euskaraespañol

María Dosil-Santamaría, Iratxe Redondo Rodríguez, Joana Jaureguizar Alboniga-Mayor, Juan Manuel Machimbarrena, Naiara Ozamiz Etxebarria eta Priscila Comino González

Nola prebenitu bikote indarkeria ikastetxeetatik

UPV/EHUko ikertzaileak

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2023/03/14

Irudia

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Nerabeen arteko harreman erromantikoetan indarkeriazko jokabideak lehentasunezko analisirako eta esku-hartzerako eremu bihurtu dira, baita osasun publikoko arazo ere, inplikazio sozial, fisiko eta psikologiko garrantzitsuak dituena.

Kategoria horretan sartzen da ziberindarkeria; izan ere, azken hamarkadotan, nerabeen eta gazteen arteko harremanetan indarkeria oso modu sotilean joan da aldatuz, eta askotan zaila da halako indarkeria antzematen.

Bikotekideen edo bikotekide ohien arteko ziberindarkeriatzat jotzen dugu baliabide teknologikoen medioz jazotzen dena, nola zuzenean (bikotekide ohiaren argazki konprometituak igoz, sare sozialen bidez mehatxuak eginez, etab.), hala modu sotilagoan, kontrolaren bidez (bikotekideari bere gakoak eskatzea sare sozialetako kontuetara sartzeko, edo haserretzea, linean dagoela ikusi baina berehala erantzuten ez diolako).

Ziberindarkeriak, beste indarkeria mota batzuek bezala, ondorio larriak ditu: autoestimu txikia, antsietatea eta depresioa. Nerabezaroan gertatzen bada, garapen psikikoari eta kognitibo orokorrari eragiten die, baita etorkizunean gizarte-harremanak finkatzeko aukerari eta horien garapen afektibo-sozial egokiari ere.

Horregatik, Osasunaren Mundu Erakundeak azpimarratu du nerabezaroaurreko indarkeria prebenitzeko lanean hasi eta prebentzio programak garatu behar direla hezkuntza alorrean. Programa horiek ziberespazioan gertatu ohi diren indarkeria mota guztiak kontuan hartu behar dituzte, harreman erromantiko osasungarriei buruzko edukiak eta esku hartzeko estrategiak barne hartzeaz gain, osasungarriak ez diren harreman erromantikoak saihestu eta amaitzeko.

Erasotzeko modu berriak

Teknologia berriak haztegi ezin hobea bihurtu dira eraso modu berrien agerpenerako. Bestalde, kultura aldaketek gizabanakoen balio sistemetan, idealetan eta errealitatea ulertzeko eta esperimentatzeko moduetan ere eragin dituzte aldaketak.

Ildo horretan, egiaztatu da indarkeria tasak, indarkeria modu guztian barne hartuta, gora egiten ari direla eta nerabeek indarkeria normalizatzera jotzen dutela (eta ez soilik kalteberatasun handienekoen edo nahasmendu psikologikoak dituztenen artean), eta testuinguru guztietan jasotzen dela hori, gainera, baita bikotearen testuinguruan ere.

Agertoki berri hori erronka garrantzitsua da psikologiaren eta hezkuntzaren esparruan ikertzeko eta esku hartzeko, zaila baita diziplina horiek orain arte euskarri gisa izan dituzten paradigmei jarraikiz erantzutea halako gaiei.

Nerabezaroan eta gaztaroan bikotekideen arteko ziberindarkerian prebentzioz esku hartu behar da, eta agerikoa dirudi, halaber, prebentzio hori helduaroa baino lehen iritsi behar dela.

Programa eraginkor bat

Fenomeno hori gero eta goizago agertzen ari denez eta nerabeen artean ondorio larriak dituenez, Euskal Herriko Unibertsitateko PSIDES ikertaldeak –psikologoz eta gizarte-hezitzailez osatuta dagoenak–, bikoteen arteko ziberindarkeria prebenitzeko programen berrikuspen sistematikoa gauzatu zuen.

Kontuan hartuta arazo horri aurre egiteko eraginkortasunari dagokionez ebidentziak eskaintzen zituzten programa gutxi zeudela, ikertaldeak bikote harremanetan ziberindarkeria prebenitzeko programa bat sortzea erabaki zuen, 12-15 urteko nerabeentzat bereziki.

Programa hori modu pilotuan ezarri da Euskal Autonomia Erkidegoko hiru ikastetxetan eta Mexikoko ikastetxe batean. Gure programaren aurretiazko emaitzek –oraindik argitaratu ez direnek– adierazten dute programa lagungarria dela parte hartzen duten ikasleentzat bikotearen ziberindarkeriaz gehiago jabetzeko, Interneteko arriskuak hobeto identifikatzeko, maitasun erromantikoaren mitoen aurrean kritikoagoak izateko eta jarrera sexista gutxiago izateko, besteak beste.

Hauek dira prebentzioa garatzeko gakoetako batzuk:

  1. Autokontzeptu eta autoestimu osasungarria eratzen laguntzea, autoezagutza eta autobalorazio positiboa funtsezkoak baitira geure burua babesten ikasteko.
  2. Emozioak erregulatzen ikastea, batez ere haserrea. Haserrea sortzen diguten egoerak identifikatzeko gai izatea, haserrearen osagai emozional, jokabideko eta kognitiboei buruz hausnartzea, eta alternatiba egokitzaileagoak planteatzea.
  3. Genero estereotipoei buruz hausnartzea, gizartean maiztasun handienez jazotzen eta gure eguneroko jardueretan agerikotasun handienez azaleratzen diren estereotipoak identifikatuz eta bikotekideen arteko indarkeriarekin beharbada duten harremanari buruz hausnartuz.
  4. Maitasun erromantikoari buruzko mitoak ezagutzea, antzematen ikastea eta ikuspegi kritiko batetik aztertzea.
  5. Interneten eta sare sozialetan jokabide arriskutsutzat jotzen direnak aztertzea.
  6. Bikote harremanetan dauden indarkeria motak, inplikatutako pertsonak (erasotzailea, biktima eta lekukoak) eta horien ondorioak antzematea. Ziberindarkeriari arreta berezia ipini behar zaio, gazteen artean normaltzeko arriskua baitago.

Hezkuntza estrategiak eta konpromisoak

Adingabeek hezkuntza integrala jasotzeko eskubidea dutenez, adingabeekin esku hartzen duten profesionalek, ezagutza akademikoak ez ezik, bizitzaren alderdi guztietan erabat garatzen lagunduko dien hezkuntza ere eman behar diete.

Espainiako egungo hezkuntza-legeak adierazten duen bezala, hezkuntza sistemak, besteak beste, osasunerako hezkuntza, hezkuntza emozionala eta balioetan oinarritutako hezkuntza landu behar ditu, eta balio horien artean dago, hain justu ere, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna, demokraziaren funts gisa.

Hau da, hezkuntza sistemak berdintasunean oinarritutako eta berdintasunerako hezkuntza bermatu beharko luke, eta arreta berezia jarri beharko luke bere garaiko eta inguruko arazoetan, pertsona moldakor, parte-hartzaile eta kontzientziadunen prestakuntzarako lagungarria izan dadin.

The Conversation