eskolaren beste ezaugarrietako bat, betidanik ikasleei enpresarekin harreman estua izateko aukera eman dieten enpresa ikasgelak, lankidetza jardunbideak edo mintegiak bezalako ekimenak finkatuz.