euskaraespañol

Eguneko irudia

CaixaBank eta Microsoften WONNOW sarien irabazleetako bat

Nora Carreira: «Unibertsitate ikasketetan estereotipoak desagertuz joatea espero dut»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2021/01/04

Nora Carreira Egurza
Nora Carreira Egurza. Argazkia: UPV/EHU.

WONNOW sariek unibertsitate gradu teknikoetako emakumezko ikasle onenei egiten diete aitortza. Hirugarren edizioan Estatu osoko 61 unibertsitatetako 348 ikaslek parte hartu dute.

Nora Carreira Egurza Ingeniaritza Mekanikoko Gradua bukatu berria da, bere promozioko espediente onena lortuta, Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan.  Baina ez da hori eskuratu duen aitortza bakarra.  Nora Carreira WONNOW sarien irabazleetako bat da. Sari horien bidez, CaixaBankek eta Microsoft Ibéricak aitortza egiten diete unibertsitate gradu teknikoetako emakumezko ikasle onenei. Sari horien helburua da nesken artean, haur zein nerabe, bokazio zientifiko eta teknologikoak sustatzen laguntzea. Aurten hirugarren edizioa izan da, eta Estatu osoko 61 unibertsitatetako 348 ikaslek parte hartu dute, zientzietako, teknologiako, ingeniaritzako eta matematiketako graduetako azken ikasturteko ikasleak guztiak ere.

Zer sentitu zenuen Wonnow saria jaso zenuenean?

Edizio honetako irabazleetako bat nintzela jakinarazi zidatenean, ezusteko handia eman zidaten. Hautespen prozesua hasi nuenetik, beti nolabaiteko itxaropena izan nuen, baina, egia esan, hortik egia bihurtzera jauzi handia zegoen. Ilusio handiz hartu nuen.

Zer deritzozu sariari?

Nire ikuspegitik, bi enpresa handik, CaixaBankek eta Microsoftek, sari hau ematea urte askoan egindako ahaleginaren aitortza izan da. Zientzia eta teknologiako karrerak egin ditugun neskei ikusgaitasun handia ematen digula sentitzen dut, eta espero dut mota honetako ekimenak pixkanaka mundu honetan emakumeen presentzia handitzeko lagungarri izatea.

Ingeniaritza Mekanikoko Gradua bukatu berri duzu, zure promozioko espediente onenarekin. Nola gogoratzen duzu Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan izandako esperientzia?

Lehenik eta behin, Eskolaren antolaketa ona eskertzekoa dela azpimarratu behar dut. Urte hauetan ordu asko eman ditut ikasten, diziplina handiz, nire bizitza ahalik eta ondoen antolatzeko eta, hala, arlo akademikoaren eta pertsonalaren arteko oreka aurkitzeko. Horregatik, nire promozioko espediente onena duen ikasle gisa aitortua izatea ezusteko handia izan da, eta poz handia eman dit.

«Ingeniaritza bat zer zen ondo jakin ez arren, hautu ona egin nuela sentitzen dut»

Zergatik aukeratu zenuen Ingeniaritza Mekanikoko Gradua?

Beti izan dut kontzeptu zientifikoak ezagutzeko eta edozein mekanismoren atzean dagoen arrazoibidea ulertzeko interes handia. Institutuko urteetan, beste ikasgai batzuen artean, matematikak, fisika eta marrazketa teknikoa jolas moduko bat ziren niretzat. Karrera bat aukeratzeko orduan, nire zaletasunetan oinarritu nintzen eta, ingeniaritza bat zer zen ondo jakin ez arren, orain esan dezaket zalantzarik gabe hautu ona egin nuela sentitzen dudala.

Oraindik ere zientzien esparruan emakume gutxi daude. Zure ustez, zein izan daiteke egoera horren arrazoia?

Nire ustez, beste gauza askorekin gertatzen den bezala, karrerak eta irteera profesionalak ere sozialki generoaren arabera markatuta daude. Pixkanaka estereotipo horiek desagertuz joatea eta, hala, edozein motatako ikasketetan neskak eta mutilak izatea espero dut.

Neska gazteen artean bokazio teknologikoak eta zientifikoak sustatu behar dira…

Bai, neska gazteak hala alderdi zientifikoetan nola teknologikoetan trebatzea oso interesgarria dela iruditzen zait. Nire ustez, ikuspegi hurbil batetik eman behar zaie ezagutza horiek eskuratzeko aukera, beren kabuz egin ditzaten karrera zientifikoen aldeko hautuak, aurretik esan dudan bezala, estereotipoak alde batera utzita.

Gradu Amaierako Lana Oronan egin zenuen eta, Wonnow beka lortu ondoren, Bartzelonara joan zara, 6 hilabetez CaixaBanken filiala den Agrobanken lan egitera. Nolakoa izaten ari da esperientzia hori? Pandemiaren gaur egungo egoera kontuan hartuta…

Oso esperientzia aberasgarria izaten ari da. Gaur egungo egoeraren ondorioz, telematikoki lan egiten ari gara eta, horren ondorioz, dena konplexuagoa da. Hala ere, ezagutza asko eta askotarikoak neureganatzen ari naiz. Gainera, esperientzia honek Wonnowko gainerako neskak ezagutzeko aukera eman dit. Halako adimen handiko neskekin topo egin ahal izatea oso berezia da, batez ere, oso neska gutxi dituen karrera bat egin ondoren.

Beka amaitzen denerako planik baduzu?

Bai, baina gaur egungo egoeraren eraginez plan argi bat edukitzea korapilatsua da… Nire asmoa atzerrian master bat egitea da; Alemanian, ahal dela. Energia berriztagarrien sektorean espezializatu nahi nuke; izan ere, adar hori asko interesatzeaz gain, pixkanaka jasangarritasunerako joera berriek ingeniaritza eta gizartea bera markatuko dituztela uste dut.