euskaraespañol

Eguneko irudia

Nola piztu bokazio zientifikoak haurrengan?

Leioako Txomin Aresti eskolako 7 urteko bederatzi ikaslek UPV/EHUko Ikerketako Zerbitzu Nagusiek (SGIker) antolatutako lau lantegietan parte hartu zuten

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2021/10/21

Leioako Txomin Aresti eskolako ikasleak Martina Casianoko eraikineko laborategian. Argazkia: Jorge Navarro. UPV/EHU.

Haurren jakin-mina amaigabea dela esaten da. Jaiotzen direnetik, inguruko guztiarekiko interesa sentitzen hasten dira. Esploratzaile kuxkuxero txiki horiek beti jakin nahi dute gehiago eta gehiago; labur esanda, haur guztiak zientzialari baten gaitasun askorekin jaiotzen direla esan daiteke.

Leioako Txomin Aresti eskolako 7 urteko bederatzi ikaslek, Janire Álvaro eta Raquel Sevillano tutoreekin batera, UPV/EHUko Ikerketako Zerbitzu Nagusiek (SGIker) antolatutako lau lantegietan parte hartu zuten asteartean. Tailerrok Eskola Sgiker Programaren STEAMen (Science, Technology, Engineering, Arts and Mathematics) jardueren barruan kokatzen dira, eta txikien jarduera zientifikoarekiko interesa piztera zuzenduta daude.

Bederatzi haurrak -Maria, Ander, Garazi, Karla, Haizea, Irati, Alaitz, Eder eta Alain- Martina Casiano eraikinera hurbildu ziren eta laborategian glizerinarekin xaboia egin zuten, materiaren tenperaturaren araberako egoera aldaketez eta kolorearen osaeraz ikasi zutelarik.

Laborategiaren eta bertako tresneriaren handitasunarekin txunditurik, Olentzerori “jostailuzko laborategi” bat eskatuko ziola aurreratu zuen Haizeak. Berak eta bere taldekideek arrain eta karramarro formako jaboiak egin zituzten, horiak, urdinak eta bioleta kolorekoak. “Etxean ditudan bi komunetan jarriko ditut eskuak garbitzeko”, azaldu zuen Haizeak.

Xaboiak behin betiko forma hartu bitartean, alboko laborategira joan ziren 9 ikasleak mikroskopioaren bidez egunerokoan erabiltzen ditugun substantziak ikustera, azukrea kasu.  Azukre ale txikiek mikroskopiaren azpian izotz-bloke handiak ziruditen; aho zabalik gelditu ziren 9 haurrak, eta Anderrek mikroskopioarekin “ilargia behatu” nahi zuela esan zuen.

Teleskopiorik ez dago Martina Casiano eraikinean oraindik, baina modu dibertigarri eta praktikoak kromatografiaren kontzeptua azaltzeko laborategiak bai. Substantzia kimikoen nahasketa bereizteko modu bat da kromatografia, eta zientziaren adar guztietan aplikatzen da. Txomin Aresti eskolako ikasle gazteek kontzeptua ulertzeko praktika koloretsu bat egin zuten: Kamiseta batean errotulagailuaren tinta alkoholarekin lekualdatu zuten. Hala, haurrek eraman zituzten kamiseta zuriak koloreekin pertsonalizatzeko aukera izan zuten.

Mariak eta Garazik unibertsitatera etorri ezin izan ziren ikaskideei kamiseta eta jaboiak erakusteko “irrikan” zeudela esan zuten.

Zientzialari onak

Jarraian, animaliak laborategietan nola bizi diren eta gaixotasunak ikertzeko horiek erabiltzearen onurak ezagutu zituzten haurrek. Ipuin polit baten bidez, animaliak ikerketarako erabiltzeak duen garrantzia azaldu zitzaien.

Bost orduko bisita horrek agian ez zuen piztuko bokazio zientifikoak haurrengan, baina Maria, Ander, Garazi, Karla, Haizea, Irati, Alaitz, Eder eta Alainek jakin-mina, interesa, motibazioa eta esplorazio- eta esperimentazio-trebetasunak erakutsi zituzten. Zientzialari on baten gaitasunak, zalantzarik gabe.